Hamar ikasletik bederatzi, aukeratutako lehen ikastetxera

2025-2026ko ikasturteko matrikulazio datuen arabera, HH2ko ikasleen %95ri aukeratutako lehen eskola esleitu diete; %1,5 bideratu dituzte gurasoek aukeratu gabeko eskola batera.

Haur batzuk eskolan, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Haur batzuk eskolan, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko urriaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila orain hiru ikasturte hasi zen eskola segregazioaren aurkako neurri irmoagoak hartzen. Neurri hau izan zen entzutetsuena: ikastetxeek ikasle zaurgarrientzako lekuak gorde beharko zituzten, eta, horrenbestez, ikasle gutxiagok izango zuten aukeratutako lehen eskolara joateko aukera. Oraindik ere, aldian-aldian, berpizten da eztabaida. Esaterako, Bermeoko (Bizkaia) bost familiak maiatzean salatu zuten matrikula herriko eskola publikoan egin nahi zuten arren itunpekoetara bideratu zituztela. BERRIAk 2025-2026ko ikasturteko matrikulazio datuak eskuratu ditu, eta, HH2 Haur Hezkuntzako bigarren mailan, hamarretik bederatziri eman diete lekua aukeratutako eskolan.

Adinka banatuta daude matrikulazio datuak. Haur Hezkuntzako bigarren mailan, 11.450 ume matrikulatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietako 10.923ri (%95,4) aukeratutako lehen eskola esleitu diete; 271ri (%2,4), zerrendako bigarren ikastetxea; 53ri (%0,4), hirugarrena; 32ri (%0,3), zerrendan aukeratutako beste ikastetxe bat; eta 171 (%1,5) bideratu dituzte gurasoek aukeratu ez duten ikastetxe batera.

171

Zenbat ikasle bideratu dituzten gurasoek aukeratu gabeko ikastetxeetara. 2025-2026ko ikasturtean, HH2ko 171 ume bideratu dituzte beraien gurasoek aukeratu gabeko ikastetxeren batera —HH2ko ikasleen %1,5—.

Jaurlaritzak iragarri zuen urtez urte progresiboki ezarriz joango dela neurria; hala, heldu den ikasturtean HH2n, HH3n eta HH4n izango du eragina. Aurten, antzekoa da egoera bi maila horietan ere. 1.472 matrikula berri egon dira HH3n. Horietatik 1.292 (%87,8) joan dira aukeratutako lehen ikastetxera; 101 (%6,9), bigarrenera; hamasei (%1,1), hirugarrenera; 11 (%0,7), zerrendan aukeratutako beste ikastetxeren batera; eta 52 (%3,5) aukeratu ez zuten ikastetxe batera. HH4n, berriz, 370ek eman zuten izena lehenengoz. 297k (%80,3) lortu zuten lehen aukeran sartzea; 36k (%9,7), bigarrenean; hamabik (3,2), hirugarrenean; zortzik (%2,2), beste aukeraren batean; eta hamazazpi (%4,6), aukeratu gabeko ikastetxe batera bideratu dituzte. Beste mailetan lehen aukeran sartu direnen ehunekoa zergatik den apalagoa HH2n lehen aukeran sartu direnena baino? Ikasle bat eskola batean matrikulatzen bada, bermatu egin behar diote bertan jarraitu ahal izatea, hala nahi badu behintzat. Hortaz, gerta daiteke beste mailaren batean lehenengoz eskolatu nahi duten haurrarentzako eskola jakin batean lekurik ez egotea jada.

Beste mailetan, zer?

Horiek horrela, ba al dago alderik gainerako mailekin? Ez; ez alde nabarmenik behintzat. HH5en, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere ikasle guztiak ez dira aukeratutako lehen eskolara joaten, gerta daitekeelako zentroan lekurik ez egotea-edo. Adibidez: HH5en, 304 ume matrikulatu zituzten lehenengo aldiz. Horietatik 271 (%89,1) joan dira hautatutako lehenengo ikastetxera; hemeretzi (%6,3), bigarrengora; zazpi (%2,3), hirugarren aukerara; hiru (%1), beste aukeraren batera; eta lau (%1,3), aukeratu ez zuten ikastetxeren batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.