Harrera herri eta igarobide duin izateko

Euskal Herrira iristen direnean, migratzaileek traba ugari izaten dituzte. Are, bertan geratu nahi ez dutenek ere zaila izaten dute bidean aurrera egitea. Horri erantzun bat eman nahian, herritarrek hainbat sare sortu dituzte azken urteotan.

Migratzaile batzuk mapa baten inguruan, Irunen. IRUNGO HARRERA SAREA
Migratzaile batzuk mapa baten inguruan, Irunen. IRUNGO HARRERA SAREA
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko abuztuaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Maitasun ugari sartzen da metro koadro gutxi batzuetan: txikia da Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Bilboko Pilota kalean duen lokala, baina bizi-bizia. Jendea sartu eta irten ari da etengabe. Ordutegia dauka atean jarrita, euskaraz, gazteleraz eta arabieraz. Astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 13:00etara. Eta, asteartetik ostegunera, arratsaldez ere bai: 17:00etatik 19:00ak arte. Tarte horietan joan daitezke migratzaileak, euren beharrak adierazi eta eskaerak egitera. Bilbon bezala, Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere boluntario sare ugari lanean ari dira, migratzaileei harrera duin bat bermatzeko eta euren helmugara iristeko bidea errazteko.

Ez da erraza lokalaren barruan zer dagoen ikustea, kanpoko kristala aldarrikapenez betea baitago: Palestinako bandera bat, Gerrarik ez dioen beste bat, eta Atlantikoko bidean hildakoen kopurua. Barrualdea ez da oso diferentea: kartelak nonahi, eta hainbat kutxa, plataformaren propagandarekin. «Bilbora iristen diren asko bulego honetara etortzen dira, hemen euren errealitatea zer-nolakoa den jakitera, eta euren bidea zelan egin dezaketen ikustera». Iazko martxoan batu zen Urko Ortueta Vivar plataformara. Ordutik, txandak egiten ditu lokalean, migratzaileei «harrera» egiteko eta edozeini «leku seguru bat» eskaintzeko.

2016an sortu zen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma. Siriako herritarrak beren herrialdetik ihes egiten ari ziren eta Europarako bidea hartzen. Komunikabideetan ugariak ziren horri buruzko irudiak. Pertsona horien eskubideen aldeko mobilizazioak egiten hasi ziren Europan, eta orduan sortu zuten taldea. Plataforma gisa eratzea erabaki zuten, migratzeko eskubidea eta harrerarako eskubidea defendatzen zuen kolektibo oro horren parte izan zedin. Egun, salaketa eta harrera uztartzen dituzte.

«Frantziako Polizia kontrolak egiten ari da mugako herrietako eta barrualdeko errepideetan eta kaleetan, eta oraindik ere atzera botatzen ditu migratzaileak»

OIHANA GALARDI Irungo Harrera Sareko kidea

Hainbat auzo, herri eta batzordetan daude antolatuta, eta duela sei urte inguru jarri zuten martxan Alde Zaharreko lokala. Hogei boluntario inguruk hartzen dute parte Pilota kaleko lokaleko txandetan. Tarte horietan, migratzaileek duten edozein eskaerari erantzuna ematen saiatzen dira: «Burokraziarekin laguntzea, errolda lortzea, umeen eskolaratze bekak lortzeko paperak betetzea... Askotan informazioa ematen diegu, ea nora jo dezaketen, eta leku horietara heltzen laguntzen diegu», zehaztu du Ortuetak.

Migratzaileak ere boluntario

Boluntarioen artean badira bulegora laguntza bila joan eta laguntzen geratu diren migratzaileak ere. «Azkenaldian taldea handituz doa». Ortuetak esan du ez dela aurretiazko formakuntzarik eduki behar boluntario izateko. Berak bertan ikasi du orain dakien guztia. Hori bai, «gogoa» ezinbestekoa da txandak egiteko: «Etengabe ari gara galdezka eta jendea beti dago azaltzeko prest; oso erraza da ikastea, baldin eta gogoa baduzu inplikatzeko».

Etengabe ari dira ikasten, beraz. Izan ere, duela gutxi onartu dute Espainiako Atzerritarren Legearen erreforma. Orain, esaterako, sustraitze mota batzuk eskatzeko gizarteratzeari buruzko txostena aurkeztu behar dute migratzaileek; Eusko Jaurlaritzak igorri behar du. Plataformako kideak hasi dira txostenak eskatzen, eta zain daude. «Hemen egoteak dakarrena da eguneratuz joatea, eta probatuz eta huts eginez ikastea».

