1980ko apirilaren 8a egun historikoa izan zen Eusko Legebiltzarraren orduko egoitzan, Gernikako Juntetxean. Estatutua onartu osteko lehen lehendakaria zuten hautatzekoa. HB Herri Batasuneko legebiltzarkideak ez ziren joan, eta euskal presoen senideak kanpoan ziren protestan. Dena zen berria. Zazpi orduko inbestidura saio luzearen ostean, EAJk aurkeztutako Carlos Garaikoetxea hautagaiaren bozketa nola egin eztabaidatu zuten jeltzaleek eta sozialistek —haren izena jarri edo bai edo ez idatzi—. Azkenean, bigarren sistema lehenetsi zuten, baina lehen saiakeran ez zuten hautatu, bi legebiltzarkide jeltzalek, erratuta, hautagaiaren izena idatzi baitzuten. Bigarrengoan, aldiz, bai. 25 boto izan ziren haren alde, eta 24 kontra. Carlos Garaikoetxea Urrizak (Iruñea, 1938) apirilaren 9ko gauerdia eta bi minutu zirenean egin zuen Jose Antonio Agirrek Errepublika garaian egindako zin bera.
Horrela ekin zion bere lehen agintaldiari. Industriaren krisia ate joka, eskuin muturreko taldeen eta ETAren indarkeria gorenean, eta erregimen frankistako segurtasun indarren eta militarren sable hotsak Madrilen... Ez zen erronka makala, eta guztia zegoen egiteko. Lehen Jaurlaritza hartako eserlekuak betetzea egokitu zitzaion Garaikoetxeari. «Nik jenderik onena nahi nuen nire taldean», aitortu zion Garaikoetxeak Elixabete Garmendiari Lider bat lehendakari liburuan.
Industriaren moldaketari aurre egiteko, Javier Garcia Egotxeaga ekarri zuen, ordu hartan Espainiako Industria ministro izateko hautagaien artean zena; Kontzertu Ekonomikoaren negoziazioei begira, Pedro Luis Uriarte ekarri zuen finantza arlotik; legelari eta abokatu sorta bat fitxatu zuen —tartean Mario Fernandez—, eta Pedro Miguel Etxenike fisikaria hautatu zuen Hezkuntza sailburu izateko. Euskararen erronkari begira, Ramon Labaien izendatu zuen Kultura sailburu. Kosta egin zitzaion askok baiezkoa eman zezaten lortzea, baina ez zuen berehalakoan etsi. Etxenikeren arabera, baiezkoa eman aurretik hiru aldiz esana zion ezetz Garaikoetxeari.
«Ezerezetik hasi ginen». Berriki egin dioten elkarrizketa batean, Pedro Luis Uriarte Ekonomia eta Ogasun sailburu izan zenak gogoratu du hasieran ez zuela bulegorik, eta lantaldea osatu behar izan zuela. Antzera gertatu zitzaion Garaikoetxeari berari: «Hasieran, Bilbon atondu behar izan genituen bulego batzuk, Ajuriaenera joan ginen arte. HBko ordezkariek sekulakoa antolatu zuten eta alkatea estutu. Eguna biribiltzeko, emazteari [Sagrario Minari] ate bat erori zitzaion gainera norbaitek ez zizkiolako bandak jarri», idatzi zuen memoria liburuan.
Irakasle euskaldunak saldoan
Egungo Jaurlaritzarekin alderatuta, aholkularirik eta aparaturik gabe ekin zioten esku artean zuten erronka sortari. Eta nagusietako bat izan zen egun erabat normaltzat hartzen diren politiken eta erakundeen oinarriak ezartzea. Negoziazio oso korapilatsuaren ostean, legealdi hartan lortu zen hezkuntzaren transferentzia, kasurako, eta gazteleraz soilik zekiten irakasleen protesten artean, 2.000 irakasle euskaldun sartu ziren hezkuntza sisteman. Gainera, euskarazko telebista eta irratia ikusi eta entzun ahal izan ziren estreinakoz. Garaikoetxeak gerora onartu duenez, «bi ideia» zituen buruan hasieratik: euskarazko komunikabideak «lehenbailehen» sortzea eta nazioartean Euskal Herriaren irudia zabalduko zuen orkestra sinfoniko bat antolatzea.
