Haur eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna da bihar. Munduan zehar haur eta nerabe askori ukatzen zaizkien eskubideak gogoratzen dira egun horretan. Hain zuzen ere, eskubide horiek defendatzeko sortu zen Gure Haurrak Ere Badira ekimena, Euskal Herritik mundu osoan gerrateen eta injustizien ondorioz sufritzen duten umeak defendatzeko asmoz. Asmo horrekin sortu dute orain elkartearen izena daraman kanta, haur horien eskubideak aldarrikatu eta «herrien arteko elkartasuna» pizteko.
Idoia Asurmendik eta Watsonek sortu eta kantatu dute abestia, Mitxel Elortzaren hitzekin. Haur ugariren parte hartzearekin ondu dute abestia, eta bideoklipean ere oso presente daude umeak. Youtube plataforman ikus litekeen bideoklip hori izenen zerrenda batekin irekitzen da: Euskal Herrian eta munduko herrialde ugaritan hildako haurren izenak irakurtzen dituzte, egun urruneko lurretan hiltzen diren ume horiek «gureak ere badirela» azpimarratzeko. «Musikaren bidez, haur guztiek jolasteko, amets egiteko, maitatuak izateko eta aske bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi du ekimenak», azaldu dute sortzaileek ohar bidez.
Abestia aurkezteaz landa, ekimenak egitasmo berri bat plazaratu die Euskal Herriko gizarteari eta eragileei: «ekimenak herritarrak, ikastetxeak, elkarteak eta bestelako eragileak gonbidatu nahi ditu kanta zabaltzera eta aldarri kolektibo bihurtzera». Horretarako, abestia etxeetan, ikasgeletan eta erakundeetan kantatzeko proposamena luzatu dute, ondoren grabatu eta sare sozialetara igotzeko, «@gurehaurrakerebadira kontua aipatuz eta #HerrienArtekoElkartasuna eta #GureHaurrakEreBadira traolak erabiliz». Egitasmo horrekin haurren eskubideen aldeko «elkartasun sarea» ondu nahi du ekimenak.