Urriaren 2an iragarri zuen bere agurra, ezustean —neurri batean—, eta urriaren 16an gauzatu du agindutakoa: Eneko Goiak dimisioa eman du gaur, eta dagoeneko ez da Donostiako alkate. Hunkituta eta begiak malkotan zituela agurtu da. Izan duen ardura «zoragarria» dela esan du, bai eta «gogorra» ere, eta eskerrak eman dizkie donostiarrei lehen-lehenik eta EAJ alderdiari ondoren. Ez ditu ahaztu Donostiako Udaleko langileak, udalbatzako kideak eta, azkenik, baina modurik sentituenean, haren familia. «Ondo esanak ondo hartu eta gaizki esanak barkatu» esaera ezagunarekin jarri dio amaiera alkate aldiari.
Haren lekua, behin-behinean, Nekane Arzallus orain arteko alkateordeak hartu du. Egun gutxi egingo ditu hark aginte makilarekin; izan ere, EAJk, aurreko astean, Parte Zaharrean egindako ekitaldi politikoan eszenaratutako erreleboak argi utzi du alkatetza Jon Insaustirentzat dela. Euskara eta Turismo zinegotzia hil honetan bertan izendatuko dute Donostiako alkate, urriak 29 edo 30 dituela.
Ikusmin handia egon da agurreko osoko bilkura berezian. EAJko agintari gorenak egon dira Donostiako udaletxean, Goia babesten, baita haren familia ere. GBBko presidente Euge Arrizabalaga; haren aurrekoa, Joseba Egibar; Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza, eta EBBko presidente Aitor Esteban bera ere ekitaldian izan dira. Guztien bostekoak eta besarkadak jaso ditu Goiak osoko bilkura bukatzean. Sareen bidez 80.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute ekitaldia.
EAJko presidente Esteban Euskadi Irratian izan da goizean, eta Goiaren dimisioari erreparatu dio, iragarpen argi bat eginez: «Iritsi nintzenean esan nuen beste erreferente batzuk sortu behar genituela. Beste mugimendu batzuk egingo ditugu, eta garai egokian emango dugu horien berri, egin behar denean, egiten badira, bai hemen eta bai beste leku batzuetan».
Beraz, Goiak alkatetza uztea egokia dela esan gabe, Estebanek aditzera eman du EBBk begi onez ikusten duela Donostian egondako erreleboa, eta iradoki du agintaldia amaitzerako beste udal agintari batzuek ere ardura postuak utz ditzaketela. Bilboko alkate Juan Mari Aburtori etengabe galdetzen diote horri buruz egunotan kazetariek.
Guztien hitz onak
Azken hauteskundeen emaitzak ez ziren oso onak izan gaur arte Donostiako alkate izan denarentzat. 15.000 botoren aldea atera zion EH Bilduko hautagaiari 2019an, baina 900 boto ingurura murriztu zen alde hori 2023an, Juan Karlos Izagirre koalizio subiranistako alkategai izan zela.
Goiaren agurrean hitz onak baino ez dituzte izan beste udal taldeetako ordezkariek. EH Bilduko eledun Juan Karlos Izagirrek eskertu egin dio Goiari oposizio lana errespetuz egin izana Izagirre bera alkate zenean, eta hark ere gauza bera egin duela Goia aginte makila izan duen bitartean: «Zintzotasunez aritu». Onena opa dio Izagirrek Goiari bere «aro berrian».
Antzera aritu dira gainontzeko eledunak. Alkatearen lekukoa hartuko du Jon Insausti jeltzaleak, eta esan du «inork ere» ezingo duela zalantzan jarri Goiak «zenbat maite duen Donostia», eta hiru agintalditan bazkide izan duen PSE taldeko eledun Ane Oiarbidek esan dio, txantxa moduan, aurrerantzean aukera izango duela «ez hain serio eta hain lotuta» aritzeko.
09:30ean abiatutako osoko bilkuran egin du bere azken hitzaldia alkate gisa Goiak, hiriaren inguruko balorazioa eginez: apenas egon den autokritikarik bere legatuaz aritu denean, eta turismoaren arazoak alboratu egin ditu, nahiz eta alor horretan egin dituen politikak higadura nabarmena eragin dioten donostiarren artean. 2030erako 4.000 etxebizitza eraikiko dituztela agindu du. Ez alferrik, onartu du etxebizitza dela gaur egun donostiarrek duten arazorik handiena.
Bide beretik
Edonola ere, promesa hori betetzea ez da Goiaren esku egongo. 2030ean beste udal gobernu bat egongo da Donostian, aurretik hauteskundeak egingo baitira 2027an. Boz horietarako prestatzeko bi urte izango ditu Jon Insaustik alkate gisa; ondo bidean, alkategai jeltzalea izango da Insausti, eta bere soslai politikoa indartzeko tartea izango du; alegia, inkestek islatzen duten EH Bilduren hazkundeari aurre egiten saiatzeko denbora.
Insaustik ez du ezusterik eman gaur, eta Goiaren bideari jarraituko diola ziurtatu du. Bi aste barru hartuko du aginte maila, eta gaur Goiak egindako lana goraipatu du: «Donostiak oinarri sendoak ditu, eta prest dago etorkizuneko erronkei erantzuteko». Haren ustez, Goiak «lan bikaina» egin du, eta esan du «oztopo ugari» gainditzen jakin duela. «Donostiarren beharrei erantzuten asmatu du».
Â