Ertzainak gizon bat ikertzen ari dira Donostian, hamalau neska adingaberi sexu erasoak egitea egotzita

Neska bati gozoki denda batean egindako erasoak ikertzen hasi ziren poliziak ekainean; ikertu ahala, 2020ra arteko kasuak atzeman dituzte. Behin-behinean preso dago gizona. 22 urte ditu. Erasoak «bereziki larriak» direla esan du Segurtasun Sailak.

Donostiako Amara Berri auzoan gozoki dendaren aurrean uztailaren 3an eginiko elkarretaratzea. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Donostiako Amara Berri auzoan gozoki dendaren aurrean uztailaren 3an eginiko elkarretaratzea. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
arantxa iraola
2026ko abuztuaren 20a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekainean hasi zuten ikerketa ertzainek. Donostiako gozoki denda batean bi sexu eraso egin zizkiotela salatu zuen neska adingabe batek; establezimenduko arduraduna zen gizona atxilotu zuten, eta ikertzen hasi ziren. Aurretik eraso gehiago ere egin zituela ondorioztatu dute ikerketan: hamalau leporatu dizkiote. 10-18 urte arteko neskei egindakoak ziren. Denek deklaratu dute orain ertzainen aurrean. 2020ra arteko kasuak atzeman dituzte. «Ikertutako gertaerak bereziki larriak dira, eta elementu komunak dituzte nolakotasunari eta jarduteko moduari dagokienez», nabarmendu du gaur Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ikerketaren berri emateko plazaratu duen oharrean. 

Oraindik identifikatu gabeko biktima gehiago ere egon daitezkeen susmoa dute ertzainek. Horiek horrela, deia egin dute: inork erasoren baten berri eman nahi badu beraiengana jotzeko esan dute. 112 telefonora deitzeko edo polizia etxeren batera joateko eskatu dute. Izan ere, ikerketa martxan dago oraindik; kasuen arteko loturak-eta aztertzen ari dira orain. Adingabeen Fiskaltza ere jakinaren gainean dago. 

Behin-behineko espetxealdian dago gizona atxilotu zutenetik. 22 urte ditu. Ikerketa abiatu eta berehala, zein neurri eta taxu hartzen ari zen ikusita, Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko Atal Nagusiaren esku jarri zuten, eta hantxe jarraitzen du. Gaur jakinarazi dituzten datuen arabera, ikertzen ari diren erasoetako bat ikertutako gizona adingabea zenekoa da. Gainerako guztietan 18 urteak beteak zituen. 

Uztailean

Orain arte ekainean salatutako kasua bakarrik zen ezaguna. Uztailaren 3an, zehazki, Itaia Emakumeen Erakunde Sozialistak eta Amara Berriko Gazte Asanbladak deituta, protesta bat egin zuten adingabe bati gozoki denda batean egindako erasoak salatzeko. Gaur jakinarazi du Segurtasun Sailak biktimen kopurua askoz ere handiagoa izan daitekeela.

Uztaileko protesta hartan Indarkeria matxistaren aurka. Kaleak hartzeko unea da zioen pankarta zabaldu zuten, sexu erasoak arbuiatzeko eta justizia eskatzeko kartelak eskuetan zituztela. Ohar bat irakurri zuten. Hauxe mezua: «Ezinbestekoa da indarkeria matxistaren aurkako borroka indartzea; eta bide horretan matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei aurre egiteko beharra azpimarratu nahi dugu: indarkeria matxistaren normalizazioa dakarrelako eta, ondorioz, erasotzaileen inpunitatea areagotzen duelako».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA