Hamabost euskal herritar Ginea Bissaun harrapatuta daude, herrialde hartan estatu kolpe bat izan ostean. Militar talde batek eman zuen kolpea, asteazkenean, eta herrialdearen mugak eta aire eremua itxi dituzte.
Ekinbide Donostiako Suhiltzaileak eta Nafarroako Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko erakundeetako kideak dira. Denak ongi daude, mugak noiz irekiko zain. Ekinbideko kideak, Gipuzkoako suhiltzaileak gehienak, azaroaren 10ean atera ziren Euskal Herritik, eta hilaren 24an iritsi ziren Ginea Bissaura. Haietako bat da Jon Etxezarreta, eta harekin hitz egin du BERRIAk: «Dagoeneko kargatu ditugu kamioiak, eta saiatuko gara mugara iristen eta muga pasatzen... Esan dute normaltasuna itzuli dela».
Lehenik igandean sartu nahi izan zuten, baina, hauteskundeak zirela-eta, astelehen arte itxaron behar izan zuten. Biharamunean gertatu zen estatu kolpea: «Izutu egin ginen berria azaldu zenean, baina lasai egon gara». Etxezarretak zehaztu du Bafata hirian zirela estatu kolpea gertatu zelarik, Ginea Bissauko hiri handienetako bigarrenean; kolpea, ordea, hiriburuan gertatu zen, Bafatatik autoz bi ordura.
Kolpearen hurrengo egunean «jai egun» batean izaten den giroaren antzekoa zegoela dio: «Ez zen ezer ireki, ezta eskolak ere, ezer ez; ez zen inor kalean». Gaur, haatik, «normaltasuna» itzuli omen da, eta, jakinarazi zaienez, posible izanen dute muga pasatzea.
Etxezarretak kontatu du itzultzailearekin mintzatu direla herriaren egoera politikoaz, eta herritarrak ere «lasai» egon omen direla. «Esan digu hau bi egunetan pasako dela, zeren askotan pasatu baita, eta hemengo bizilagunak lasai egon dira. Estatu kolpeak ugariak baitira hemen. Besterik ez digute esan; ez dute asko kontatu».
Euskal Herrira itzultzeko zain daude batzuk, baina beste batzuek Sierra Leonarako bidea hartzeko asmoa dute, «hango suhiltzaile zerbitzuan bi kamioi uzteko», Etxezarretak azaldu duenaz. Bafata eta Gabu hirietako suhiltzaile parkeetako kideei prestaketa lanetan laguntzera joanak ziren.
Estatu kolpea
Igandean egin zituzten hauteskundeak Ginea Bissaun, eta, emaitzak argitara eman aurretik, bi hautagai nagusiek, Umaro Sissoco Embalo presidenteak eta Fernando Dias da Costa oposizioko buruak, euren burua garailetzat jo zuten. Prozesua, baina, berehalakoan eten zen, armadako buruzagitza militarreko talde batek estatuaren «erabateko kontrola» hartu zuela iragarri baitzuen asteazkenean, telebista bidez transmititutako agerraldi batean.
Ordena Nazionala Berrezartzeko Goi Komando Militarra izena ezarri zioten arduradun militar horiek euren taldeari, eta Horta Nta Na Man jeneralak hartu du agintea. Hala, jakinarazi dute Embalo ez dela jada presidente; hainbat hedabideren arabera, atxilotu egin dute.
Militarren esanetan, Ginea Bissauko zerbitzu sekretuek herrialdea «desegonkortzeko» plan baten berri izan zuten, eta hainbat politikariri egozten diete hauteskundeetako emaitzak «manipulatu» nahi izatea.
Oposizioak, baina, bestelako iritzia eman du. Dias da Costak «asmakizunetan» aritzea egotzi dio Embalori, eta ukatu egin du estatu kolpe bat eman dela. Haren esanetan, bozak galdu izana ukatu nahia dago presidentearen jarreraren atzean, eta salatu du Embaloren «gertuko jendea» dela agintaritza militarra hartu duena.
Dias da Costak adierazi du bera atxilotzen saiatu direla, baina ihes egin duela, «herritarrek lagunduta». Era berean, baina, jakinarazi du Domingo Simoes Pereira lehen ministro ohia atzeman dutela. Hura litzateke oposizioko liderra, baina, arrazoi teknikoak argudiatuta, ez zioten bozetara aurkezten utzi.
Ez da militarrek Embalo presidentearen kontra egiten duten lehen aldia. 2020an presidentetza hartu zuenetik, estatu kolpea emateko bi saiakera izan dira herrialdean. Urriaren amaieran ere, hainbat militar atxilotu zituzten, kolpe bat prestatzen ari zirelakoan. Denera, 1974an independentzia eskuratu zuenetik, hamazazpi estatu kolpe edo saiakera izan dira.