Litekeena da Toledoko (Espainia) tren istripu larriak erabat baldintzatzea bozen kanpaina, baina Eneko Goia (Donostia, 1971) ez da politika «zurrunbilo bat» bihurtzearen aldekoa, eta herritarrek eskatzen dituzten erantzunak eman behar direla uste du. Hizpideak ezin dira harilkatu taktikoki, haren arabera. «Gu ez gaude horretarako; hori ez da politika», esan du.
Toledoko tren istripu larriak hankaz gora jar dezake kanpaina osoa?
Oraindik kolpea jasaten ari gara, drama bera, hildakoak eta oraindik agertu ez direnak... Orain dramaren fasea da, baina epe ertainera horrek azalpenak beharko ditu dudarik gabe, eta gardentasun osoz eman beharko dira, baita erantzukizun pertsonalak ere, hala badagokio. Horrelako bi istripu gertatzea tarte txiki batean...
Etxebizitzaren krisiari loturik deitu zuen bozetara Sanchezek. Agendako gai guztiak estaliko ditu trenak?
Politikak hartu duen joera batzuekin oso kritiko naiz. Ezin gara horrela ibili: hamabost egun barru beste zerbait gertatzen bada aurretik dauden gaiak ahaztu beharko ditugu? Ez da serioa. Dinamika horretan daude muturreko estrategiak, zurrunbilo batean, eta, azkenean, garrantzitsuak diren gaiak kanpo uzten dituzte. Gu ez gaude horretarako. Etxebizitzaren arazoak erantzunak behar ditu, beste gauza askok behar dituzten bezala. Ezin dira izan egun bateko kontuak; hori ez da politika.
Sanchezen aukerak galdu dira behin betiko?
Orain hamabost egun Maricarmeni buruz ari ginen; gaur, trenari buruz; batek daki zer etorriko den bi aste barru. Baina, tira, ez dauka itxura onik, argi dago. Tren istripua oso larria da, eta kudeaketari erreparatzen dio, ez emozioari edo nortasunari.
Bi bloke eratu dira boz hauetan, argi eta garbi, Sanchezen plebiszitu baten moduan, baina EAJk ihes egin nahi dio egitura horri. Estrategia egokia al da?
Politikan, dena ez da taktika. Printzipioak garrantzitsuak dira; agian ez dago modan, baina horrela beharko luke. Azken hilabete hauetan, Sabino Arana fundazioan ari naiz, eta han gogorarazi didate abertzaletasuna zergatik sortu zen. Iraganean beti ibiltzen ginen Espainiako erregearen oinordekoa nor izango zen begira, bataren edo bestearen alde jartzeko. Sabino Aranak esan zuen lehen aldiz memeloak izaten ari ginela, horiek ez zirela euskal herritarren xextrak. Argi ikusi zuen guk gure herriaren askatasunaren alde egin behar genuela. Hori da gure printzipio oinarrizko bat. EAJk zer egingo duen orain? Bere herria askatzeko egokiena dena une bakoitzean, bere historian egin duena beti. Ez dugu iparra galduko.
Inkestek diote EAJren Gipuzkoako bigarren eserlekua arriskuan dagoela, EH Bilduren gorakada dela eta; hau da, zure eserlekua. Kezkarik bai?
Guri zaila egiten zaigu polarizazio giroan burua ateratzea. Hemen, alderdi gehiegi daude polarizazio horren aldeko lanean, epe laburrean beren emaitzak lortuko dituztelakoan. EAJ ez da ari bakarrik epe laburreko emaitzari begira lanean. Jokalekua ez dugu alde, baina orain gure printzipioei eustea dagokigu, indartsu, eta edozer gertatzen dela gure printzipioak defendatzen jarraituko dugu.
EH Bilduk hautu argia egin du blokeetako batean kokatzeko. Eraikuntza nazionala non utzi duen galdetu diezu orain gutxi. Azalduko zenuke kritika hori?
Azalpenik behar al du? Joko horretan sartu dira buru-belarri, PSOEren ezkerrera dagoen bloke horretan. Baina zertarako daude? Hori da galdera. Iraganean leporatu digute autonomista epelak ginela, ez genuela herri honen askatasunaren alde lanik egiten. Eta, orain, bat-batean, atzean utzi behar gaituzte? Bizitza guztian lezioak ematen aritu dira, eta, Winston Churchillek zioen bezala, «ni beti nago prest ikasteko, baina ez edozeinek lezioak emateko». Harrigarria da nola sartu diren erabat Espainiaren errelatoan, alde batera kokaturik. Taktikoki zer arrantzatzen duten, horri begira daude. Non dago hor herri eraikuntza?
«Iraganean leporatu digute [ezker abertzaleak] autonomista epelak ginela, ez genuela herri honen askatasunaren alde lanik egiten. Eta, orain, bat-batean, atzean utzi behar gaituzte?».
Estatus berriaren inguruko itun batek ez luke bidea egingo Madrilen PPk eta Voxek gehiengoa osatuz gero. Eraikuntza nazionalari begira ere, orain ez al da Sanchezen ala eskuin muturraren arteko hautua egiteko garaia?
