«Sektoreko langileak gure gizartearen zaintza sistemari eusten ari dira beren eguneroko ahaleginarekin, baina lan horrek aitortua egon behar du». Azken lau urteetan behin eta berriz egindako aldarria ozendu dute atzera Arabako zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako beharginek Gasteizen. ELA eta LAB sindikatuek deituta, Arabako Foru Aldundiaren parean protesta egin dute «lehenengo probintzia hitzarmena» eskatzeko, eta iragarri langileak beste bi greba egunera deituko dituztela datorren asterako, ekainaren 4rako eta 5erako.
Araban 1.100 langile inguru daude zahar etxe pribatuetan eta etxe komunitarioetan beharrean. Orain arte berrogei lanuzte baino gehiago egin dituzte, eta jakinarazi dute ez direla azkenak izango baldin eta patronalak eta diputazioak negoziazioaren «blokeoari» eusten badiote.
Egoerarekin kezkatuta eta haserre daude zahar etxeetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak, gaurko agerraldian Asier Bengoa eta Elisa Rodriguez LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek aitortu dutenez. Gogaituta egoteko arrazoiak sobera dituztela esan dute han: sei urte baino gehiago daramatzate langileen lan baldintzak hobetzeko borrokan, baina orain arte sektoreko patronalek —ACRA Kataluniako laguntza baliabideen elkarteak, Gesca Bizkaiko laguntza zentroen kudeatzaileak eta Lares Nafarroako adinekoen egoitza eta arreta zerbitzuen elkarteak osatzen dute— «ez dute inolako interesik» erakutsi akordioa lortzeko. Aldundiari, berriz, langileen egoeran duen «erantzukizuna» bere gain har dezala exijitu diote.
«Sektoreko langileak gure gizartearen zaintza sistemari eusten ari dira beren eguneroko ahaleginarekin, baina lan horrek aitortua egon behar du»
ASIER BENGOALAB sindikatua
Izan ere, sindikatuek salatu dutenez, kezkagarria da egoitzetako langileen egoera: lan zama fisiko eta mental handia dute, ez dira ordezkatzen gaixoaldian daudenak, eta gutxieneko soldataren inguruko lansariak jasotzen dituzte. Ez hori bakarrik: salatu dute sektorean lanaldi partzialeko kontratu gehiegi daudela, urtean 1.772 orduko lanaldia egiten dutela, gehiegizko ratioak dituztela, eta ez daukatela lan osasunaren prebentziorako aski neurri. «Sektore honetan lan egitea prekaritatera kondenatua egotea da», kexu dira.
Langileen lan baldintzak «duintzeko» gutxieneko batzuk jarriak dituzte mahai gainean sindikatuek, hala nola gutxieneko soldata urean 19.600 eurokoa izatea, eta urtean 1.592 lanordu egitea. Lan osasuna eta kontziliazioa hobetzeko neurriak ere eskatu dituzte. «Gure lan baldintzak duintzea besterik ez dugu eskatzen», azpimarratu dute.
Negoziazio mahaia, blokeatuta
Negoziazio mahaia, baina, ez aurrera ez atzera dagoela salatu dute langileek. Aurretik ere arbuiatu izan dute patronalak mahaia blokeatua zuela, eta, gaur-gaurkoz, egoera berdintsu dago. Zahar etxeetako langileek urtebete daramate patronala negoziazio mahaian noiz eseriko zain. ELAk eta LABek bilera bat eskatu zieten patronalei ekainaren 9rako, baina oraindik ez dute haren erantzunik jaso. Aldundiaren jarrera ere kritikatu dute, eta langileekin «bidegabe» jokatzea leporatu diote. Biei ala biei konponbide bat lortzeko «borondate politikorik eza» aurpegiratu diete.
Bi sindikatuek iragarri dute borrokari eutsiko diotela «prekaritatea» amaituko duen hitzarmen bat lortu arte. «Zaintza sistema ezin da prekaritatean eta esplotazioan oinarritu», ohartarazi dute. Ekainaren 4rako, manifestazio batera deitu dute; 18:00etan abiatuko da Gasteizko Plaza Berritik, eta Arabako gizarteari eskatu diote langileei babesa eta elkartasuna agertzeko.