Global Sumud Flotillak salatu du nazioarteko uretan atzeman dituztela haien ontziak. Israelgo armadako «ontzi multzo handi batek» blokatu du flotillaren martxa, gaur arratsaldean, Gazako zerrendatik 130 kilometro baino gutxiagora zeudenean —70 bat itsas miliara—. Euskal Herrian 19:30 inguru zirenean hasi dira Israelgo armadako ontziak flotillako ontziak inguratzen, eta 23:00etarako sei bat ontzi geldiaraziak zituzten, eta haietako eskifaiak, atxilotuak. Flotillak ohartarazi du nazioarteko uretan gertatu dela Israelgo armadaren ekintza, eta, beraz, «pirateria eta terrorismo» ekintza bat dela. Gainera, ontziak geldiarazteko taktika bortitzak erabili dituztela ere salatu dute: kolpatu egin dutela ontzi bat, eta beste batzuei ur kainoiekin eraso egin dietela.
Ikusi gehiago
Flotillak Tunisian egin zuen geldialdian eraso egin zioten Alma itsasontzia izan da Israelek inguratu duen lehena. «Bi aldeetan ditu Israelgo armadaren ontziak. Gertu daude. Prest gaude atzeman gaitzaten», esan dio Yasemin Acar antolatzaileak Al-Jazeera hedabideari. Segurtasun protokoloak aktibatu dituzte elkartasun ontzidiko kideek, eta ontzien bizkarretara igo dira, flotagailuak jantzita eta jarrera baketsuan, atxilotuko zituztelakoan; eskuko telefonoak itsasora bota, eta, pixkanaka, kamera seinaleak ere galtzen joan dira. Euskal Herrian 21:00ak inguru zirenean atzeman dute Alma ontzia, eta bertako kideak atxilotu.
Surrounded by guns and military vessels, the songs to #FreePalestine continue! pic.twitter.com/p3jTlg29Yr
— Global Sumud Flotilla ✨ (@GSMFlotilla) October 1, 2025
Ontzi horren atzetik geldiarazi dituzte Sirius, Adara eta Spectre ontziak, eta bertako kideak atxilotzeari ekin. Israelgo armadaren arabera, sei ontzi geldiaraziak zituzten 23:00etarako. Global Sumudek berak azaldu duenez, Israelgo armadak gelditzeko agindu die ontzidiko kideei, baina haiek ez diote kasurik eman militarren abisuei, eta Gazako blokeoa hausteko ahaleginean jarraitzeko asmoa agertu dute, eta geldiarazi ez dituzten ontziek aurrera jarraitzen zutela adierazi dute gauerdi partean.
Thiago Avilak, flotillako koordinatzaileetako batek, mezu bat bidali die misioko kideei iluntzean, egindako lanaz harro eta hunkituta. Ahal zuten heinean aurrera jarraitzeko asmoa berretsi du mezu horretan: «Ontzi bat gelditzen badute, beste batek jarraituko du». Martxa horretan jarraituta, Gazako zerrendara ostiraleko goizeko hamarrak aldera irits zitezkeela ere adierazi die bere kideei.
EMERGENCY ALERT ❗❗❗
— Global Sumud Flotilla ✨ (@GSMFlotilla) October 1, 2025
SITUATION ON ONE OF THE BOATS OF THE @GSMFlotilla pic.twitter.com/r6gWvdV6Ae
Armadaren txosten bati erreferentzia eginda, Israelgo zenbait hedabidek azaldu dute flotillako ekintzaileei sinarazi nahiko dietela dokumentu bat, zeinetan onartuarazi nahiko lieketen Israelen legez kanpo sartu direla. Hala egiten dutenak 24 orduko epean deportatuko dituzte, hedabide horien arabera; uko egiten diotenak, berriz, atxilotu egingo dituzte. Italiako Defentsa ministro Guido Crosettok RAI tellebistari adierazi dionez, flotillako osatzen duten 44 ontziak Israelgo Ashdod portura eramango dituzte, eta, han, dokumentua sinatzen dutenak euren herrialdeen esku geratuko lirateke. Global Sumudeko ordezkari batek Al-Jazeerari adierazi dio, ordea, ontzidiko kideek ez dutela sinatuko Israelek emandako paperik.
Orotara 530 ekintzaile inguru joan dira ontzietan. Tartean dira gizarte mugimenduetako ekintzaile ugari, kazetari batzuk, eta zenbait politikari ere bai. Esaterako, Greta Thunberg, Nkosi Zeelivelile —Nelson Mandelaren biloba—, Mariana Mortagua Bloco de Esquerdako politikaria. Chris Andrews Sinn Feineko politikaria, eta Emma Fourreau europarlamentari frantziarra. Horiek eta beste asko atxikitzen ari dira Israelgo militarrak, eta Israelgo Atzerri Ministerioak hala adierazi du: «Greta eta bere lagunak osorik eta salbu daude». Lau euskal herritar ere abiatu ziren flotillan.
