Hamabi euskal herritar Gazara joango dira Global Sumud Flotillan

Denera 3.000 ekintzaile inguruk parte hartuko dute nazioarteko ekinbide horretan, eta apirilaren 12an abiatuko dira. Gazara laguntza humanitarioa eramatea dute helburua.

Euskal Herriko Gaza Global Sumud taldeko kideak, gaurko prentsaurrekoan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Euskal Herriko Gaza Global Sumud taldeko kideak, gaurko prentsaurrekoan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Urrestarazu
Donostia
2026ko martxoaren 30a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Global Sumud Flotilla Palestinara joango da berriro, bigarren aldiz. Apirilaren 12an aterako da, Bartzelonatik, eta hamabi euskal herritar joango dira bertan. Sindikatuetako, alderdi politikoetako eta osasun eta hezkuntza arloko elkarte batzuetako kideak joango dira itsasontzietan, Gazara iristeko asmoz.  Ez dute argitu, ordea, nor izango diren parte hartuko duten euskal herritarrak. Espero dute hainbat estatutako 3.000 aktibista inguruk parte hartuko dutela guztira.

Iazko irailean abiatu zen lehenengo Global Sumud Flotilla. Urriaren 1ean, baina, Israelek atzeman egin zituen flotilla hartako kideak, Gazara iristear zeudela, eta 473 ekintzaile atxilotu. Flotilla hartan zihoazen lau euskal herritarrak ere atxilotu zituzten, eta bost egun geroago askatu.

Gaur egin dute prentsaurrekoa Euskal Herriko Gaza Global Sumud taldeko kideek, eta azaldu «ezarrita dagoen itsas blokeoa haustea» dela flotillaren helburu nagusia, baita Gazara laguntza humanitarioa eramatea ere. Nerea Etxeberria taldeko kideak azpimarratu duenez, flotilla «desobedientzia zibil kolektiboko» ekintza bat da: «Gazaren gaineko itsas setioari fisikoki aurre egin nahi diogu». 

Beste helburuetako bat da «konplexu militar-industriala salatzea»: «Armamenturako eta segurtasunerako teknologia esportatzeari uzteko eskatu nahi dugu». Azaldu duenez, euskal herritarren ordezkaritzak «arreta berezia» jarriko dio Euskal Herriko teknologia militarraren erabilera salatzeari, eta zuzenean edo zeharka gerrarako teknologia ekoizten duten enpresak ere salatuko dituzte. Azpimarratu du, halaber, euskal ordezkaritzak «izaera antiinperialista eta antimilitarista sendoa» duela. 

Horrez gain, Espainiako eta Europako erakundeek okupazioarekin duten konplizitatea salatu nahi dute flotillako kideek, eta borroka nazioartekotu. «Euskal Herriko mugimendu sozialen eta Palestinako askapen mugimenduen arteko aliantza sareak lortzea da helburuetako bat», adierazi du Etxeberriak.

Halaber, salatu dute Israelek erasoaldia areagotu duela Gazako zerrendan eta Zisjordanian, «Ameriketako Estatu Batuen eta nazioarteko lobby sionisten babes politiko, ekonomiko eta militarrarekin». Oroitu dute erasoaldia Libanora eta Iranera zabaldu dutela, nazioarteko zuzenbidea urratuta, eta Ekialde Hurbileko ezegonkortasuna areagotu dutela horrela.

Deklaratzera

Horrez gain, Haizea Ziluaga abokatuak salatu du hiru lagun deklaratzera deitu dituztela CAFen aurkako ekintza batean parte hartzeagatik: «Palestinako hilketetan erantzukizun zuzena duten sionistekin kolaboratzen duten euskal enpresen aurka jo ordez, modu baketsuan genozidioa salatzen dutenen aurka egiten du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak».

Auzipetuei babesa emateko, elkarretaratzera deitu dute apirilaren 17rako; 12:00etan egingo dute, Bilboko auzitegiaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA