Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkari ohiaren finantzak aztertu ditu. Txostenean bi ondorio nagusi jaso dituzte: batetik, ikertzaileek susmatzen dute Cerdanek eta «haren senide batzuek» 323.178 euroko irabaziak izan zituztela 2015etik 2024ra bitartean; eta, bestetik, 18.261 euroko diru sarrerak atzeman dizkiote Cerdani, eta ez dakite nondik jaso zituen.
Europa Press agentziak izan du txostenaren berri. Bertan, PSNko buruzagi ohiak eta haren sendiak urtetik urtera izandako irabaziak aztertu dituzte. Mozkin horiek «goia jo zuten 2019tik 2023ra» arteko epean.
Gainera, epe horretan, eskura zuen dirua eta txarteleko gastuak murriztu egin ziren. Alta, aldi berean, PSOEri zein Espainiako Kongresuari deklaratutako gastuen kopurua «handiagoa» da. UCOk ondorioztatu du horiek zeharkako zantzuak direla, eta litekeena dela deklaratu gabeko dirua erabili izana adieraztea.Â
Hain zuzen ere, 2019tik 2021era izan zen Garraio eta Sustapen ministro Jose Luis Abalos. Ikerketapean diren herri lanen adjudikazio nagusiak haren agintepean izan ziren, eta, hipotesi horren arabera, irabazi horiek bateragarriak lirateke ustezko delitua egin zeneko garaiarekin.
Ildo beretik, txostenean dio «ustezko jatorri ezezaguneko diru sarrerak» detektatu dituztela: 18.261 euro, 2014tik 2017ra artekoak. Garai hartan Cerdan Nafarroan zegoen: PSNko Antolamendu idazkari zen, bai eta parlamentari ere.
Era berean, atzeman dutenez, 2021 amaieran Servinabar enpresa saiatu zen Madrilen etxebizitza bat erosten Cerdanek erabiltzeko. Guardia Zibilaren arabera, milioi bat euroko prezioa zuen etxebizitzak. «Operazioa zapuztu egin zen saltzaileak atzera egin zuelako».Â
Auzi horren erdian dago Servinabar, Antxon Alonsoren enpresa. Ikertutako esleipenetan Accionarekin batera osatzen zuen enpresa elkartea, eta, Guardia Zibilaren arabera, adjudikazioen truke legez kanpoko komisioak kobratzeko zubia litzateke. Auzia hasi zenetik, helburuetako bat zera izan da, Cerdanen eta Servinabarren arteko finantza erlazioak aztertzea.
Hala, orain atera den txostenak Antxon Alonsori lotutako beste enpresa bat ikertu du: Lorgen Genetica Proteomica. 2023tik 2024ra bitartean enpresa horrek 1.300 euro ordaindu zizkion hilero Cerdanen emazte Francisca Muñozi. Ordainketa horiez galdetuta, Lorgenek azaldu du administrari laguntzaile lanei lotutako ordainketak egin zizkiotela Muñozi, baina aitortu dute ez zela bertaratu inoiz. Euren kolaboratzaile batek, Roberto Aguedak, eskatu zien Muñoz kontratatzeko, hark zuzenean ezin zuela kontratatu argudiatuta.Â
Guardia Zibilaren arabera, ezin izan dute Cerdanen ondasuna osorik ikertu. Epaileari galdegin diote baimena eman diezaiela Cerdanen lau senidek bost finantza erakundetan dituzten finantza produktuak aztertzeko. Argudiatu dutenez, badaude zantzuak pentsatzeko finantza produktu horietan dagoen diruaren parte bat jatorri ezezagunekoa dela.
Ibarrolaren txioa
Orain arte zabaldu den informazio hori albiste agentziaren laburpena da. Haatik, Cristina Ibarrola UPNko presidenteak txostenean agertutako diagrama bat jarri du sare sozialetan. Bertan, Servinabarren txartel bidez Cerdani ordaindutako diruaren jatorria marrazten da, eta ikertutako adjudikazioen artean Belate aipatzen dute.
Hori dela eta, bestelako erreferentziarik izan gabe, Ibarrolak politikoki eraso egin dio Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari: «UCOk berretsi du Cerdanek ekonomikoki irabaziak izan zituela Belateko tunelaren legez kanpoko adjudikazioari esker». Gaineratu duenez, «eskandalu hori dela eta, Maria Txibitek ezin du presidente izaten jarraitu minutu bat gehiago».Â
Belateko adjudikazioaren harira, UPNk jarri zuen salaketa Guardia Zibilaren Iruñeko egoitzan, eta, hala, Cerdanen aurkako auzian, herri akusazioa dira. Horri esker, auzitegien ekinbideei buruzko informazio zuzena dute, eta Ibarrolaren txioak erakusten du Guardia Zibilaren txostena eskura dutela.
Â