GRETA THUNBERG CAPTURED BY THE IDF❗❗❗❗❗❗❗ pic.twitter.com/L5UpPVuoiZ
— Global Sumud Flotilla ✨ (@GSMFlotilla) October 1, 2025
Hamasek gogor gaitzetsi du flotilla geldiaraztea: haren hitzetan, «ekintza kriminal bat» izan da, eta «mundu osoaren haserrea» handituko du. Turkiako Atzerri Ministerioak ere «terrorismo» ekintzatzat jo du. Israelek NBEn duen ordezkariak, berriz, adierazi du bere herrialdeak modu asko proposatu dituela Gazara laguntza eramateko, baina flotillaren asmoa ez zela elkartasuna, baizik eta «probokazioa». Erantsi du atxilotuak Yom Kippur jaiaren ondoren deportatuko dituztela beren herrialdeetara —ostegunean da—.
Flotillaren aurkako oldarraldiak berehalako erantzuna jaso du: mundu osoko hainbat tokitan hasi dira elkarretaratzeak eta manifestazioak egiten; esaterako, Erroman, Berlinen, Atenasen, Bartzelonan, Istanbulen... Hego Euskal Herrian, ostegunean egingo dituzte mobilizazioak, 19:00etan, eta urriaren 15erako lanuzteak ere deitu dituzte sindikatuek. Italian, berriz, greba orokorrerako deia egin dute ostiralerako.
Albaneseren abisua
Francesca Albanese NBE Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako kontalari bereziak gaur ohartarazi du Israelek flotilla atzemanez gero «nazioarteko zuzenbidea urratzen» arituko dela. Izan ere, Gazako urak ez dira «legitimoki» Tel Aviven aginpidekoak. Gainera, flotillaren antolatzaileek telematikoki eman duten prentsaurrekoan Albanesek nazioartearen jarrera gaitzetsi du: «Sinestezina da estatu batek ere ez bermatzea flotillaren segurtasuna Gazako kostaldera arte; honek ondorioak izango ditu».
Goizaldean jaso du ontzidiak lehen abisua, nazioarteko uretan: «Goizeko seiak inguruan, gure itsasontzira gerturatu dira tamaina ertaineko itsasontzi militar bat, itsaspeko bat eta txalupa motordun bat. Gure inguruan bueltaka ibili dira, jarrera mehatxatzailea hartuta», adierazi du Itzik, ontzidian parte hartzen ari den boluntario euskaldun batek. Tarte horretan komunikazioa eten dietela ere gehitu du, baina ziurtatu du Gazara heltzeko helburua dutela oraindik ere.
Izan ere, Israelgo Gobernuak behin eta berriz ohartarazi du ez duela baimenduko flotilla Gazara gerturatzea, eta, ingurua «gatazka eremu bat» dela argudiatuta, armadaren esku hartze bat agintzeko prest agertu da. Israelgo zenbait hedabideren arabera, esku hartze hori nola egin ere zehaztua dute, eta armada praktikak egiten aritu da azken egunetan. Flotilla atzeman aurretik, eguerdian, Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak azken abisua eman die flotillakoei, sare sozialetan: «Ez da beranduegi. Mesedez, eraman ezazue laguntza modu baketsuan Zipreko portura, Ashkelonekora [Israel] edo eskualdeko beste edozeinetara».
%62Italiako biztanleen artean zenbatek babesten duten flotillaren egitasmoa. Italiako biztanleen %62k begi onez ikusten dute Global Sumud Flotillaren egitasmoa. SWG Radar etxeak iragan astean egindako inkesta baten arabera, italiar gehienek uste dute baliagarria izan daitekeela Israelen jarrera gaitzesteko eta Gazara laguntza bidaltzeko. Aldiz, inkesta erantzun dutenen %38k ez dute babesten.
Azken egunotan, Espainiak eta Italiak atzera egiteko gomendatu diete ontzidiko kideei. Oscar Lopez Espainiako Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoko ministroak Palestinako uretan ez sartzeko eskatu die flotillako kideei, La1 telebista katean egin dituen adierazpenetan. Eta gaineratu du ontzidia zaintzeko bidalitako itsasontzia ez dela eremu horretan barneratuko.
Erromak ere hainbat ontzi bidali zituen flotillaren ingurura, jasandako erasoen harira Italiako ontziei laguntza emateko. Bada, atzo gauean ontzidiaren antolatzaileek salatu zuten Italiako Gobernuak flotilla albo batera uzteko asmoa duela arrisku gunean sartzean: «Italiako Atzerri Ministerioak jakinarazi digu flotilla zaintzen ari den fragatak ontzidia uzteko aukera emango diela parte hartzaileei», azaldu zuten antolatzaileek ohar batean.
Iragan astean, zerrendara daramaten laguntza Zipren uzteko aholkatu zion ontzidiari Italiako Defentsa ministro Guido Crosettok, eta Giorgia Meloni lehen ministroak gehitu zuen Italia arduratuko zela hori banatzeaz. Gomendioari uko egin zion flotillak. Atzo Melonik sare sozialetan berretsi zuen laguntza «bide seguruetatik» banatu daitekeela, eta ontzidiari leporatu zion zerrendarako menia bat lortzeko aukerak kolokan jartzen aritzea itsas blokeoa hausten saiatuz.