Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak jakinarazi du akordioa egin dutela Sumarrekin, gurasotasun baimena hamazazpi astera igotzeko. Espainiako Gobernuak Ministroen Kontseilua eginen du bihar, eta bertan onartuko dute baimen horiei lotutako Lege Dekretua, Sanchezek berak gaur iragarri duenez. Hego Euskal Herrian eragina izanen du.
Sumarrek zehaztu duenez, akordioak hiru neurri jasotzen ditu. Batetik, amatasun eta aitatasun baimena hamasei astetik hamazazpira luzatuko da, eta neurri hori berehala jarriko da indarrean. Bertzetik, umeek 8 urte izan arte gurasoek duten zaintzarako baimena zortzi astetik hamarrera pasatuko da —azken bi aste horiek ordainduak izanen dira—; arau hori atzerako eraginez aplikatuko da, 2024ko abuztutik hasita. Berez, Espainiako Gobernuak data horretan jarri behar zituen martxan Europatik kontziliazioari buruz ezarritako neurriak.
Guraso bakarreko familiei eraginen die hirugarren neurriak: amatasun edo aitatasun eta zaintza baimena 32 astekoa izanen da, eta horietatik lau aste umeek 8 urte izan arte erabili ahalko dira.
Sumarrek adierazi du «ezinbestekoa» dela neurriak bihar bertan onartzea. Izan ere, horiek onartzen badira, Europak kontziliazioari buruz ezarritako neurriak beteko ditu Espainiak, eta isunak saihestuko ditu horrela. Oraintxe, egunero 9.000 euroko isuna ordaindu behar du, eta abuztuaren 1etik aitzinera kopuru hori igo egingo da: 40.000 euro ingurukoa izango da isuna, egun bakoitzeko.
Hemezortzi aste
Igoera horrek eraginik izanen du Hego Euskal Herrian. Halere, bide horretan dagoeneko pausorik eman da EAE Euskal Autonomia Erkidegoan. Izan ere, joan den ekainaren hasieran Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen dekretu bat tramitatzen ari direla, gurasotasun baimena hemezortzi astekoa izan dadin 2026an. Helburua da igoera «progresiboa» izatea, eta 2028an 24 asteko baimenak ezartzea. Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak irailean aurreratutako neurrietako bat da hori.
Dekretua urte hondarrean onartuko dela adierazi zuten, eta indarrean jartzen denetik aurrera jaioko diren haurren gurasoek baliatu ahalko dituzte.
Diru laguntzak
Joan den astean, Jaurlaritzak iragarri zuen familiendako diru laguntzetan hobekuntzak eginen dituela: bertzeak bertze, seme-alaben mantenurako hileroko laguntza ekonomikoak luzatuko ditu, eta sektore publikoko gurasotasun baimenak handituko. Euskadiko Familia, Haur eta Nerabeen V. Planaren zirriborroan jaso ditu neurriok.
Eusko Jaurlaritzaren asmoa da haurrak 4 urte bete arte luzatzea seme-alabengatiko hilero ematen duen 200 euroko laguntza —gaur egun, seme-alabek 3 urte bete arte ematen du laguntza hori—, eta sektore publikoko langileen gurasotasun baimena 24 astera luzatzea. Dokumentuak ez du zehazten neurri horiek noiz sartuko diren indarrean; ordea, Melgosak ziurtatu du gobernuaren «konpromiso bat» dela, eta legealdi honetan bertan eginen duela.
Planak bertze hainbat neurri ere jasotzen ditu: bertzeak bertze, Haurreskolen eskaintza zabaltzea, guraso bakarreko familiendako dekretu espezifiko bat egitea, sexu indarkeriaren biktima diren adingabeei arreta integrala eta espezializatua emateko zerbitzu bat abian jartzea, eta Haurren eta Nerabeen Behatokia sortzea.