Goiaren agurra losintxa eta kritika artean

Duela hamar urtekoa baino Donostia hobea utziko duela sinetsita, alkate gisa martxan jarritako proiektuak azpimarratu ditu Eneko Goiak. Oposizioak kritiko erantzun dio, eta autokritikarik egin ez izana egotzi. Arratsaldean utziko du kargua.

Eneko Goia gaurko ezohiko osoko bilkuran, udal gobernuko kideak ondoan dituela. JUAN HERRERO / EFE
Eneko Goia gaurko ezohiko bilkuran, udal gobernuko kideak ondoan dituela. JUAN HERRERO / EFE
aitor biain
2025eko urriaren 16a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eneko Goiak gaur utziko dio Donostiako alkatea izateari. Hiru agintalditan, hamar urtez izan da karguan, eta gaurko ezohiko osoko bilkura izango du azken saioa. Aldi horren balantzea egiteko baliatu du Goiak goizeko saioa, hain justu ere. Lehen hitzak, baina, donostiarrei eskerrak emateko izan ditu, haiek emandako «konfiantzari esker» izan baita hiriko agintari goren: «Ardura handia da alkatea izatea, baina baita ohorea ere».

Atzera begiratu eta hamar urteko errepasoa egin du bere hitzaldian Goiak. Berak hartutako erabakiak izan ditu hizpide, baina baita beste batzuek hartu dituztenak ere, «denek eraldatu baitute Donostia», haren hitzetan. Duela hamar urteko hiria eta gaur egungoa alderatu ditu, «gauzak azkarregi ahazten» direla ohartarazita. Izan ere, gogorarazi du 2015ean, kargua hartu zuenean, Donostia «geldialdian» zegoela: «Burututako proiektu bakanak aurretik zetozenak ziren. Horren erakusgarri dira autobus geltokia, Tabakalera eta kultura hiriburutza».

Adierazi du udalaren «egonkortasuna» lehenetsi duela hasieratik, eta jeltzaleen eta sozialisten arteko koalizioak hori lortu duela. «Donostiak aurrera egin du urte hauetan, eta aurrera egin behar du. Prestatuta dago etorkizunari arrakastaz aurre egiteko», nabarmendu du. Eta, jarraian, talde horrek martxan jarritako proiektuak izan ditu ahotan, alorrez alor entresaka eginda: mugikortasuna, turismoa, etxebizitza, zientzia hiria, segurtasuna, ekonomia...

Etxebizitza, erronka nagusi

Mugikortasun jasangarriari buruz, esan du udal taldeak egindako «apustu nagusietako bat» izan dela eta hiria «eraldatzea» ekarriko duela. Metroa da haietako bat, hain zuzen ere. Goiak aitortu du proiektu «konplexua eta luzea» izan dela, eta albo ondorio ugari ekarri dituela, baina adierazi du «ahaleginak» saria izango duela. Abiadura handiko trenari buruz, berriz, azaldu du «lan handia» egin dutela geltokia hirian integratzeko, eta Iruñearekiko lotura hobetu behar dela, Ezkioko lotunearen bitartez.

Bada, egitasmo horien defentsa egin du alkateak: «Badakit aldaketa eta erabaki asko zalapartatsuak izan direla azken urteetan gure hirian, baina helburua argia izan da: garraio publikoa indartzea eta ibilgailu pribatuaren erabilera apaltzea. Ez daukat zalantzarik falta diren piezak amaitutakoan inork ez duela lehengora itzuli nahiko».

«Badakit aldaketa eta erabaki asko zalapartatsuak izan direla azken urteetan. Ez daukat zalantzarik falta diren piezak amaitutakoan inork ez duela lehengora itzuli nahiko»

ENEKO GOIA Donostiako alkatea

Turismoari buruz, oroitarazi du Donostia «aurrenetakoa» izan zela hazkundea kontrolatzeko neurriak hartzen, baita etxe turistikoei dagokionez ere. Baina ñabartu du turismoa «jarduera garrantzitsua» dela hiriarentzat, herritar askoren «ogibidea» delako, eta, beraz, «zaindu beharrekoa». Ildo horretan, tasa turistikoa hirien esku geratu izana «berri ona» dela esan du.

Etxebizitza politika ere izan du hizpide Goiak, eta aitortu du egoera «okertu» egin dela Donostian azken urteetan. Zehaztu du bera agintean denetik 4.300 etxebizitza berri merkaturatu dituztela, eta beste mila eraikitzen ari direla orain. «Baina argi dago ez dela nahikoa», esan du. Horregatik, proposatu du hiri antolamenduko plan orokorra aldatzea, nagusiki etxe babestuak eraikitzeko: «Ez daukagu denbora galtzeko». Helburua 2030 bitarte beste 4.000 etxebizitza eraikitzea da.

