BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria

Elene Barandiaran Amillano: «Komunitatea dena da: gure proiektuaren izaera, lurra, sustraia»

Bizialdi profesionala BERRIAn egin du Barandiaranek: etxe izan du, aterpe, hazteko toki, helburu. Jardunbideak hobetzeko ahaleginean aritu da beti, eta ordezkaritza postu nagusia hartu du orain: BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria da.

JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2025eko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Etxekoak dira». Maiatzaren 31n, BERRIA Taldearen akziodunen batzarrean, administrazio kontseiluko ordezkari nagusien izendapen berriak jakinarazi zirenean, ezaugarri hori nabarmendu zuten. Beatriz Zabalondoren tokian, lehendakaritza Jose Luis Aizpuruk hartu du; kontseilari ordezkaria, Iban Arregiren ordez, Elene Barandiaran Amillano da. Irunen sortua da Barandiaran (Gipuzkoa), 1974an. Jatorrizko etxean hasi zuen bidea, sorburuan: Euskaldunon Egunkaria-n. Zuztar sendo eta sakonak zituen etxe hark;  2003ko otsailean bortxaz itxi zuen Guardia Zibilak, baina haren zimenduak erauztea ez zuen inork lortu: hain justu ere, haiexetan eraiki zuten, hilabete gutxiren buruan, BERRIA. Ekainaren 21ean atera zen plazara hedabide berria, orain 22 urte. Hantxe ardura postuak izan ditu Barandiaranek: «lider» jardun du etxe barruko hainbat aldaketa prozesutan. «Balioak dituen etxe bat». Aterpe hoberik ezin du irudikatu: «Dena ikasi dut hemen, profesionalki aukera ezin hobea izan dut, eta pertsonalki ere nire bizitzako ziklorik garrantzitsuenak hemen eman ditut».

 

Datozen urteetarako erronka hasi duzue ziklo aldaketa honekin. Zer-nola irudikatzen duzue etxe hau datozen hamar-hamabost urteotan?

Ez naiz ausartzen horrelako aurreikuspenetan sartzen. Munduan ezegonkortasun betean bizi gara, eta komunikazio esparruan, zer esanik ez... Aurreikuspenak egiten ditugu plan estrategikoen bidez; orain hirugarren plana garatzen ari gara, lau urte barrurako. Hor, BERRIAk jarraitu beharko du apustua egiten kazetaritza esanguratsu eta erreferentziazkoaren alde. Hamabost urte barru hemen egongo gara, baldin eta irakurleak badaude, baldin eta euskal komunitatea badugu, eta baldin eta gazteek behar bagaituzte... Horretara egokitu behar dugu, hori da bidea.

«Hamabost urte barru hemen egongo gara, baldin eta irakurleak badaude, eta baldin eta gazteek behar bagaituzte... Horretara egokitu behar dugu»

Negozio eredura begira, zein dira ahuldadeak gaur egun? Zein sendotasunak?

Paperetik gatoz, digitalera goaz, eta hor, gure negozioaren ikuspegitik, diru sarrera tradizionalak, egunkari salmenta, publizitatea eta abar digitalera pasatu behar ditugu. Horrek esan nahi du BERRIAlagunen komunitatea handitu behar dugula, publizitate digitalaren bidez diru sarrerak handitu behar ditugula eta komunitate hori engaiatu eta handitu behar dugula. Negozio ikuspegitik, diru irteerak orekatzen ere asmatu behar dugu. Ari gara. Baina, negozio ereduaren aldetik, inbertsioak eta laguntzak ere behar ditugu. Sendotasuna? Gure proiektua sendoa da. Atzean talde sendoa du, kazetaritza sendoa egiten dugu, eta euskaldunon tokia da BERRIA gaur egun: hori da gure sendotasuna.

Kazetaritza da etxearen jardunaren bihotza. Arlo horretan erreferentzialtasuna sendotuz joatea da helburuetarako bat. Zein dira horretarako gakoak?

Erreferentziazko euskarazko kazetaritza. Zer da hori? Gaur egun ditugun egoera konplikatu, arazo eta kezkei erantzutea gaiekin, ikuspuntuekin, testuinguruekin eta datuekin. Ahaztu gabe kontsumo bideak areagotu egin direla, paperetik digitalera. Podcastak eta ikus-entzunezkoak indartu behar ditugu: asmatu egin behar dugu horretan.

«Kontsumo bideak areagotu egin dira, paperetik digitalera. Podcastak eta ikus-entzunezkoak indartu behar ditugu: asmatu egin behar dugu horretan»

Zein dira komunitatea indartzeko bideak?

Komunitatea dena da: gure proiektuaren izaera, lurra, sustraia. Proiektu herritarra gara, milaka herritarrek egindako ekarpenari esker sortu genuen BERRIA, eta gaur egun komunitate sendo batek sostengatzen gaitu. Hori elikatzea, horri entzutea da helburua, horretarako edukiak eginez, zerbitzuak emanez. BERRIA Ikasgela, adibidez: oso-oso ontzat jotzen da zerbitzu hori. Edukien bidez ere ari gara: Badok, Mendia kanala... Eta esperientzien bidea ere sortu dugu: BERRIAlagunak gerturatzeko gure edukietara. Ahaztu gabe BERRIA euskalgintzaren eta euskal sortzaileen plaza bat ere badela; komunitatearen erroa hor dago, eta hori zaindu behar da, elkarlanaren bidez, harremanen bidez.

