Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu du GuraSOSen babes helegitea

Auzitegiak aztertu egingo du elkarteak zilegitasuna ote duen Zubietako erraustegiaren ingurumen baimena errekurritzeko. Kasuak «garrantzi konstituzional berezia» du, epaileen iritziz.

Zubietako erraustegia, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / EFE
Zubietako erraustegia, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko maiatzaren 15a
17:35
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du GuraSOS elkarteak aurkeztu duen babes helegitea. GuraSOSek EAEko Auzitegi Nagusiaren epai batengatik jarri du errekurtsoa. Auzitegi horrek 2021eko martxoan ebatzi zuen elkarteak Zubietako erraustegiaren (Gipuzkoa) ingurumen baimen bateratuaren aurka jarri zuen helegiteari buruz. Epaiak ez zuen auziaren muina aztertu, eta uko egin zion ingurumen baimena aztertzeari, GuraSOSek haren aurka errekurtso bat aurkezteko «zilegitasun aktiborik» ez duela argudiatuta. Kontrakoa uste du elkarteak, eta horixe argitu beharko du Espainiako Konstituzionalak.

Konstituzionalak adierazi duenez, kasuak «garrantzi konstituzional berezia» du, «doktrinarik ez duen eskubide baten alderdi bati» eragiten diolako. GuraSOSek nabarmendu du auzitegiak jasotzen dituen babes helegiteen %1 besterik ez duela onartzen, eta haren errekurtsoa onartu izanak auziaren garrantzia islatzen duela. Konstituzionalera jo aurretik, GuraSOSek Espainiako Auzitegi Gorenean jarri zuen errekurtsoa, baina hark ez zuen tramiterako onartu.

Erraustegiaren ingurumen baimenaren kontra helegitea jartzeko, GuraSOSek Eusko Legebiltzarrak onartutako Ingurumen Legean hartu zuen babes. Zehazki, ingurumen justizia sustatzeko herritarrek auzietan parte hartzeko aukera jasotzen zuen atalean. Konstituzionalak, ordea, lege hori konstituzioaren aurkakotzat jo zuen 2021eko urtarrilean. GuraSOSek nabarmendu du legebiltzarraren lege horren kontrako salaketa «euskal erakundeetatik bertatik abiatu zela. Kasu horretan, Eusko Jaurlaritzatik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik». Eusko Legebiltzarrak, berriz, legea defendatu zuen Konstituzionalaren aurrean.

Ingurumen Legea ez da GuraSOSek bere helegitea oinarritzeko duen euskarri juridiko bakarra, eta, elkartearen esanetan, Konstituzionalak ematekoa duen epaiaren gakoa ez da izango errekurtsoa aurkezteko aukera aitortzen dion ala ez: «Gaur egun, GuraSOSek betetzen ditu horretarako legezko baldintzak». GuraSOSen ustez, epaiaren muina izango da «Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusia gaiaren mamian sartzera eta erraustegiaren baimena legez kontrakoa dela esatera behartuko duen ala ez, horrek errauskailuaren funtzionamenduan izan ditzakeen ondorioengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.