Enplegu Publikoaren Legea aldatu berritan, Eusko Jaurlaritzak euskararen ezagutzarako egiaztapen eredu berri bat onartu du. Urritik aurrerako deialdietan, lehen aldiz egiaztapen asimetrikoak eta partzialak ere egingo ditu HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak. Hau da, hizkuntzaren bi ezagutza eremu nagusietan —irakurmena eta idazmena daude batetik, eta entzumena eta mintzamena bestetik— gaitasun bera egiaztatzeko ez ezik, aurrerantzean aukera egongo da maila desberdina ere egiaztatzeko. Horrez gain, orokortu egingo dira egiaztapen partzialak ere, gaitasun jakin bat egiaztatu ezin dutenen edo desgaitasunen bat dutenen egiaztatze sistemak.
Joan den urtean eman zuen asmoen berri Ibone Bengoetxea Kulturako eta Hizkuntza Politikako sailburuak, eta gaur eman ditu xehetasunak, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. Gaur onartu baitu neurria Jaurlaritzak. Sailburuak azaldu duenez, sistema «malguagoa, bidezkoagoa eta pertsonen errealitatera hobeto egokitua» izango da aurrerantzean. Izan ere, haren hitzetan, pertsona guztiek ez dituzte hizkuntza gaitasunak modu berean garatzen: «Aukera gehiago emango ditugu euskararen ezagutza egiaztatzeko, eta pertsonen benetako gaitasun linguistikoak zehaztasun handiagoz aitortuko ditugu».
Jauzia gara dinamikaren barruan sartu du neurria Jaurlaritzak, euskararen biziberritzearen alde iaz abiatu zuen ekinbideari lotuta. Bengoetxeak gogorarazi du azken urteotan milaka pertsona hurbildu direla euskarara, asko euskaltegien bidez, baina adierazi du helburua oraindik eta herritar gehiago erakartzea dela. Jaurlaritzak zera nahi du: pertsona horiek, euskara ikasten hasteaz gain, ikasketa ibilbidea amaitzea, eta, horretarako, hizkuntza gaitasuna zehaztasun handiagoaz egiaztatzeko aukera eman nahi diete. Hala ere, ohartarazi du neurriaren helburua ez dela hizkuntza eskakizunak aldatzea edo murriztea, baizik eta pertsonen gaitasunak «hobeto aitortzea»: «Neurri honek ez ditu hizkuntza gaitasunaren eskakizunak aldatzen: modua aldatzen du».Â
Ziurtagiri asimetrikoak
Orain arte, hizkuntza maila egiaztatzeko beharrezkoa zen gaitasun bera demostratzea lau ezagutza eremutan: irakurmenean, entzumenean, idazmenean eta mintzamenean. Sistema hori indarrean egon da azken hamarkadatan, eta ohikoa da Europan ere. Baina, Bengoetxeak azpimarratu duenez, errealitatea «askotarikoa» da, batzuek lehenago garatzen dituztelako ahozko gaitasunak idatzizkoak baino; beste batzuk, berriz, idatzizkoan trebeagoak dira mintzamenean baino. Bada, iritzi dio hemendik aurrera sistemak hobeto aitortuko duela «aniztasun» hori.
Aurrerantzean ere lau ezagutza eremu horiek ebaluatuko dira, baina gaitasun maila desberdinak egiaztatzeko aukera izango da. Hala, azterketa gainditzen dutenek egiaztatutako gaitasun mailaren araberako ziurtagiria jasoko dute. Egiaztatze asimetrikoari dagokionez, ziurtagiriak jasoko du zer maila duen egiaztatua, batetik, irakurmenean eta idazmenean, eta, bestetik, entzumenean eta ahozkoan. Egiaztatze partzialei dagokienez, berriz, egiaztatutako trebetasunak aipatuko dituzte.
Maila guztiei eragingo die aldaketak? Oraingoz, ez. Honako egiaztatze hauek eskainiko dituzte: A2-B1 maila, hots, irakurmenean eta idazmenean A2 maila izatea eta entzumenean eta mintzamenean B1 maila; B1-B2 maila —irakurmenean eta idazmenean, B1; entzumenean eta mintzamenean, B2—; B2-C1 —irakurmenean eta idazmenean, B2; entzumenean eta mintzamenean, C1—; eta C2-C1 —irakurmenean eta idazmenean, C2; entzumenean eta mintzamenean, C1—.
Oro har, edonork izango du egiaztatze asimetrikora aurkezteko aukera, eta ez da beharrezkoa izango aurretik egiaztatze simetriko bat gainditua izatea. Salbuespen bat izango da, nolanahi ere: A2-B1 mailak egiaztatzeko, A2 maila osorik egiaztatuta eduki beharko da.
Partzialak ere orokortuta
Egiaztatze partzialak ere orokortu egingo dira, orain arte «salbuespenekoak» baitziren, Bengoetxearen arabera. Hala, desgaitasunen bat dutenek edo trebetasun jakin bat egiaztatu ezin dutenek aukera izango dute aurrerantzean euskara maila ezagutza eremu batzuetan soilik egiaztatzeko. Kasu honetan, idatzizko edo ahozko trebetasuna egiaztatzeko aukera izango da. Horrela, entzumen desgaitasunen bat duen pertsona batek entzumeneko proba egin ezin badu, idatzizko gaitasuna egiaztatzeko aukera izango du.
Edonork izango du aurkezteko aukera, gainera, eskaera beren-beregi egin behar izan gabe. Azterketak ere egokitu egingo dizkiete; orain arte, denbora tarte laburragoa izaten zuten, baina aurrerantzean gainontzekoek duten bezainbeste denbora izango dute azterketa egiteko. «Neurri honen helburua da euskara egiaztatzeko modua irisgarriagoa egitea eta pertsona guztiek beren gaitasunak aitortzeko aukera izatea», esan du Bengoetxeak.