Digitalizaziorako urrats erabakigarriak egin dira urteotan. Zein dira asmoak? Zein esperantzak?

2023an edizio sistema berritu genuen, digitalagoa izateko, baita funtzionamendua ere. Horrek ekarri zuen weba berritzea. Hor apustu digital sendo bat egin zen; nabigazio argiagoa, eta azal orokorra eta espezifikoak, eduki berezituentzat. Esperantza da irakurleentzat erabilgarria eta interesgarria izatea, eta ugaritzea horretara bideratutako produkzio guztia: bide horretan asmatzea.

Hemendik aurrerako bideak zedarritzeko, irakurleei galdera egin diezue. Zer ikasi duzue haien erantzunetatik?

Irakurle komunitate plurala dugu, badakigu. Exijentea ere bai; BERRIA babesten dute, maite dute; baina exijentzia bat dago. Erreferentziazko kazetaritza independentea eta kalitatezkoa: hori da irakurleen eskaera, eta hori izan behar dugu buruan. Gure azken eginkizunei buruz ere galdetu diegu irakurleei, betetzen ari ote garen, trantsizio horretan asmatzen ari ote garen: balorazio ona da, baina exijentea ere bai. Baloratzen dute ahalegina; ontzat jo dute, adibidez, euskararen gaiari eman zaion tokia, feminismoari, tokiko informazioari... Nik uste dut bat egiten dutela gu egiten ari garen prozesuarekin. Gero eta gehiago galdetzen diegu, gero eta gertuago egon nahi dugulako.

«Erreferentziazko kazetaritza independentea eta kalitatezkoa: hori da irakurleen eskaera, eta hori izan behar dugu buruan»

Langileei ere galdera egin diezue. Zer ondorio atera dituzue haien hitzak entzunda?

Uste dut azken urteotan ahalegina egin dugula taldea zaintzeko, lan baldintzak txukuntzeko, lanaldiak eta kargak... Taldeak hori eskertzen du, baina egia da; BERRIA Taldean, talde moduan, erronka bat daukagu soldatekin. Eskaera hori ere hor dago, hori ere jaso dugu. Eta jaso dugu, baita ere, proiektu gisa transmisioa lantzea; inertziaz aurrera goaz, baina inertzia baino zerbait gehiago dago hemen atzean, eta hori zaindu egin behar da.

Instituzioekin lankidetzarako bideak ehundu dira urteotan. Jaurlaritzarekin, esaterako, akordio bidezko lankidetza hitzartuta dago gaur egun, eta horrek egitasmoa egonkortzen lagundu du. Zer asmo dituzue bide horretan hazten jarraitzeko?

Iban Arregiri entzun diogu azken asteotan: «Ardura partekatua». Bada, nik eskatuko nuke ardura partekatua, lidergoa, elkarlana, eta balioa ematea BERRIAri, eta oro har, euskarazko komunikabideek osatzen duten komunikazio mapa horri. Eskatuko nituzke egonkortzen jarraitzeko behar diren ahaleginak, inbertsioak eta baliabideak.

Egin da bide bat.

Bide bat egin da, hala esango nuke. Guk beti dugu bidea egiteko, beti txikitik ari garelako; hizkuntza minorizatu batean bizi gara, ezegonkortasun egoera batean, eta dena egiteko dugu, baina hor bide bat topatu dugu: bide horretan aurrera egin behar dugu.

«Hizkuntza minorizatu batean bizi gara, ezegonkortasun egoera batean, eta dena dugu egiteko, baina hor bide bat topatu dugu: bide horretan aurrera egin behar dugu»

Euskalgintzan eta instituzioetan gero eta maizago esaten da euskararen biziberritzean jauzi bat egin behar dela. Gogorarazi behar da hor BERRIAk duen berebiziko garrantzia, ezta?

Garrantzitsua da. Euskararen normalizaziorako eta euskal herritarren kohesiorako elementu estrategikoa da: euskaraz egiten dugu lan egunero. Euskara taldekoek oso ondo esan duten eran, euskaraz egunero sortzen dugu mundu bat, pertsonaia batzuekin, eta testuinguru eta kontakizun berriak euskaraz egiten ditugu egunero. Hori euskarari ematen diogu, eta euskarak ere BERRIAri ematen dio. Hori ikusi egin behar da, eta zaindu egin behar da.

Beste ardatzetako jardunbide feminista izan da urteotan. Zer asmo dituzue bide horretan sakontzen jarraitzeko?

Hor bi lerro dauzkagu. Bat kazetaritza feminista da, eta bestea, lan ingurune osasuntsu eta feminista. Horren atzean dago gogoeta, formazioa, praktika, eta nik esango nuke guretzat lehentasuna dela denok parte hartzea horretan: praktikan, formazioan eta gogoetan. Hori da lehentasuna.

Ikusi gehiago

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.