Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa. Iñaki Arratibel. Hamaikabat alderdiko presidentetza kolegiatuko kidea

«Hamaikabat orain ez denez aurkeztuko, logikoa da EAJ babestea»

enekoitz esnaola
2015eko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Hamaikabat alderdiak martxoaren 28an Donostian egindako batzar nagusian erabaki zuen datozen foru hauteskundeetan EAJren aldeko botoa eskatzea. Iñaki Arratibel Olaziregi (Hernani, 1967) H1-eko presidentetza kolegiatuko kideak dio beren ibilbidearekiko erabaki koherentea dela. Hernaniko EAJren taldean doa hura, 13. tokian, independente modura. 2011ko hauteskundeez geroztik H1Gipuzkoara mugatu da. Han ditu kargu instituzionalak: hamabi zinegotzi.

Nola joan zen Hamaikabatekmartxoan egin zuen batzar nagusia?

Azkeneko urtebetean hausnarketa bat egin dugu alderdian, ikusteko nola geunden eta datozen foru hauteskundeetara begira zer egin aztertzeko. Erabaki bat hartu behar genuen, eta batzar nazionalera deitu genuen martxoaren 28rako. Bi hautu azaldu ziren: EAJren aldeko botoa eskatzea zen bat, eta, betiere Gipuzkoan aldaketa behar dela garbi izanda, harentzat botoa ez eskatzea zen beste aukera bat. Aurrenak irabazi zuen, batzarreko %75en babesarekin. Erabaki hori Gipuzkoako hauteskundeetara begirakoa da, ez udaletara begirakoa.

Zein da udal bozetako erabakia?

Hamaikabat dagoen herrietan talde bakoitzak bere erabakia hartu du. Geure markapean ez gara aurkeztuko udal hauteskundeetara, eta herrietako talde gehienek EAJ babesteko eskatu dute; alderdikide batzuk EAJren udal zerrendatan sartu dira. Neu Hernanikoa naiz. 2011n, bi zinegotzi lortu genituen, eta, orain, bi kide EAJren taldean goaz, atzealdean. Andoainen ere badoazzerrendan, eta aurrealdean, gainera. Donostian ere bada alderdikiderik, Errenterian... Ordea, Azpeitian, jendaurrean ez dute babestuko EAJ, eta zerrendan ere ez doaz. Zegaman EAJk eta biok herritar hautagaitza bat sortu dugu.

2011n «porrot» egin zenutelaaitortu zenuten.

Gipuzkoarrek duela lau urteko hauteskundeetan apustu garbi bat egin zuten: Bilduren aldekoa. Batzar Nagusietan 22 aulki lortu zituen, eta gehiengo osotik gertu geratu zen [lau batzarkidera]. Orduko hitzordua baino lehen, guk bi aukera genituen: etxera joan edo proposamen bat aurkeztu. Aurkeztu genuen, baina zortzi mila boto bakarrik eskuratu zituen. Jipoia jaso genuen. EAJ ere oso gaizki geratu zen Gipuzkoan. Herritarren erabaki demokratikoa errespetatu besterik ez zegoen, eta hala egin dugu. Orduko egoera berezia zen, eta kontuan hartu behar da emaitza haiek baloratzeko. Bake giro bat zegoen,eta Bilduk etekina atera zion.

Zein da, zuen ustez, oraingo egoera?

Zeharo desberdina da. Bakea egonkortuta dago, eta urteotan jendeak ikusi du Bildu nola moldatu den kudeaketa instituzionalean. Gure ustez, penagarri aritu da kudeaketan. Gainera, ez du onartzen ez daukala gehiengo osorik Batzar Nagusietan, eta, beraz, ez ditu haren erabakiak onartzen. Legealdiko lehen urteetan lortu zituen akordio batzuk EAJrekin eta PSErekin; azkeneko partean ez, ez baita gai izan.

Zuen alderdikide izandakoak EH Bildun daude: EAkoak. Nola ikusten dituzu?

Koalizio barruan, ezker abertzalearen makulu bat bilakatu da EA. Orain lau urte, artean ez zen ikusten hori, jakina. Orain, bai, eta herriz herri, EA barruan mugimenduak daude. Gernikan Gorroño alkatea ez doa EH Bildun, EAJrekin bere taldeak koalizioa osatuta baizik. Deban EAk boto askatasuna eman die afiliatuei. Duela lau urtekoaren aldean, beste zerbait pasatuko da orain.

Eta zer dauka EAJk, Hamaikabaten ustez?

Guk beti defenditu dugu abertzaletasun historiko eta instituzionala. Orain ez gara aurkeztuko. Beraz, EAJ babestuko dugu. Logikoa da.

Badirudi Gipuzkoan PSE-EErekin gobernu akordioa egiteko prest dagoela EAJ. Zer irizten diozue?

Lehendabizi ikusi behar da zer emaitza lortzen diren maiatzaren 24an. Dena dela, egiten dutena eginda, demokratikoa izango da. Alderdiek gobernu akordioak egitea demokratikoa da. EH Bilduk dio bera bada boto gehien lortzen duen indarra, besteek bat egitea lapurreta dela. Baina berak 2011n Lasarte-Orian egin zuena—alkatetza hartzea galaraztea PSEri, boto gehien zuenindarrari—, demokratikotzat jotzen du. Hor ikusten da nolakoa den haren jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.