Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hamar biztanletik bat gizarte bazterketan bizi da, hau da, 259.000 pertsona inguru, eta horietatik 84.000 muturreko egoeran ( %3,9). Ia lautik batek ezin dio aurre egin ustekabeko gastu bati. Caritas elkarteak argazkia atera dio 2018 eta 2024 tarteko epealdian hiru probintzietan gizarte bazterkeriak izan duen bilakabideari. Egindako lanean, gizarte bazterketaren askotariko dimentsioak xehatu dituzte: lan esparrua, etxebizitza, osasuna eta harreman sozialak, besteak beste. Bereziki gizartearen prekarizazioaren gorakada nabarmendu dute.
Txostenean, gizartea honela banatu dute: erabat integratuta daudenak —euren egunerokoa aurrera eramateko arazorik ez dutenak—, integrazio prekarioan daudenak —arazoren bat dutenak— eta gizarte bazterkerian bizi direnak. Azken multzo horren barruan, muturreko bazterketan daude batzuk. Datu zehatzak eman dituzte: EAEn, 84.000 pertsona bazterketa larrian bizi dira; 259.000, gizarte bazterketan; eta 755.000 inguru, gizarte bazterketan egoteko arriskuan.
Txostenaren koordinatzaile Thomas Ubrichek adierazi du gizartea banatzeko erabili dituzten mailak ez direla finkoak, eta egun batetik bestera maila batetik bestera igaro daitekeela. Integrazio prekarioaren multzoan jarri du arreta, eta adierazi du maila hori «itxaronaldi toki bat» dela: «Bertan daudenak euren arazo bakarrak azkar konponduz gero, erabat integratutakoen mailara igoko dira; baina beste kolperen bat hartuz gero, bazterkeriara eroriko dira».
«Indarrean dagoen eredua ekologikoki jasanezina eta sakonki indibidualista da»
THOMAS UBRICHÂ Txostenaren koordinatzailea
Prekaritatea zer den argi esan du: «Lasai bizitzeko ezintasuna». Ezintasunik ezaren askotariko eragileak deskribatu ditu: suspertzen ari den baina egunetik egunera prekarioagoa den lan mundua, etxebizitzen inguruko krisialdia —prezioen gorakada «deskontrolatua», gastuei aurre egin ezina, baliabide ekonomikoen ondorioz osasungaitzak diren etxeetan bizitzea eta abar— eta osasun mentalaren larrialdia, besteak beste. Egungo sistemaren itzalak argitaratu ditu: «Indarrean dagoen eredua ekologikoki jasanezina eta sakonki indibidualista da».
Hobekuntzak bai, baina ez nahikoak
2018ko datuen aldean, datuek hobeak dirudite. Izan ere, gizarte bazterketan daudenen kopurua 300.000 pertsona pasatxotik 259.000ra jaitsi da. Bizkaiko Caritaseko Ana Sofi Telletxeak nabarmendu du 2020 eta 2022 bitartean diru sarreren arteko desberdintasuna murriztu zela, eta horrek beherakada eragin zuela muturreko pobrezian eta pobrezia arriskuan. Halere, gizarte bazterkeriako arazorik ez dutenen ehunekoa txikitu egin da —%59,1etik (2018) %53,5era (2024)—, eta bazterketa horretara erortzeko arriskuan daudenen kopuruak zortzi puntu egin du gora: 2018an, biztanleen %27 ziren, eta iaz, %34,7. Labur esanda, okerren zeudenak gutxiago badira ere, onenean zeudenek okerrera egin dute, eta, ondorioz, erdialdeko sektorea handitu egin da.Â
Halere, azpimarratu du gabezia materialek eta sozialek gora egin zutela: «Biztanleen %22,5ek ezin diote aurre egin ustekabeko gastu bati, eta %12k ezin dute etxea tenperatura egokian eduki». Azaldu duenez, azken sei urteetan soldatak %17 handitu badira ere, erosahalmena ez da hobetu, bizitzaren garestitzea dela eta. Gaineratu du prekaritatea oso nabarmena dela lan munduan, eta lan egiteak ez duela gizarteratzea bermatzen; «aurrerapauso errealak dira, baina ahulak eta osatugabeak» adierazi du.
Bi eledunek etxebizitzaren krisialdia izendatu dute «desberdinkeriaren eta bazterketaren epizentro» gisa. Datu esanguratsu batzuk aipatu dituzte: biztanle guztien %17 bizi dira alokairuan, baina pobrezia arriskuan daudenen artean %52 dira alokairuan bizi direnak; 2018az geroztik, alokairuen prezioak %16 inguru egin du gora; eta ohartarazi dute alokairua ordaindu ostean familien %13 —122.000 inguru— muturreko pobrezian geratzen direla. Eta hori ordaintzeko ahalmenik ez dutenak ere izan ditu hizpide Ubrichek: «Baliabide ekonomikoen faltagatik, asko osasungaitzak diren etxeetan bizi dira».
«Biztanleen %22,5ek ezin diote aurre egin ustekabeko gastu bati, eta %12k ezin dute etxea tenperatura egokian eduki»
ANA SOFI TELLETXEA Bizkaiko Caritas
Baliabide ekonomikoek zuzen-zuzenean eragiten diote osasunari. Txostenean ondorioztatu dute biztanleen %9k bazterkeria jasaten dutela osasunaren esparruan. Horren adibide modura, kontatu dute 157.000 pertsona inguruk ez dutela baliabiderik behar dituzten botikak erosteko, eta biztanleen %13k gosea pasatu dutela azken hamar urteetan. Buru osasuna ere jorratu dute gaurko agerraldian. Arlo horretan, Telletxeak azaldu du sektore profesionalean segurtasunik ez izateak eragin zuzena duela antsietatean eta depresioan.
Hain zuzen ere, lanaren esparruan eta ondorioz bazterketa sozialean zailtasun gehien dituztenen ezaugarriak xehatu dituzte jarraian. Telletxeak azaldu du bazterketa mota hori gehien bizi dutenak atzerritarrak direla. Eta datu zehatzak eman ditu: atzerritarren %41ek jasaten dute gizarte bazterketa. Haien jarraian, haurrak eta gazteak aipatu dituzte, eta esan adin txikikoen aurkako bazterketa %20koa dela. Baztertutako biztanleriaren bi heren adin txikikoak dituzten familiak dira. Eta, azkenik, emakumeak izendatu dituzte. Azpimarratu dute haiek lan mundura sartzeko bidea dela atzeman duten gabeziarik handiena, eta horren kausa nagusia zaintza lanen banaketarik eza dela.