«Lokalean harrera egiten da, baina salatze lanak ematen dio zentzua guztiari», nabarmendu du Ortuetak. Kaleko saltzaileen kontrako jazarpena salatzeko kanpaina dute abian Mbolorekin, SOS Arrazakeriarekin eta Koloretxerekin, besteak beste. Eta erroldaren auzian ere gogotik ari dira borrokan. Duela bi urte jarri zuten martxan Erroldarik gabe izaterik ez kanpaina beste hainbat eragilerekin batera.

«Ezin ginen normal bizi pertsona batzuk, beltzak edo migratzaileak izateagatik, atxilotzen eta Hego Euskal Herrira bueltatzen zituzten bitartean»

EÑAUT ARAMENDI Bidasoa Etorkinekin taldeko kidea

Ortuetak azaldu duenez, gero eta traba gehiago jartzen dituzte errolda lortzeko, eta errolda izatea ezinbestekoa da «edozertarako»: «Nahiz eta gure bizilagunak izan, gure herrietan eta hirietan hainbat pertsona daude oinarrizko eskubiderik gabe, erroldarik ez dutelako». Traba burokratikoa izateaz gain, Ortuetak esan du «sinbolikoki» ere garrantzi handia duela errolda izateak: «Guregana etortzen direnetako asko egoera zailean egoten dira, eta haientzako bereziki baliagarria da auzokide gisa errekonozituak izatea, pertsona izaera berreskuratzea».

Mugak Zabalduz karabanan ere urtero hartzen dute parte plataformako kideek. Hain justu, karabanaren hamargarren edizioa egin dute uztailean. Irundik (Gipuzkoa) abiatu da aurten, eta bertan izan dira Irungo Harrera Sareko eta Bidasoa Etorkinekin taldeko kideak ere. Bi eragileek zazpi urte inguru daramatzate Bidaso inguruan lanean, migratzaileei laguntzen.

«Derrigorrezko geldialdia»

Irungo Harrera Sareak ez du lokal itxi bat, baina badu bere toki fisikoa. Egunero, goizeko hamarretan, Irungo San Juan plazan egoten dira, migratzaileei harrera egiteko prest. «Irunera iristen diren migratzaile gehienak ez dira iritsi Irun zelako helmuga», zehaztu du Oihana Galardi taldekideak. «Derrigorrezko geldialdi bat da bidean aurrera egiteko, badakitelako muga zeharkatu behar dela eta horrek zailtasunak dakartzala». Hori dela eta, Irungo Harrera Sarera hurbiltzen dira, eta Baionara ahalik eta modu seguruenean nola iritsi azaltzen diete eurek, besteak beste, garraio publikoaren edo mugaren egoeraren informazioa emanez.

Hain justu, horregatik jarri zuten martxan sarea 2018an: «Mugaren inguruan hainbat gazte blokeatuta geratzen ari ziren, eta Frantziako Poliziak atzera botatzen zituen». Erantzun bat emateko, Irungo zein eskualdeko herritarrak antolatzen hasi ziren. Alde batetik, egoera salatzen hasi ziren eta, bestetik, erantzun solidarioa antolatzen, elikagaiak, arropa, atseden hartzeko tokiak eta dutxak bilatuz, eta harrera eginez, bai San Juan plazan, baita gauean autobus geltokian ere. Arropategi bat ere badute plazatik hurbil.

2018tik gaur arte egoera aldatu den arren, Galardik adierazi du egoera hori oraindik eskualdeko «errealitatea» dela. Alegia: «Migratzaileak bi estaturen arteko mugan daude, Frantziako Polizia kontrolak egiten ari da mugako herrietako eta barrualdeko errepideetan eta kaleetan, eta oraindik ere atzera botatzen ditu migratzaileak». Horiek horrela, egoeraren jarraipena egiten segitzen dute.

«Normalean ama etortzen da Iruñera, eta batez beste zortzi urte geroago, semea edo alaba; berriro elkartzeko prozesu horretan laguntza eskaintzen dugu»

LOREA GARRALDA SEI elkarteko boluntarioen arduraduna

Bidasoa ibaiaren bestaldean bizi diren herritarrek ere helburu bera dute: migratzaileei bidea erraztea. Bidasoa Etorkinekin taldea Etorkinekin Diakite federazioaren parte da, eta Biriatu, Hendaia eta Urruña (Lapurdi) inguruan daude antolatuta. «2018an sortu ginen, Bidaso inguruan gero eta migratzaile gehiago ikusten genituelako bide bazterrean», azaldu du Eñaut Aramendi elkarteko kideak.

Aramendik gogoratu du hasierako lau urteetan bereziki «muga arrunt kontrolatua eta polizializatua» zegoela, eta «kontrol arrazista pila bat» egiten zituztela Baionara joaten ziren autobusetan. «Ezin ginen normal bizi pertsona batzuk, beltzak edo migratzaileak izateagatik, atxilotzen eta Hego Euskal Herrira bueltatzen zituzten bitartean». Geldirik ez geratzea erabaki zuten. Poliziak aurkitu baino lehen, migratzaileak topatzen saiatzen ziren, eta euren autoetan eta elkartasun sareen bidez, eurek eramaten zituzten Baionara. Gaur egun, gauza bera egiten segitzen duten arren, Aramendik esan du «ez dela lehen bezain ohikoa izaten».

Beste zeregin batzuk

Elkarteak badu harremana Hendaiako, Biriatuko eta Urruñako herriko etxeekin; diru laguntzak jasotzen dituzte batzuetan. Izan ere, bidean laguntzea ez da euren zeregin bakarra: «Batzuetan saiatzen gara familiak eta gazteak aterpetzen, euren beharrei erantzuten, edo ikasketak lotzen». Horretarako dirua behar dela adierazi du Aramendik.

Beste talde batzuekin ere egiten dute lan, eta zenbait kolektiboren parte dira. J’accuse (Salatzen dut) kanpainaren parte ere badira. Korrikan 36 migratzaileri Irunen eta Hendaiaren arteko muga igarotzen laguntzeagatik auzipetutako zazpi aktibista babesteko asmoz, autoinkulpazio kanpaina bat abiatu zuten joan den azaroan «desobedientzia ekintza» hori sustatu zuten kolektiboek. «Epaituko dituzten zazpi herritarretatik hiru Bidasoa Etorkinekin-eko kideak gara. Beraz, horrelako ekimenetan parte hartzen dugu, eta horrek eskatzen du beste elkarteekin biltzea eta lan egitea».

Euskal Herrian badira hainbat elkarte migratzaileei bidean laguntzea ez ezik harrera duina egitea helburu dutenak. Iruñeko SEI elkartea migrazio kodolu prozesuetan eta familiak berriz elkartzean espezializatua dago. «Normalean ama etortzen da Iruñera, eta batez beste zortzi urte geroago, semea edo alaba; berriro elkartzeko prozesu horretan laguntza eskaintzen dugu», azaldu du Lorea Garralda SEI elkarteko boluntarioen arduradunak. Elkartearen helburua da migrazio dolu betean dauden gazteei «leku seguru bat» eskaintzea, gazteek senti dezaten entzuten eta ikusten dituztela, eta aukera izan dezaten prozesu bera bizi duten beste batzuekin euren bizipenez hitz egiteko.

«Nahiz eta denak berdinak garela dioen diskurtsoa oso hedatuta egon, nabariak dira ezberdintasunak; uste dut gizartean badugula lana egiteko benetako harrera herri bihurtzeko»

URKO ORTUETA VIVAR Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea

Hamar langile ditu elkarteak, eta 140 boluntario inguru. Boluntario izateko baldintza bakarra adinez nagusia izatea da. Garraldak azaldu duenez, adin ezberdinetako eta hainbat herrialdetako jendeak hartzen du parte, eta «horrek egiten du aberatsago» euren lana. Programa diferenteak egiten dituzte urtean zehar eta abuztuan. Hil honetan lehen harrerako programa egiten ari dira 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat.

«Bitan zatitzen da goiza», zehaztu du Garraldak. Tarte bat hezkuntzara bideratzen dute. Ez dute soilik eskola laguntza eskaintzen; hezkuntza sistema ulertaraztea da asmoa. «Iaz 34 herrialdetako gazteak zeuden; hau da, 34 hezkuntza sistematakoak». Sistema uler dezaten nahi dute, gelaren parte senti daitezen institutura joaten direnean. Arlo soziala lantzen dute bigarren zatian: Iruñeko baliabideak aurkezten dizkiete, lehenengo harremanak egiten dituzte eta abar.

Ugariak dira migratzaileei laguntzen dieten sareak eta herritarrak. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako Ortuetaren arabera, hala ere, Euskal Herrian oraindik lana dago egiteko «benetako harrera herri» izateko: «Nahiz eta denak berdinak garela dioen diskurtsoa oso hedatuta egon, nabariak dira ezberdintasunak; uste dut gizartean badugula lana egiteko benetako harrera herri bihurtzeko». Irungo Harrera Sareko Galardik, bestalde, argi utzi du: «Europako politikak hiltzaileak dira; migrazio politikak ari dira pertsonen bizitzak arriskuan jartzen, pertsonak bidaia arriskutsuak egitera behartzen dituzte eta. Mediterraneoak bizitza asko irentsi ditu eta, tamalez, Ozeano Atlantikoak azken urteetan askoz ere gehiago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.