Leku batetik bestera ibili ondoren, jaioterrian lur hartu zuen duela sei urte Baketik Fundazioko zuzendari Maider Marañak (Donostia, Gipuzkoa, 1981). Historia ikasi zuen, eta diplomaziaren orbitan aritu da zenbait urtez, «giza eskubideen urraketari» lotuta, gatazka nola kudeatu asmatzeko menturan. Horretan aritu da Baketik Fundazioa ere urte hauetan guztietan, eta, hain justu, hogei urteko ibilbideari erreparatuko diote hurrengo ostegunean, Donostiako Aquariumean 19:00etan egitekoak diren urteurren ekitaldian. Marañaren arabera, egun handitzen ari da bata bestearen kontra aritzeko joera, baina uste du gizarte zibilak baduela horri aurre egiteko «nahikoa indar eta gaitasun».
Bizikidetza «egin egiten» dela diozue, baina zer behar da horretarako?
Zeharo desberdinak eta elkarri kontrajarriak diruditen egoeren alderdi komunak aurkitzea da gure lana; finean, zubigileak eta bidelagunak gara. Bizikidetza kolektiboan eraikitzen da, pixkanaka eta pausoz pauso. Jendeak batzuetan emaitzak bakarrik lortu nahi ditu, baina guretzat are garrantzitsuagoa da emaitza hori lortzeko helburuz egiten den bidea. Bide hori egiteko baliabideak behar dira, instituzioen laguntza; baita denbora eta zaintza ere.
Zaintza lehenetsita egiten duzue lan, hortaz?
Gure lana zaintzan errotuta dago. Azken urteotan, gainera, gehiago sustatu dugu zaintzaren kontzeptua, ikuspuntu feminista batetik, eta, nolabait, gizartean beharrezkoak diren zaintza batzuk bermatzen ditugu. Gure helburua herritarrak suspertzea da, aktibatu eta mobilizatzea, baina gatazka kronifikatu gabe, indarkeria sortu gabe.
Izeba proiektuan, adibidez, tutoretzapeko adingabeak zaintzea da helburua.
Ez genuen lotura hori egin sortu genuenean. Izeba proiektua duela hemezortzi urtetik dago abian, gutxi gorabehera, eta oraindik bizi-bizirik dago programa. Izeba jaio zenean, erabiltzaileak profil jakin bateko adingabe migratzaileak ziren. Aldundiak ez zuen inolako prozesurik haiek gizarteratzeko, haiei sostengu emozionala bermatzeko. Gaur egun, askotarikoa da erabiltzaile profila: batzuk hemen jaiotakoak dira, eta beste batzuk ez, neskak eta mutilak, 8 eta 16 urte artekoak… Haur eta nerabeentzat sekulakoa da astero-astero haiekin egon nahi duen pertsona bat izatea, konfiantzazko leku bat eraikitzea.
Proiektu horri segida emateko sortu zenuten Iloba programa?
Bai, hori da. Izeba proiektua oso lotuta dago aldundiaren dinamikekin, dagoeneko martxan dagoen gurpil baten barruan kokatzen da. Izebako haur eta nerabeek 18 urte betetzen dituztenean, mentoretza harreman horri itxiera bat ematen diogu, baina Iloba programak jarraitzeko aukera ematen dio jarraitu nahi duenari.
«Haur eta nerabeentzat sekulakoa da astero-astero haiekin egon nahi duen pertsona bat izatea, konfiantzazko leku bat eraikitzea»
Erraza da programa horietarako boluntarioak lortzea?
Izeba programan asko ditugu, itxaron-zerrenda eta guzti daukagu. Hala ere, ez da horren erraza guztientzako boluntarioak lortzea, profil askotako umeak baititugu. 16 eta 17 urte arteko mutil gazte migrante bat daukagunean, zaila izaten da harentzako bidelagun bat aurkitzea. Horrek argi adierazten du gizartean horri buruz hausnartu behar dugula.
