Zenbait eragilek salatu dute «errepresioa» jasan dutela etxegabetze bat gelditzen saiatzeagatik

Berriozarko PAHri, Harituri eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistari 12.400 euroren isunak ezarri dizkiete denera, eta hiru lagun auzipetu dituzte. Etxegabetzea iazko urriaren 9an egin zuten, Burlatan.

«Errepresioa» salatu duten eragileek atzo egindako elkarretaratzea, Burlatan (Nafarroa). IRUÑERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATUA
«Errepresioa» salatu duten eragileek atzo egindako elkarretaratzea, Burlatan (Nafarroa). IRUÑERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATUA
maddi iztueta olano
2026ko martxoaren 27a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxegabetze bat gelditzen saiatzeagatik «errepresioa» jasan dutela salatu dute Berriozarko PAH Hipotekak Kalte Egindakoen Plataformak, Haritu etxebizitza sindikatuak eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, atzo zabaldutako ohar bateratu baten bidez. Hor zehaztu dutenez, denera 12.400 euroren isunak jarri dizkiete eta hiru lagun auzipetu, iazko urriaren 9an Burlatan (Nafarroa) izandako etxegabetze baten aurkako elkarretaratze baten harira.

Halere, hiru plataformek nabarmendu dute elkarretaratze hura «baketsua» izan zela, eta Espainiako Polizia izan zela etxegabetzeko operazioan «oldarkor» aritu zena. Haien arabera, Poliziak hainbat alditan egin zien eraso mugimendu horietako kideei; besteak beste, piper gasa erabiliz eta gogor joz. Hain justu, hainbat lagun zauritu zituztela ere salatu dute. Elkarretaratzea bukatu ondoren, Poliziak zenbait kide identifikatu zituen; guztira hamazazpi lagunek jaso dituzte isunak, «desobedientzia», «lesio delituak» eta «agintaritzari aurre egitea» leporatuta.

Emakume bat eta haren seme-alaba adingabeak utzi zituzten kale gorrian etxegabetze hartan. Hiru eragileen arabera, familia hura «legez kanpoko kontratu baten» biktima izan zen, eta prest zegoen etxebizitza uzteko, etxeak ez baitzuen bizi baldintza egokirik. Halere, etxegabetzea aurreikusitako egunera, urriaren 9ra, «inolako alternatibarik gabe» iritsi zirela salatu dute. Oharraren bidez jakinarazi dutenez, familiak badu nora joan; hori bai, azpimarratu dute sei hilabete behar izan dituztela horretarako, eta «kolektibo antolatuei esker» aurkitu dutela irtenbidea, orain arte hotel bateko logela batean hartu baitute aterpe.

«Kriminalizazioa»

Berriozarko PAHk, Harituk eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak uste dute etxegabetze horri aurre egiteagatik jasandako «errepresio neurrien» helburua «antolakuntza eta borroka kriminalizatzea» dela, baita «jabetza pribatua defendatzea» ere. Horrekin lotuta, salatu dute gero eta «oztopo» gehiago dituztela etxegabetzeen kontrako defentsan jarduteko, eta eskubide politikoen kontrako erasotzat jo dituzte. Halere, nabarmendu dute «irmo» jarraituko dutela etxe eskubidearen aldeko borrokan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!