INGURUMENA

GuraSOSek helegite bat aurkeztu du Zubietara industria hondakinak eramatearen aurka

Eusko Jaurlaritzak eman zuen baimena industria hondakinak Zubietara eramateko, baina elkarteak salatu duenez, GHK-k ez du halako hondakinekin jarduteko aukerarik.

GuraSOS elkarteak antolatutako giza kate bat, erraustegiaren aurka, urtarrilean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko martxoaren 29a
12:49
Entzun 00:00:0000:00:00

GuraSOS elkarteak jakinarazi du helegite bat aurkeztu duela Zubietako (Gipuzkoa) errauste plantara industria jatorriko hondakinak eramatearen aurka. Eusko Jaurlaritzak eman zuen horretarako baimena, baita hondakin horiek bertan erraustekoa ere. Elkartearen arabera, gainera, hondakin horiek Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian tratatzen ziren, eta orain Zubietara eraman nahi dituzte. Hala ere, erantsi du GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa soilik hiriko eta etxeko hondakinak kudeatzeko erakunde publiko bat dela, eta, beraz, ez duela aukerarik beste hondakin mota batzuekin jarduteko. «Zaldibar Zubietara dakarte».

Elkarteko kideen arabera, gainera, Jaurlaritzak adierazi zuen «funtsezkoa ez den aldaketa bat» dela industria hondakinen kudeaketarena, eta horregatik ez dela beharrezkoa jendaurrean jartzea eta alegazioak aurkeztea. GuraSOSek, ordea, salatu du elkartea Espainiako eta Europako legedietan oinarritzen dela, eta horietan aldaketa «funtsezkoa» jasotzen dela. Gainera, azpimarratu dute Jaurlaritzaren ebazpena ez dagoela «arrazoituta», eta «gardentasunik eza» ere baduela. «Zubietako erraustegia modernoa eta europarra balitz bezala aurkezten digute, baina Europak markatzen duenaren aurkako norabidean doaz».

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta ere dozenaka herritarrek protesta egin zuten larunbatean, Lasarte-Oriatik (Gipuzkoa) erraustegira, Errausketarik ez. Ez hiri hondakinak, ez industrialak lelopean. Bertaratu zirenek ere salatu zuten Zaldibarko kudeaketa eredua ezarri nahi dutela Zubietan, eta horrek enpresa pribatuek «ahalik eta diru gehien» irabazteko bidea ematen duela.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.