Testuinguru politikoak ere eragiten du boluntarioen kopuruan?
Gizartearen egoerak eragina dauka, noski, eta gure proiektuetan nabari da. Gizartearen parte hartzeko ohiturak ere asko aldatu dira. Egun, boluntarioak behin-behinekoak dira, zaila da luzerako konpromisoa har dezakeen inor aurkitzea.
Euskal gatazkarekin lotutako proiektuak ere egin izan dituzue. Hasierako urteekin alderatuta, auzi hori bigarren mailan dago egun?
Hasierako urteak zailak izan ziren, gatazka bukatu berritan dena eraikitzeke baitzegoen. Bi indar kontrajarri zeuden, baina aldi berean bateragarriak ere baziren. Zerbait egiteko grina zegoen. Indarkeriatik aldendu garen heinean, bi tentsio horiek birrindu egin dira: batzuek uste dute dena eginda dagoela, eta beste batzuek, berriz, dagoeneko ez daukate lotura handirik gaiarekiko. Nolanahi ere, dena ez dago eginda, oraindik ere badago gertatutako giza eskubideen urraketaren inguruan lan egiteko beharra; oraindik ez dituzte biktima guztiak aitortu. Herri askotan ez dira entzute prozesuak egin, askok ezin izan dute kontatu, eta beste askok ezin izan dute entzun, eta denok daukagu zerbait entzuteko eta zerbait kontatzeko.
Gazteek ba al daukate entzuteko eta hitz egiteko gogoa?
Bai. Isiltasunerako deia 36an hasi zen hemen, gutxienez, eta isiltasun horretan hazi gintuzten hainbat belaunaldi. Isilik egoteko behar hori errotu egin da gure gizartean. Gazteek nahiko lukete gehiago jakin, baina gure familietan eta kuadrilletan ez da euskal gatazkaz hitz egin. Horrez gain, polarizazioa areagotu egin da, eta horrek nolabaiteko nahasmena sortu du, ideia atzerakoiak berriro ere zabaltzeraino. Gazteek gehiago jakin nahi dute, eta leku seguru batean daudenean oso gustura egoten dira honetaz eta hartaz hitz egiten. Gure lankide gazte batek esan ohi du: «Agian gertatu denaz hitz egiteari utzi beharko genioke, eta gertatu zaigunaz hitz egiten hasi». Helduek ere ziurrenik gehiago hitz egingo lukete toki seguruak izango balituzte.
«Askok ezin izan dute kontatu, eta beste askok ezin izan dute entzun, eta denok daukagu zerbait entzuteko eta zerbait kontatzeko»
Formakuntzetan sakontzea izan daiteke horretarako bidea?
Baketik jaio zenean, hezkuntza prozesu eta ikastaro asko izaten genituen, gaur egun ez ditugu horrenbeste ikastaro egiten, eta entzute prozesuak egiten ditugu gehienbat. Baketik jaio zenean, euskal gatazkaren inguruan lan egiteko zenbait metodologia jarri ziren martxan, eta horietako bat antzerki foroa izan zen. Oraindik ere abian dago, baina beste gai batzuk lantzen ditugu: bullying-a, arrazakeria, aniztasuna, albiste faltsuak eta polarizazioa… Artearen bidez ere ari gara lanean espetxeetan.
Nola lantzen duzue hori?
Artea tresna gisa erabiltzen dugu. Logikaren bidez konpondu ezin ditugun egoera batzuk beste metodologia batzuen bidez landu daitezke, geure buruari beste era batean lan egiteko aukera emanez. Helduok ere beste formula batzuk behar ditugu gatazkak kudeatzeko. Ez gara elkarrizketarako prest dagoen gizarte tipikoa, baina giza eskubideen urraketa bat pairatu duen norbait hitz egiten hasten denean, bizitakoa kontatzen, erreparazio sistema bat jartzen da martxan. Narrazioak modua ematen du zeure burua beste leku batean kokatzeko.