Hamalau lagun atxilotu dituzte Bilbon, desordena publikoak egotzita

Abando auzoko bi tokitan izan diren istiluetan egin dituzte atxiloketak, goizaldean. Ertzaintzaren arabera, lehen istiluan 200 lagun inguruk objektuak jaurti dizkiete poliziei, eta istiluen aurkako materiala erabili dute.

Ertzaintza istiluen aurkako materialarekin, gaur goizaldean, Bilbon. BERRIA
Ertzaintza istiluen aurkako materialarekin, gaur goizaldean, Bilbon. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2026ko abuztuaren 30a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Aste Nagusiko azken egunean istiluak izan dira hainbat gazteren eta Ertzaintzaren artean. Guztira, Poliziak hamalau lagun atxilotu ditu desordena publikoak egotzita, haietako bost adingabeak. Istiluak Abando auzoko bi tokitan gertatu dira, goizaldean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, lehen abisua 05:20 aldera jaso dute: Abandon hainbat lagun borrokan ari zirela esan diete, Gogorregi txosnatik gertu. Ertzaintza bertaratu da, eta Poliziak kontatu du 200 lagun inguruk hartu dituztela agenteak, botilak jaurtiz. Ondorioz, oldartu egin da Ertzaintza, eta istiluen aurkako materiala erabili du.

Hamabi pertsona atxilotu dituzte bertan, eta ertzain etxera eraman. Guztiak gizonezkoak dira, bost 15 eta 17 urte artekoak, eta gainontzekoak 18 eta 34 urte artekoak.

Geroago, 06:00 aldera, Udaltzaingoak laguntza eskatu du Abandoko beste puntu batean. 19 urteko beste bi mutil atxilotu dituzte, haiek ere desordena publikoak eragitea egotzita, eta 17 urteko beste bati espedientea ireki diote Mozal legea baliatuta.

Segurtasun Sailak salatu du esku hartze horien ondorioz hainbat polizia artatu behar izan dituztela, eta Ertzaintzaren auto batek ere kalteak izan dituela.

Babesa Poliziari

Jaurlaritzak, ohar berean, «elkartasuna, babesa eta beraien lanaren aitortza» helarazi die poliziei, gertakariak gaitzetsi ditu, eta gehitu du «jaia eta substantzien eta alkoholaren kontsumoa» ez direla inoiz erabili behar «indarkeriazko jokabideak justifikatzeko».

Gainera, euskal gizarteari eta familiei dei egin die «segurtasuna eta bizikidetza arriskuan jartzen dituzten portaerak baztertzeko, eta herritar guztien segurtasuna bermatzearen alde lan egiten dutenen aurkako errespetu falta eta indarkeria ez normalizatzeko».

Era berean, adierazpenak egin ditu Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. «Maitasuna» helarazi die agenteei, eta «eskerrik beroenak» eman dizkie: «Euren lesioetatik errekuperatzeko desiorik onenak eman nahi dizkiet. Desiorik onenak, zergatik? Kaleetan behar dugulako gure Polizia, baina ez guk bakarrik, jendeak behar du gure Polizia».

Bestalde, Aburtok kontatu du aurten inoizko bisitari gehien zenbatu dituztela Aste Nagusian, bi milioi lagunetik gora. Guztira, 243 pertsona atxilotu edo ikertu dituzte, iaz baino gehixeago, eta 1.006 tramite bideratu ditu Poliziak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA