«Ez dugu alarma sozialik edo beldurrik sortu nahi, baina, egungo testuinguruari begiratuta, kopuru kezkagarria da». Ikusgune Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokiaren azken txostenaren datuak eskuan, kezkarako motiboak badaudela uste dute Amets Martinez de Heredita eta Klaudia Ugarte elkarteko kideek. Joan den urtean, sexu orientazio eta genero identitate disidenteen aurkako 30 gertakari erregistratu zituen elkarteak, aurreko urtean baino sei gehiago. Horietatik hamabik kutsu homofoboa izan zuten; hamarrek, transfoboa; lauk, lesbofoboa; bik, LGTBIfoboa; beste batek, enefoboa —ez-binarioen aurkakoa—, eta beste batek bifoboa.
Ikusgunek 2020tik geroztiko intzidentzia kopururik handiena erregistratu zuen iaz. Eta datuek zera islatzen dute, behatokiko kideen arabera: batetik, LGTBIfobia detektatzeko tresnek funtzionatzen dutela, eta bestetik, beharrezkoa dela gorrotoari eta indarkeria matxistari aurre egingo dieten politika publiko «eraldatzaileetan» sakontzea.
«Gorroto diskurtsoek erasoei bide emateko eta horiek sustatzeko mekanismoak aktibatzen dituzte»
KLAUDIA UGARTEÂ Ikusguneko kidea
Joan den urtean zenbatutako erasoen erdiak baino gehiago gorroto diskurtsoak eta erasoak izan ziren: hogei izan ziren guztira. Ikusgunek «kezka handiz» ikusten du tankera horretako erasoen ugaritzea, eta argi du bien artean «kausa-ondorio harreman zuzena» dagoela: «Gorroto diskurtsoek erasoei bide emateko eta horiek sustatzeko mekanismoak aktibatzen dituzte», ohartarazi du Ugartek. Ultraeskuinaren gorakadarekin lotu dute gorroto diskurtsoak eta erasoak ugaritu izana, eta arduraz begiratu diote azken urteetako joerari: azken sei urteetan 51 gorroto diskurtso eta 32 eraso erregistratu dira, hau da, jasotako intzidentzien erdiak baino gehiago dira.
Ultraeskuinaren kanpaina
Indarkeria pairatu dutenen ezaugarriei erreparatuta, salaketa gehienak gay eta trans kolektiboetako kideek aurkeztu zituzten. Gay kolektiboari dagokionez, historikoki izan duen «ikusgaitasunarekin eta ahalduntzearekin» lotu ditu datuok Ikusgunek; eta, pertsona transei dagokienez, eskuineko eta ultraeskuineko sektoreek haien aurka hauspotutako gorroto kanpainaren gorakadarekin. Halaber, behatokiak lesbianen aurka inoiz erregistratutako intzidentzia gehien erregistratu zuen iaz: lau guztira, eta denak «oso larriak».
LGTBIfobiaren aurkako behatokiak kontuan hartu du indarkeria kasuak zer eremutan gertatzen diren ere. Hala eremu publikoan nola pribatuan izan dira erasoak, LGTBIfobia «egiturazko arazoa» den erakusgarri. Hala ere, erasorik ohikoenak esparru publikoan izan dira —hamar intzidentziatik hiru—, eta ohikoak izan dira bizitza publikoko beste eremu batzuetan ere, hala nola lantokian, ikastetxean eta aisialdiko guneetan. Ondoren ageri dira familiako edo etxeko eremuan eta instituzioetan izandako intzidentziak, eta baita beste esparru batzuetan gertatutakoak ere, hala nola sare sozialetakoak eta garraio publikokoak. Erakunde eremuan izandako indarkeria kasuei dagokienez, den-denak transfobia kasuak izan direla azpimarratu dute.
2020tik, sexu orientazio eta genero identitate disidenteen aurkako 137 intzidentzia jaso ditu Ikusgunek guztira, baina horietatik gutxi batzuk baino ez dira auzitara eraman, «segurtasun indarrenganako mesfidantzagatik eta berriz biktimizatzeko beldurragatik».
Azken urteotako joerari so, hiru ondorio nagusi azpimarratu ditu behatokiak. Batetik, LGTBIfobia «iraunkor» bihurtu dela, bereziki homofobia eta transfobia. Bestetik, gorroto diskurtsoak koska bat gogortu direla, eta, sarri, eraso fisiko ere bilakatu direla. Eta, hirugarrenik, intzidentzia kasuen gorakadak erakusten duela Ikusguneren lanak ikusgaitasun handiagoa duela eta indarkeria mota horiek identifikatzeko eta salatzeko bideak sendotuz doazela.
LGTBI kolektiboaren aurkako intzidentziak
- Erasoa:
«Nire lanpostuan nengoela, klase bat emateko prestatzen, hiru gazte ikastetxeko hesira hurbildu ziren. Svastika bat erakutsi, eta oihuka hasi zitzaizkidan: 'Maritxu puta zikina, zure beste ikastetxean geratu behar zenuen. Puta zikina'».Â- Iraina:
«Hezkuntza esparru batean, ikasleak hizketan hasi ziren ikasle jakin baten generoari
 buruz, eta zalantzan jarri zuten hura neska ote zen. Hala, ikaskideen galdera sorta bat izan zen segidan, eta deseroso sentiarazi zuten ikasle hori, elkarrizketan jarraitzeari uko egiteraino. Ikaskideek, haren erabakia errespetatu ez, eta galderak egiten jarraitu zuten: 'Baina gay zara?' eta 'horiek dira maritxuak, ezta?', galdetu zuten, besteak beste. Egoera horren ondorioz, ikaslea oso deseroso sentitu zen, eta ikasgela utzi zuen».
«Azken hiru urteetan, pertsona bat kide baten jazarpena jasaten ari da lanean, lankideakÂjarrera homofoboak baititu. Lankidea femeninoan mintzatzen zaio, eta, irain gisa, txantxak egiten ditu, baita bere sexu gustuei buruzko komentarioak ere. Azkenaldian, bakarrik daudenean, jazarpena areagotu egin da, zerri, marika, salatari eta halako irainak erabiltzen baititu lankideak, baita 'hemen dator marika' eta 'lodikotea' esamoldeak ere, eta haren laneko jarduna zalantzan jartzen du. Egoera horren harira, enpresak bitartekaritza lana egin du bi aldeekin elkartuta, lankideak barkamena eskatzeko, baina, ez denez beste neurririk hartu, jazarpena indarrean da oraindik ere».
- Diskriminazioa:Â
«Pertsona batek salatu duenez, merkataritza gune bateko arduraduna komunetan zaintza egiten aritzen da, ez daitezen erabili cruising-a egiteko, eta susmopean jartzen duen edozeini jazartzen zaio, gay izan daitekeelakoan. Are gehiago, komunetara bortizki sartzen da batzuetan, halakoak oihukatuz: 'Marikoiak, hona egitera etortzen zareten hori beste nonbait egin', eta kabinen barrura begiratzen du jendea zertan ari den ikusteko. Halaber, pertsona horrek kontatu du arduradunak Poliziari deitzen diola susmagarri iruditzen zaion edonor miatzeko, umiliatzeko eta beldurtzeko asmoz».Â- Gorroto diskurtsoa:
«Kultur ekitaldi baten inaugurazioan, gizon batek irain transfobo eta homofoboak egin zizkion kazetari trans bati, honelakoak esanez: 'marikoia da' eta 'gizon trabestitua da'. Iruzkinak modu oso ikusgarri eta eskandalagarrian egin zituen, pertsona horrek entzuteko asmoz, argi eta garbi».
«Irakasle batek kontatzen duenez, futbola gustuko duen ikasle bat seinalatzen dute ikaskideek; 'gauza maskulinoetan' interesa duenez lesbiana dela esaten diote, eta 'arraroa da, haiek [lesbianak] bezala' eta halako adierazpenak egiten dituzte. Gainera, arraro eta mespretxuz begiratzen diote».

