H1: «EA ezker abertzalearen adierazpen bat da»

Sortu legezkoa izatea «nahiago» duela dio Gonzalezek, baina ziur da ezker abertzalea bozetan egongo dela

jon olano
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Hamaikabateko Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagai Pello Gonzalezek adierazi duenez, EA «jada ezker abertzalearen adierazpen bat» da. Sortu legezko izatea, eta alderdi horrek maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetara aurkezteko aukera izatea «nahiago» duela esan du Gonzalezek, baina, hori gertatzen ez bada ere, ezker abertzalea bozetan izango delakoan da.

Atzo egin zituen adierazpenok Gonzalezek, H1ek Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak aurkezteko ekitaldian, Donostian. EAk, Alternatibak eta independenteek izenpetuko duten koalizioa ahotan izan du Gonzalezek. H1ek ez duela «inola ere» estrategia horrekin bat egingo jakinarazi du: «Ez dugu estrategia elektoral horretan parte hartuko, ezta hori irudikatzen duten ekitaldietan ere, gaurko —atzoko—, Bilboko manifestazioan, adibidez». Gaur aurkeztuko duten plataforma dela eta, H1ek «asko» duela eskaintzeko azaldu du Gonzalezek: «Batzuek inposatutako fronteetatik urrun, gure gizartearen gehiengo zabal bat biltzeko bokazioa duen abertzaletasunetik, Hamaikabateko gizon eta emakumeok asko dugu eskaintzeko». EAk «defendatzen zuen espazio politikoa» utzi egin duela iritzi dio Gonzalezek, eta, horregatik, H1ek espazio hori «koherentziaz» beteko duela gaineratu du.

Gonzalezen arabera, H1 «guztiz zorrotza» izango da ETArekin eta ezker abertzalearekin. «Bada garaia armei ezetz eta betiko desagerpenari baietz esateko», esan du.

Proiektu errealista eta sendoa

«Gizartea kezkatzen ez duten gaietan eta eztabaida antzuetan oinarritzen diren proposamen politikoen aldean», H1 proiektu «errealista eta sendo baten bermea» dela adierazi du Gonzalezek.

Gipuzkoarako, «lankidetza» agindu du Gonzalezek. «Gipuzkoak adostasun zabalak behar ditu lurraldearen eragile sozial eta ekonomiko diren proiektu estrategikoak aurrera eramateko», adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.