EAJko Gipuzkoako zerrendaburua

Maribel Vaquero: «Guk ez ditugu 'gratis et amore' emango gure botoak»

Kongresuko EAJren eledun izango denak esan du bozetan «Euskadiren eredua» dagoela jokoan: «Presidentea nor izango den, hori ez da hemen jokatzen».

Maribel Vaquero EAJko hautagaia. BERRIA
Maribel Vaquero EAJko hautagaia. BERRIA
xabier martin
Donostia
2026ko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekitaldi politikoen eta hedabideetako eztabaiden zurrunbiloan dabil buru-belarri Maribel Vaquero (Urnieta, Gipuzkoa 1970). Blokeetatik ihes eginda, «Euskadiren defentsaren aldeko jarrera bat» lehenesten du, eta EAJren lorpenak azpimarratu ditu.

Kanpaina azken txanpan sartu da. Zer usain hartzen diozu igande gauari, ikusten eta entzuten ari zarena aintzat hartuta?

Jendea geroz eta indartsuago ikusten dut nire inguruan, baina kezka puntu batekin datorrenari begira. Inkesten arabera, badirudi PPren eta Voxen gobernu bat etorriko dela. Baina gure jendea animatua dago, eta sendo.

Inkestak ez dituzue alde, eta, haien arabera, baliteke Kongresuan talde parlamentarioa osatu ezinik geratzea. Zer-nolako kezka sortzen dizue horrek?

Guk talde parlamentario propioa izan behar dugu, eta hori dugu helburu. Sinetsita nago lortuko dugula. Behar-beharrezkoa baita Espainiako Kongresuan EAJk talde indartsu bat edukitzea Euskadi eta gure autogobernua defendatzeko. Hamarkada askoan, Agirretik hasita, Arzalluz eta beste asko horretan aritu dira, autogobernua defendatzen, eta hori EAJk egin du. Talde txikia izan gara beti Madrilen, baina talde indartsua, errespetatua, eta gai izan gara batzuekin eta besteekin harremanak eduki eta itunak egiteko. Euskadiren ikuspuntu batetik, oinarrizkoa da EAJk talde sendo bat edukitzea Madrilen. Nork defendatuko du guk baino hobeto gure industria, gure nortasuna, euskara eta gure interesekoak diren kontu horiek guztiak?

Litekeena da Gipuzkoako bigarren diputatua galtzea, galdeketa askoren arabera. Lanketa berezia egiten ari zarete Gipuzkoan?

Gipuzkoarrentzako, baina Euskadirentzako, oro har, garrantzitsua da EAJk bigarren diputatu hori lortzea. Euskara, Kontzertu Ekonomikoa... oso gauza garrantzitsuez ari gara. Guk ibilbide bat badugu horren defentsan, eta gipuzkoarrei gugan konfiantza izateko eskatuko nieke, guk baino hobeto ez baitu inork defendatuko gurea dena.

«Galdera da nork defendatuko duen Euskadi; bloke baten barruan, non geratzen da gure nortasuna?»

Ezkerreko blokeak dio eredu aldaketa bat dagoela jokoan, baina zuek erreferendum kutsua duen hautu horretatik at kokatu zarete. Garesti ordaindu behar ote duzue blokeen egiturari uko egitea?

Guk kontra egiten diogu faxismoari, baina gure ibilbidearen hasieratik egin diogu kontra. Hori jakina da: inboluzioaren aurka gaude, gure autogobernuaren alde eta giza eskubideen alde. Hori guztia politikaren aurrekoa da guretzat, oinarrizkoa. Baina horren ostean, hilaren 30etik aurrera, nork defendatuko du euskal boto emaileei inporta zaiena? Hori da galdera guretzat: nork defendatuko duen Euskadi. Bloke horietan, soilik bloke logika batekin hitz egiten bada, non geratzen da Euskadiren nortasuna? Gure interes propioak dauzkagu guk. Euskaldunok behar duguna ondo defendatu behar da Madrilen, blokeetatik harago. Bloke batek edo besteak gobernatuko du, baina bata zein bestea izan, guk geurea defendatuko dugu: Euskadi. Eta inboluzio demokratikorik balego, aurrean izango gintuzkete. 

Zer eskatuko zeniokete Sanchezi berriro zuen botoak nahiko balitu gobernua eratzeko?

Euskal autogobernuaren inguruko eskaera litzateke: Gernikako Estatutua osatzea eta estatus propio baten bidean aritzea, nazio aitortzatik hasita. Guk ez ditugu gratis et amore emango gure botoak; gu Madrilera goaz Euskadiren alde borrokatzera. Horretarako aukera badugu, exijitu egingo dugu.

Eskuin muturreko gobernu bat ala Sanchezen gobernu bat hautatu behar bada, negozia daiteke?

Tamalez, aspaldi honetan polarizaziora goaz. Gure alderdia beti saiatu da itunak lortzen. Demokratikoa ez den norbaitekin ez dugu akordiorik egingo, noski, baina Euskadik aurrera egin du, besteak beste, Madrilen beti aritu garelako adostasunak lortzen. Horrela lortu dugu Mendekotasunaren Legearen erreforma, eta haren erdia Kontzertu Ekonomikoaren bidez finantzatzea. 250 milioi euro dira, argi. Hori da gure ekarpena Madrilen, ez bakarrik faxismoaren aurka egitea; hori egintzat jotzen da.

«Gu Madrilera goaz Euskadiren alde borrokatzera; horretarako aukera badugu, exijitu egingo dugu»

Estatus berria aipatu duzu. PPren eta Voxen gobernu bat eratzeak seko geldituko luke prozesua Euskal Herrian?

Espainiaren berreraikuntza nazionalerako agiri hori tartean dela, pentsa zer egoera izango litzatekeen. Hemen, prozesu horretan gabiltzanok egoera hori guztia kontuan hartu beharko genuke, baina argi dago adostasun baten bila jarraitu behar dugula, Euskadin egin beharreko etxeko lanak egin daitezen.

Ezusteren bat espero duzue kanpaina amaitu aurretik?

Guk euskal etxearentzat proposatzen dugun aseguru poliza azaltzen jarraituko dugu. Inork untxiren bat aterako duela kapelatik? Batek daki. Guk nahi duguna da zuzen helarazi Euskadiren eredua dagoela jokoan. Bloke baten barruan egonda, ez da erraza horretaz ohartzea. Euskadin ez da erabakiko zein izango den Espainiako presidente, hori ez da hemen jokatzen. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA