Hainbat gizon homosexual eta bisexual hiltzea egotzita, gizon bat atxilotu zuten 2022ko maiatzean. 2023ko urrian epaitu zuten lehenbizikoz, eta gaurtik aurrera pasatuko da laugarrenez epailearen aitzinetik; oraingoan, 2021eko urriaren 5ean gizon bat hiltzea leporatuko diote. Hilketa eta iruzur delituengatik, hamasei urteko zigorra eskatu du Fiskaltzak, eta 30 urtera arte igo dute eskaera akusazioek. Fiskaltzaren eta akusazioaren tesien arabera, ligatzeko aplikazio baten bidez jartzen zen harremanetan biktimekin, haien etxean geratzen ziren, han eraso egiten zien, eta biktimak konorte gabe edo hilda zeudenean, bankuko txartelak kentzen zizkien eta dirua ateratzen zuen.
Delituaren kalifikazioan dago zigor eskaeren arteko aldea: fiskalak uste du homizidio bat izan zela, eta akusazioek, berriz, erailketa, hau da, aurrez prestatutako hilketa. Hala, Fiskaltzak eskatu du kondenarik apalena, hamasei urtekoa. Eta akusazio partikularrak, biktimaren familiak egindakoa, eskatu du zigorrik handiena, 30 urtekoa: 25 urte hilketagatik hainbat larrigarrirekin, eta beste bost urte iruzurragatik.
Gehitu elkarteak bideratutako herri akusazioak, berriz, 28 urteko eta bederatzi hilabeteko zigorra eskatu du, erailketaren delituari diskriminazioaren larrigarria erantsi diotelako. Izan ere, biktima homosexuala zen, eta gizonen artean harremanak egiteko aplikazio baten bidez egin zuen hitzordua erasotzailearekin. «Solasaldi horien bidez frogatu ahalko dugu akusatuak biktima hautatu zuela bere sexu joeragatik», azaldu du Saul Castro abokatuak.
Era berean, gogora ekarri du akusatua gizon bat hiltzeagatik eta beste bat hiltzen saiatzeagatik zigortuta dagoela jada, eta beste lau auzi dituela zabalik: hiru, hilketagatik, eta beste bat, hilketa saiakeragatik. «Badago patroi bat eta modus operandi komun bat, gutxienez zazpi gizonen kasuekin lotuta; ez dira gertaera bakanak», adierazi du Castrok.
37 urteko zigorra
Izan ere, dagoeneko 37 urteko espetxe zigorra pilatua du akusatuak, hiru auzitan: gizon bat hiltzeagatik, beste bat hiltzen saiatzeagatik, eta iruzurragatik. 2023an gizon bat hiltzen saiatzeagatik epaitu zuten, eta zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten. EAEko Auzitegi Nagusiak, baina, hamar urtera igo zion zigorra, hilketa-saiakera delitua egotzita.
Iazko ekainean zigortu zuten lehenbizikoz hilketagatik, eta 25 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten: 23 urteko kartzela zigorra hilketagatik —maltzurkeriaz eta bertze delitu bat ere egiteko asmoz aritzea egotzita— eta indarkeria baliatuz etxe batean egindako lapurretagatik; bi urte eta erdiko kartzela zigorra, berriz, iruzurragatik, delitua berriz egitearen astungarriarekin. Ordu hartan frogatutzat jo zuten gizonak ligatzeko aplikazio bat erabili zuela biktimarekin harremanetan jarri eta haren etxera joateko. Epailearentzat, akusatuak gizona hil zuen haren datuak eskuratzeko, bankuko kontuan sartu ahal izateko, bere aldeko operazioak egin ahal izateko eta haren ondareaz jabetzeko. Hildakoaren kreditu txartelak erabili zituen.
Iruzur delitua
Horrez gain, 2024ko azaroan bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten iruzur delitu batengatik. Frogatutzat jo zuten gizonak bertze pertsona baten kreditu txartela erabili zuela 2021eko irailaren 16tik 18ra, dirua ateratzeko eta jantziak, erlojuak, lurrinak eta bertzelako produktuak erosteko. Guztira, 6.300 euro inguru gastatu zituen.
Hala ere, epaiak dio ez dakitela nola lortu zuen txartela. Txartel horren jabea hilda aurkitu zuten 2021eko irailaren 20an, baina auzia artxibatu zuten.
Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen Elkarteak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, kasua berriro ireki zezatela eskatzeko, eta auzitegi horren ebazpenaren zain dago.