Kezka eragin dute Iruñerrian izandako etxegabetzeek. Kopuruagatik baina, batez ere, etxegabetze horiek gauzatzeko moduagatik. Hainbat elkartek salatu dutenez, ohiko bihurtu dira «abusuzko praktikak» eta «legez kontrako prozedurak», eta horiek salatu dituzte gaur, Iruñeko udaletxearen parean egin duten elkarretaratzean. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Haritu Etxebizitza Sindikatua, Berriozarko PAH Hipotekak Kalte eginikoen Plataforma, SOS Arrazakeria, Salhaketa, Pertsona Migratuendako Informazio Gunea eta Dar Etxea batu dira protestara.
«Larriturik gaude», irakur daiteke elkarte horiek adostu duten idazkian. «Sistematikoki urratu dira eskubide politiko oinarrizkoenak». Sinatzaileek salatu dutenez, asko izan dira azken asteotan detektatu dituzten «praktika irregularrak»; hala nola Poliziak agindu judizialik ez erakustea, adingabeak dituzten familiei «etxebizitza alternatiba egonkorrik ez» ziurtatzea (adibidetzat jo dute Antsoainen gertatutakoa), etxetik egozteko arriskuan direnen aurka gezurrak esatea eta epaileek «behin eta berriz uko egin izana» prozedura judizialak atzeratzeari.
Gizarte eragileek legez kanpokotzat jo dituzte, esate baterako, Iruñeko Alde Zaharrean egindako azken bi etxegabetzeak: «Gutxieneko berme legalak errespetatu gabe egin ziren etxegabetze horiek. Prozedura Zibilaren Legearen 438.6 artikuluan jasota dago nahitaezkoa dela zehatz adieraztea zer egunetan eta ordutan eginen den etxegabetzea, baina azken asteetako prozesuetan, kaltetuei ez zaie horren berri eman. Jakinarazpenik gabe egin ziren apropos, herritarren erantzuna saihesteko helburuz».
Agiria sinatu duten elkarteon aburuz, eskubide urraketa horiek «atzerapausoak» dira «etxebizitzaren arazoa modurik latzenean bizi duten pertsona guztien eskubideetan», eta oztopo dira etxebizitza eskubideen alde diharduten kolektiboentzat: «Aurrekari oso arriskutsua da». Are: uste dute horrek guztiak zeharo urratzen duela «zaurgarrienen defentsarako eskubidea».
«Irizpide arbitrarioak»
Halaber, salatu dute Iruñeko Gizarte Zerbitzuek «ukatu edo mugatu» egiten dizkietela etxegabetuei laguntzeko eta aholku emateko bideak. «Irizpide arbitrario horrek pertsona guztien eskubide bat urratzen du, hain justu, lagundua izateko eta norberak nahi duenarekin antolatzeko eskubidea. Gainera, kolektibo sozialen defentsarako tresna baten aurkako erasoa da, eta handitu egiten du administrazio publikoen opakutasuna».
Bukatzeko, etxegabetzeetan erantzukizunen bat duten erakunde guztiei gogorarazi diete «ezin dituztela prozedurak bete gabe utzi komeni zaienean», eta exijitu diete berma ditzatela kaltetutako bizilagunen eskubide guztiak.