Eusko Jaurlaritzak 19/2024 Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu zuen iaz, eta zenbait berrikuntza txertatu zituzten hartan. Hauxe nagusietarikoa: ordura arteko hizkuntza eskakizun simetrikoak ez ezik —lanpostu baterako gaitasun bera eskatzea irakurmen-idazmenean eta entzumen-mintzamenean—, hizkuntza eskakizun asimetrikoak —bi ezagutza eremuetan maila desberdina eskatzea— eta hizkuntza eskakizun partzialak ere —gaitasun jakin bat egiaztatu ezin dutenentzat, desgaitasunen bat-edo dutenentzat— eskatzeko modua ematea. Orain, aldaketa horretara egokitu asmo du HABEk, eta Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du erakunde horrek euskara eskakizun asimetrikoak eta partzialak ere egiaztatuko dituela bere azterketa deialdietan —orain arte, lanpostu jakin batzuetarako oposizioetan soilik egiazta zitezkeen–. Horretarako, prozesu bat abiatu dute 9/2020 agindua aldatzeko, euskaraz komunikatzeko gaitasunen ebaluazioa eta egiaztatze sistema arautzen dituen agindua alegia.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kulturako eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman ditu xehetasunak, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. Haren esanetan, aldaketa 19/2024 dekretua garatzeko da: «Dekretuaren helburu nagusia, oinarrian, administrazio guztietan eta sektore publiko osoan herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea eta euskararen erabileran sakontzea da. Horrek, besteak beste, herri erakundeei aukera ematen die lanpostu jakin batzuetan hobeto egokitutako hizkuntza eskakizunak ezartzeko eta malgutasunez bideratzeko. Hala, sektore publikoa osatzen duten 150.000 lanposturi zabaldu die aukera hori dekretuak, betiere erakunde bakoitzaren errealitate linguistikoaren arabera».
Bi eskakizun mota
Dekretuan, euskara eskakizunen bi mota berri txertatu zituzten: asimetrikoak eta partzialak. Azaldu dutenez, hizkuntza eskakizun asimetrikoak lanpostu baterako ahozko eta idatzizko maila desberdina behar denean ezarriko dituzte: «Gehienetan, ahozko trebetasunek garrantzi edo pisu handiagoa duten lanpostuak dira». Adibidez: B2 maila eska dezakete idatzirako, baina C1 maila ahozkorako. Hizkuntza eskakizun partzialen helburua, berriz, desgaitasunen bat dutenei hizkuntza trebetasunak egiaztatzeko aukera ematea da, «haien ezaugarrietara egokituta». Esaterako: «Gor-mutuei dagokienez, idazmena eta irakurmena egiaztatzeko aukera zabaltzen zaie, ahozkoa eta entzumena egiaztatu gabe; eta desgaitasun psikikoren bat dagoenean, mintzamena eta entzumena bakarrik egiaztatu dezakete. Horretaz gain, azterketa egiteko denbora muga kentzen zaie, eta, horrela, azterketa hobeto egokituko da azterketarien ezaugarrietara». Espero dute datorren urteko udazkeneko azterketa deialdian jada eskakizun horiek HABEren bidez egiaztatu ahal izatea.
Horretaz gainera, beste hiru «aldaketa tekniko» ere egingo dituzte aginduan, hiru gairekin zerikusia dutenak: euskaltegietan maila guztiak egiaztatzeko aukera zabaltzearekin, «baldin eta horretarako baldintza akademikoak badaude»; euskara ikasteko doakotasun programaren alderdi teknikoekin; eta azterketen deialdien «egiaztatze prozesuaren eraginkortasuna» hobetzearekin.