Hainbat emakumek deklaratu dute antiabortistek «seinalatuak» sentitu zirela

Abortatzera joandako andreei jazartzeagatik 21 pertsona ari dira epaitzen. Askabide klinikako zuzendariak eta langile ohi batek deklaratu dute jazarriak izan zirela. Naroa Iturri klinikako arduradunak esan du epaiketak «mugarri historikoa» ezarriko duela.

Akusatuen aulkian eseri dituzten antiabortistak, gaur, epaiketan. L. RICO / EFE
Akusatuen aulkian eseri dituzten antiabortistak, gaur, epaiketan. L. RICO / EFE
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko azaroaren 17a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur goizean hasi da abortatzera zihoazen emakumeei jazarri zitzaizkien 21 pertsonaren aurkako epaiketa, Gasteizen. 2022ko irailetik azarora Askabide klinikaren aurrean elkartzen ziren antiabortistak akusatuen aulkian eseri dira, koakzio edo hertsatze delitu bat leporatuta. Fiskaltzak bost hilabeteko espetxealdia edo komunitatearen aldeko lanak egitea eskatu du haientzat, eta akusazio partikularrak, berriz, 20.000 euroko kalte ordain ekonomikoa ere eskatu du.

Zigor arloko lehen epaitegian egiten ari dira ahozko saioak. Denera, hiru saio aurreikusi dituzte. Gaurko saioan, Askabide kliniketako kudeatzaile Igor Elberdinek, klinikako hainbat langilek, abortatzera joan ziren zenbait emakumek eta antiabortistak identifikatu zituzten poliziek deklaratu dute. Biharko deitu dituzte emakumeei jazarri zieten 21 antiabortistak, ostegunean izango da azken saioa, eta auzia epaiaren zain geratuko da. 

Antiabortisten kontrako epaiketa. Ikus-entzunezkoen taldea

Gaurko saioan deklaratu duten zenbait emakumek, Askabide klinikako zuzendariak eta langile ohi batek, eta salatu dute jazarriak izan zirela. Besteak beste, kontatu dute «hiltzaile» deitu zietela antiabortistek, eta «kontuz, zure seme edo alaba hiltzera zoaz» eta halako mezuak entzun behar izan zituztela. Egoera «deserosoak» bizi izan zituztela deklaratu dute, «seinalatuta» sentitu zirela, eta zenbaitetan emakumeek klinikara joateari ere utzi ziotela. Lekuko gisa deklaratu duen emakume batek esan du Gasteizko klinikaren aurrean protestan ari zirelako «urduri» eta «beldurtuta» egon zela eta, ondorioz, Askabide klinikara joateari utzi ziola.

Igor Elberdin Askabide klinikako gerenteak, berriz, kontatu du berak ere antiabortisten «intimidazioa» sentitu izan duela, eta klinika aurrean egindako elkarretaratze horiek «higatu» egin dutela bai arlo pertsonalean eta bai arlo profesionalean. Adierazi duenez, bi edo bost pertsonako taldeetan egiten zituzten bilkurak, berrogei egunez jarraian Aste Santua baino lehen, eta irailetik aurrera beste hainbeste. Azaldu du bi txandatan elkartzen zirela, eta «ozen» otoitz egiten zutela, kartelak eta arrosarioak eskuetan. Elberdinen ustez, bilkurak egiten zituztenek hiru helburu zituzten: «Pazienteek haurdunaldia ez etetea, klinikak ixtea eta bertan lan egiten dugunok konbertitzea».

Elkarretaratzeetan ibiltzen zirenak identifikatu zituzten ertzainek eta udaltzainek ere deklaratu dute, eta esan dute bilkura horietan ez zutela legez kanpoko ezer ikusi.

«Guretzat garaipen bat da»

Europan halako auzi bat epaitzen den lehen aldia da, eta, horregatik, arreta handiz ari zaizkio erreparatzen epaiketari bai Euskal Herrian eta bai beste herrialde batzuetan abortuak egiten dituzten hamaika klinika eta emakume. Naroa Iturri Askabide klinikako arduradunak auziak duen garrantzi juridiko eta soziala nabarmendu du epaitegiko atarian: «Baliteke aste honetan mugarri historikoa ezartzea: Europan lehen aldiz eseriko dira 21 antiabortista akusatuen aulkian. Guretzat jada garaipen bat da, abortuak egiten dituzten kliniketako langileek eta abortatzera doazen emakumeek ikusiko dutelako zer gertatzen ari den».

«Ulertzen dugu adierazpen askatasuna eta elkartzeko eskubidea dutela, baina gure kliniken aurrean ez daitezela elkartu: gutxienez 100 metrora egon daitezela»

NAROA ITURRIAskabideko arduraduna

Askabide klinikak berak jo zuen auzitara, 2022an Espainiako Zigor Kodean egindako aldaketa batek aukera eman zielako egoera salatzeko. «Haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea oztopatze aldera emakumearen askatasuna murrizten duten ekintza gogaikarri, iraingarri, larderiazko edo hertsagarrien bidez jazartzea» zigortzen du propio. Eta, hala, abortatzera joandako emakumeek ez ezik, osasun zentroetako langileek eta arduradunek ere lege aldaketa hori baliatu zuten salaketa jartzeko. «Horrela iritsi gara hona. Emakume askok sufritu egin dute, tentsio handiko egoerak pairatu dituzte, eta antsietate krisiak izan… eta guk ez dugu nahi horrek aurrera egin dezan», esplikatu du Iturrik.

Askabide klinikako arduradunaren hitzetan, auziaren muinean ez dago zilegi ote den kliniken atarian elkartzea. Haren esanetan, jokoan dago emakumeek beren gorputzaren inguruan erabakitzeko duten eskubidea: «Infantilizaziorik gabe, inork esan gabe zer egin behar dugun. Guk erabakitzen dugu, eta gure askatasuna eta gure gorputzak errespetatu behar dituzte».

Antiabortistek adierazi izan dute adierazpen askatasuna eta elkartzeko eskubidea dutela. Bestelakoa da Askabideko arduradunen ikuspuntua: «Ulertzen dugu adierazpen askatasuna eta elkartzeko eskubidea dutela, baina gure kliniken aurrean ez daitezela elkartu: gutxienez 100 metrora egon daitezela. Haiek beren eskubideak izan ditzatela, baina guk ere, gureak».

Askabideko arduradunak gogorarazi du abortatzera joandako andrazkoak eta klinikako langileek urteetan jasan dituztela irainak eta mehatxuak. «Inarrosi egiten gintuzten, eta mehatxatu ere bai. «Hiltzaileak. Genozidak. Zuek hiltzen duzue. Hiltzen dutenek ordainduko dute. Zuen zigor eguna iritsiko da...», horrelakoak entzun ditugu urte luzez. Eta gero esaten dute otoitz egitera etortzen direla; ez, ez da soilik otoitz egitea: askoz gehiago da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.