Hala, Garaikoetxeak berak onartu izan du euskara batuaren alde egitea «oso gai garrantzitsua» eta aldi berean «zaila» izan zela. «Nola antolatu behar duzu nazio bat, hezkuntza sistema bat, hedabideak, hizkuntza komun batekin ez bada? Zer egin behar genuen, euskalki bat erabili Leioako Unibertsitatean eta beste bat Donostiako campusean?», esan zuen Lider bat lehendakari liburuan.
1981eko otsailaren 23an estatu kolpea ematen saiatu zirenekoa izan zen tentsiorik handieneko gertakarietako bat. Egun hartan, Garaikoetxea ohean zen, gripeak jota. Joxe Ramon Beloki prentsaburua korrika etorri zitzaion, beharrezko dokumentazio guztia hartzera eta presaka ateratzera premiatuz. Belokiren gurasoen Legazpiko etxera joan ziren, han komunikazioak ez zeudelako kontrolatuta. Han, Burgosko militarburu bati deitu zion, eta hark esan zion dena lasai zegoela, «bere semeetako batek biharamunean albisteengatik ikastetxera joan nahi ez» zuela salbu. Azkenean, Espainiako erregeak deitu omen zion: «A zer gaua! Konpondu dugu anabasa».
Politikoki, negoziazio gogorrei aurre egin behar izan zieten. Pedro Luis Uriarteren esku egon zen Kontzertu Ekonomikoarena, eta estatu kolpea izan aurretik hitzartu zituen kupoa kalkulatzeko egungo sistemaren zutarriak. Kolpearen ondotik, birzentralizazio prozesu bati ekin zion Adolfo Suarezen ordezkoak, Calvo Sotelok, LOAPA izeneko lege organikoaren bidez. Garaikoetxeak gogoan du posizio «bateraezinak» zituztela biek, eta LOAPAren aurkako manifestazio jendetsua egin zela Bizkaiko foru aldundiaren aurrean. «Gutxitan mintzatu natzaio ordukoa bezain jendetza sutsuari».

Hondamendiak eta indarkeria
Istripuei eta natur hondamendiei ere aurre egin behar izan zion Jaurlaritza hark. Ortuellako ikastetxean leherketa handi bat izan zen gas ihes baten ondorioz, eta 48 haur eta hiru heldu hil ziren. «Gurasoen azken agurra eta hilkutxa zuri haiek ez ditut sekula gogotik ezabatuko». Beste gertaera lazgarria 1983ko uholdeak izan ziren. «Jaurlaritzako arduradun nagusi gisa egin nituen sei urteetako unerik gogorrena izan zen, ziurrenik okerrena», onartu zuen memoria liburuan. Heriotzak eta kalte handiak gorabehera gizarteak orduan erakutsitako jarrera goraipatu izan du: «Egun gutxiren buruan, ehun neurritik gora onartu genituen administrazio autonomiko eta zentralaren artean».
Indarkeria politikoa gorenean zegoen urte haietan, batik bat 1980an eta 1981ean. «Hiru egunetik behin hileta bat izaten zen». Horiek hala, Garaikoetxeak bakearen aldeko mahai bat bultzatu zuen, 1983an, «oso modu boluntaristan». Ez zen aurrera atera.
Lehen gobernu haren amaieran, berriz, GAL hasi zen. Lider bat lehendakari liburuan kontatu zuen garai hartan Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu sozialistarekin izandako solasaldia: «Gonzalezek behin eta berriz esaten zidan oso interesgarria izan zitekeela Venezuelako presidente ohi Carlos Andres Perezekin hitz egitea, horrelako arazoei nola aurre egin oso ondo omen zekielako». Gerora Pello Irujo jeltzaleak kontatu ei zion Garaikoetxeari Perezek matxinoen kontrako talde paramilitarrak antolatu zituela. Ordutik ez du zalantzarik izan nor zen GALeko X jauna.
1985ean lehendakaritza utzi zuen, alderdiarekin zeuzkan desadostasunak zirela medio. Jose Antonio Ardanza jarri zuen EAJk lehendakari, eta Garaikoetxeak Eusko Alkartasuna sortu zuen gerora.