Kongresuan EAEko hemezortzi diputatu daude, eta bi baino ez dira PPrenak. Beste guztiek Sanchezen alde bozkatu zuten. Espainian pasatuko dena ez da Hego Euskal Herrian gertatuko denaren araberakoa izango. Hori beste nonbait erabakiko da. Guri gure herria indartzea dagokigu, etor daitekeenaren aurrean sendoturik defendatzeko. Sanchezek azken minutuan eta penaltiz salbatu zuen partida aurrekoan. Horrelako egoera batek zaila izaten jarraituko luke. Hau ez da azaroaren 29an bukatuko. Etortzen zaigun horretan jokatu beharko dugu.
Esan duzue EAJ ez dela egongo Vox dagoen ekuazioetan; eta Vox ez, baina PP dagoen ekuazioetan?
Gaur egun PPk duen jarrera ikusirik, ez. Gipuzkoan PPk Senaturako hautagaitza erretiratzeak dena esaten du. Umiliazioa da haientzat ere, baina PP non dagoen islatzen du.
Sanchezek ez du bere hitza bete Gernikako Estatutua osatzeko hartutako konpromisoa dela eta. Orain baliteke zentralizazioaren aldeko olatu bat etortzea PP eta Vox agintean badira. Baduzue kezka?
Azken urteetako historia da hori. PSOEk eta PPk eskuduntza batzuk eman dituzte, ez horretan sinesten dutelako, baizik eta behar batzuk zituztelako Espainiako politikari begira. Gure obligazioa da behar horiek probestea gure herria aurrera ateratzeko. Zoritxarrez, hori izan da jokoa, eta etorkizunean ere horrela aritu beharko dugu. Egon dira garai hobeak eta garai okerragoak. PPren gehiengo absolutua ere bizi izan dugu. Orain berrindartu egin behar dugu, batzuetan eustea tokatzen delako.
Abisu serioa ematen ari zarela dirudi.
Dudarik gabe. Europan ere zer panorama dago? Begira zer agertoki dagoen Ipar Euskal Herrian datozen urteko hauteskundeak direla eta. Inork pentsatzen badu horrek ez digula eragiten guri, beste mundu batean biziko da. Alarmismorik ez da behar, baina prest egon behar dugu herri gisa.
Parte hartzea inoiz baino garrantzitsuagoa al da orain?
Bai. Batzuek desafekzioa sustatzen dute, taktikoki komeni zaielako parte hartze txikia izatea. Hoi ikusita, inoiz baino gehiago jakin behar dugu zer dugun jokoan, eta parte hartu behar dugu.
Udal politikatik Espainiako Kongresura aldatzeko bidean zara. Horren inguruko hausnarketa pertsonalik egin duzu?
Ez nahikoa, seguruenik. Politikan talde baten barruan zaude, eta, taldeak zerbait eskatzen dizunean, bai ala ez esan dezakezu. Batzuetan baiezkoa ematen da nahiz eta oso argi ez izan nora zoazen. Aitortu behar dut orain arteko nire baietzekin ez dudala damurik, eta orain ere hala izango dela uste dut.
«Badakit batek edo bestek esan dutela [alkatetzatik] kendu egin nindutela. Edozer gauza esan daiteke, baina nik badakit nola izan zen, eta erabaki horren partaide izan nintzen ehuneko ehunean».
Nostalgiarik bai Donostian pil-pilean dagoen tokiko politika dela eta?
Gain-gainetik erreparatzen diot, eta alkateari esaten diot zaindua dudala... Saiatzen naiz eztabaida horietan parte ez hartzen. Nire iritziak dauzkat, baina ez dagokit horretan aritzea. Bukatu da, eta jakin behar da bukatzean alde egiten ere. Gelditzen denak du ardura, eta hark erantzun behar du.
Nola ikusten ari zara Jon Insausti zure ordezkoa?
Ondo ari da, nik uste.
Konforme zaude egin zen erreleboarekin eta hura egiteko moduarekin?
Bai, dudarik gabe; izan ere, horren guztiaren partaide izan nintzen. Badakit batek edo bestek esan dutela kendu egin nindutela. Edozer gauza esan daiteke, baina nik badakit nola izan zen, eta erabaki horren partaide izan nintzen ehuneko ehunean.
Modu traumatikoagoan egin berri da Elixabete Etxanoberen erreleboa. Bizkaiko EAJn urak harrotuak daudela dirudi...
Eztabaidarik ez dagoenean, ez dagoela azpimarratzen da, eta dagoenean, berriz, beldurra ematen digu. Parametro batzuen barruan jokatuz gero, ez zaie beldurrik izan behar desadostasunei. Iritzi eta proposamen desberdinak naturaltasunez kudeatu behar dira. Hedabideei ez diet kritika handirik egin nahi, baina beste alderdi batzuetan antzeko egoerak izaten direnean ez dute hainbesteko harridurarik erakusten. 2023an, PSE-EEk primarioak egin zituen Donostian, eta izugarriak izan zituzten etxe barruan; eta hedabideek normaltasun handiagoz helarazi zuten hori. Edonola ere, Elixabete Etxanobek pauso bat atzera egin du, eta horrek erakusten du odola ez dela ibaira iritsiko.