Hamaikabat ez da gehiago hauteskundeetan izango, aurtengo emaitzak ikusita

Gaur egun dituzten kargu publikoei eutsiko diete; alderdiaren etorkizuna gaur erabakiko dute

Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Hamaikabat alderdiak ezohiko batzarra egingo du gaur, Donostian, etorkizunari begira bere ibilbidea zehazteko erabakiak hartu asmoz. Bozetan izandako emaitzak ikusirik, gehiago ez aurkeztea erabaki du alderdiak.

Gaur onartuko duten agirian azken hauteskundeetan «erabateko porrota» jaso zutela aitortu du alderdiak. Hortaz, Hamaikabatek hautes esparru propiorik ez duela iritzita, hauteskundeetan gehiago ez aurkeztea erabaki du: «Hegoaldeko lau herrialdeetako hainbat tokitan organizaziorik gabe edo organizazio oso mugatuarekin, hauteskundeetara aurkezteko aukerarik gabe, Hamaikabaten ibilbideari amaiera eman beharra dago, Euskadi mailako ohiko alderdi politiko gisa».

Gaur egun dituzten kargu politikoei eutsiko dietela jakinarazi dute: «Zenbait erakundetan Hamaikabaten ordezkari diren gizon-emakumeek herritarrekin eta hautatuak izan diren udalekin duten konpromisoa betetzen jarraituko dute».

Alderdiaren etorkizuna gaur erabakiko dute, Donostian, ezohiko batzarrean. Halaber, alderdia ez dela desegingo jakinarazi dute, eta alderdiez gaineko lan gune bilakatzeko borondatea erakutsi dute. Hala, lan gunearen izena, forma juridikoa eta antolaketa batzorde bultzatzaile batek finkatuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.