Horri lotuta, gogorarazi du Donostia tentsio handiko eremua dela jadanik. Goiak adierazi du horri esker hartutako neurriak eraginkorrak izatea espero duela, baina berretsi du «zalantzak» dituela zenbateraino izango diren. «Ez litzaidake inportako oker egotea, hiriaren onerako bada», adierazi du. Edonola ere, aitortu du etxebizitzaren arazoa hiriaren erronka handienetako bat dela, eta udalak horretan jarri beharko lituzkeela bere indar guztiak.

Azkenik, aurrera begira jarri da Goia, eta Donostiak etorkizunera begira heldu beharreko erronkak aipatu ditu. Segurtasuna da haietako bat, baina alarmismotik urrundu behar dela zehaztu du. Erronka demografikoa eta bizikidetza ere etorkizuneko erronken artean jarri ditu oraindik Donostiako alkate denak. Azpiegiturei dagokienez, berriz, Illunbeko pabiloi berria, Anoeta inguruko kirol instalazioak eta Loiolako etxebizitzak dira aipagarrienetako batzuk.

Oposizioa, kritiko

Oposizioak ez du bat egin Goiak hiriaren egoerari eta berak egindako kudeaketari buruz esandakoekin. EH Bildu, esaterako, oso kritiko azaldu da alkateak egindako analisiarekin, eta leporatu dio diagnostiko «zintzorik» eta autokritikarik egin ez izana, ezta kargua utziko duen egunean ere. «Distantzia izugarria dago alkateak esandakoaren eta herritarrek duten pertzepzioaren artean», esan du Juan Karlos Izagirrek.

Izagirrek gezurtatu egin du Goiak hiriaren egoeraz egindako diagnostikoa, eta gogorarazi EH Bilduk agintea utzi zuenean udalaren egoera ekonomikoa ona zela. Haren hitzetan, hiria «martxan» zegoen, eta udal gobernu berriak orduan abiarazitako proiektuak ahaztu, atzeratu edo bere egin ditu orduz gero. «Politika egiteko ekuaziotik herritarrak baztertzen dituzue», leporatu die jeltzaleei eta sozialistei, eta egotzi gutxi batzuentzako hiria eraiki dutela, «gehiago kanpora begira, bertako beharrei erantzunez baino».

«Alkatea aldatu duzue, baina ezer ez aldatzeko asmoarekin»

 JUAN KARLOS IZAGIRRE EH Bilduren zinegotzia Donostiako Udalean

«Donostia negoziorako eta espekulaziorako hiria bihurtu da», kritikatu du oposizioburuak, eta azpimarratu EAJren eta PSEren kudeaketa ereduak huts egin duela. Metroaren lanekin «inprobisazioz» jardun dutela esan du, eta etxebizitza politikan funtzionatzen ez duen eredu batean tematuta jarraitzen dutela: «Inoiz baino larriagoa da arazoa». Azkenik, turismoari buruz, ukatu egin du udalak neurririk hartu izana: «Aitzindariak izan zinetela diozu. Baina non bizi zarete?». Eta zera erantsi du amaitzeko: «Alkatea aldatu duzue, baina ezer ez aldatzeko asmoarekin».

Oposizioko gainerako taldeak ere aurrean izan ditu Goiak. Elkarrekin Podemosek egotzi dio «garestiagoa, desorekatuagoa eta bizitzeko zailagoa» den hiria utzita doala, eta inbertitzaileentzako laborategi bilakatu duela. «Gutxi batzuen onurak lehenetsi ditu gehienen ongizatearen aurretik». Herritarrei bizkarra ematea ere egotzi dio, agintaldia amaitu aurretik utziko duelako kargua. PPk ere hiri okerragoa utziko duela esan dio alkateari: «EH Bilduk baino okerrago egitea lortu duzu».

Aldiz, gobernu bazkide dituen sozialisten babesa jaso du Goiak, baita jeltzaleen laudorioak ere: «Lan bikaina egin du; asmatu du». Arratsaldean, saioa bukatu ostean utziko dio alkate izateari Goiak. Jon Insausti izango da haren ordezkoa, orain Kultura, Euskara eta Turismo arduraduna dena. Bi aste barru jabetuko da karguaz, eta, tarte horretan, Nekane Arzallus alkateordeak beteko du haren lekua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.