ANCk eta Omniumek Diadarako deitutako mobilizazioan izango da Gure Esku

Plataforma zenbait eragile subiranistarekin elkartuko da ostegunean bertan, «elkarrengandik ikasteko eta sinergiak sortzeko» helburuz. Manifestazioa 17:14an hasiko dute.

Iaz Bartzelonan egindako mobilizazioa. QUIQUE GARCIA / EFE
Iaz Bartzelonan egindako mobilizazioa. QUIQUE GARCIA / EFE
2025eko irailaren 9a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure Esku-ren ordezkaritza bat Bartzelonan izango da ostegunean, ANCk eta Omnium Culturalek Diadaren harira antolatu duten mobilizazioan. Plataformak uste du egungo testuinguruan ezinbestekoa dela herritarrak burujabetzaren alde aktibatzea, baita «burujabetza osoaren bidean aurrera egin nahi duten nazioen» arteko lankidetza sustatzea ere. Hala, bidaia baliatu nahi dute Kataluniako eragile subiranistekin dituzten harremanetan sakontzeko.

«Elkarrengandik ikastera eta, jakina, euskal herritarren babes eta elkartasuna helaraztera joango gara Kataluniara», azaldu du Gure Esku-k, ohar batean. Azaldu dutenez, ostegun goiza baliatuko dute hainbat erakunderekin bilerak egiteko eta aztertzeko zer antzekotasun eta ezberdintasun dauden Kataluniako eta Euskal Herriko egoeren artean, baita bi herrialdeetako mugimendu subiranisten artean ere. «Kontua da esperientziak partekatzea, elkarrengandik ikastea eta sinergiak sortzea», nabarmendu dute Gure Esku-ko zuzendaritzakoek.

Arratsaldean, berriz, ANCk, Omnium Culturalek, Errepublikaren Kontseiluak, Intersindikalak eta Ciemen zentroak egindako deialdiarekin bat egingo dute. Bartzelonan, Gironan eta Tortosan mobilizatuko dira horiek, Més motius que mai —Inoiz baino arrazoi gehiago, euskaraz— lelopean. Gure Esku-ko kideen kasuan, hiriburuko manifestazioan izango dira, 17:14tik aurrera. Orduak erreferentzia egiten dio borboien tropek Bartzelona hartu zuten urteari, 1714ari, hain zuzen.

Gure Esku-ren arabera, burujabetzaren beharra «gero eta nabariagoa» da nazioarteko testuinguru aldakorrean. Hala, adierazi du Euskal Herriak burujabetza tresna gehiago behar dituela egoerak berarekin dakartzan erronkei erantzuteko. Adibide gisa aipatu du Euskal Herriko instituzioek ez dutela ahotsik nazioarteko erakundeetan: «Nazioarteko agenda pil-pilean dago, euskal herritarrongan ere badu eragina horrek, baina, hala ere, ez dugu ahots propiorik esparru horretako erakundeetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.