Gurasotasun baimenak luzatu eta seme-alabengatiko diru laguntzak handitu nahi ditu Jaurlaritzak

Euskadiko Familia, Haur eta Nerabeen V. Planaren zirriborroa aurkeztu du Nerea Melgosa sailburuak. Ez du zehaztu iragarritako aldaketak noiz sartuko diren indarrean.

Euskadiko Familia, Haur eta Nerabeen V. Plana aztertzeko bilera, gaur, Gasteizen. IREKIA
Euskadiko Familia, Haur eta Nerabeen V. Plana aztertzeko bilera, gaur, Gasteizen. IREKIA
edurne begiristain
2025eko uztailaren 23a
17:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak iragarri du hobekuntzak egingo dituela familientzako diru laguntzetan: besteak beste, seme-alaben mantenurako hileroko laguntza ekonomikoak luzatuko ditu, eta sektore publikoko gurasotasun baimenak handituko. Euskadiko Familia, Haur eta Nerabeen V. Planaren zirriborroan jaso ditu neurriok, eta gaur aztertu dute dokumentua, batzar batean.

Eusko Jaurlaritzaren asmoa da haurrak 4 urte bete arte luzatzea seme-alabengatiko hilero ematen duen 200 euroko laguntza —gaur egun, seme-alabek 3 urte bete arte ematen du laguntza hori—, eta sektore publikoko langileen gurasotasun baimena 24 astera luzatzea. Alabaina, dokumentuak ez du zehazten neurri horiek noiz sartuko diren indarrean.

Batzarraren ostean hitz egin du komunikabideekin Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak. Azaldu du plan berriak bost urteko indarraldia izango duela, baina urtero berrikusiko dutela, eta, beraz, «malguagoa» izango dela. Plan «errealista» bat izango da, «euskal familiek dituzten behar guztiak kontuan hartuko dituena», eta adingabea «eskubide osoko subjektu» gisa hartuko duena. Planak neurri horiek ezartzeko epeen egutegirik ezartzen ez duen arren, Melgosak ziurtatu du gobernuaren «konpromiso» bat dela, eta, beraz, erantsi du «egin egingo» duela, legealdi honetan bertan.

Planak beste hainbat neurri ere jasotzen ditu: hala nola Haurreskolen eskaintza zabaltzea, guraso bakarreko familientzako dekretu espezifiko bat egitea, sexu indarkeriaren biktima diren adingabeei arreta integrala eta espezializatua emateko zerbitzu bat abian jartzea, eta Haurren eta Nerabeen Behatokia sortzea.

Melgosaren nahia da plana «lehenbailehen» onartzea, baina oraindik Haur eta Nerabeen Kontseiluan eta Familia Kontseiluan parte hartzen duten eragileek ekarpenak egin behar dituzte. Gainera, Eusko Legebiltzarreko talde politikoekin adostu nahi ditu neurriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.