Feminismoa ez da haserre bizi, eta badaki umorea erabiltzen bere aldarrikapenak egiteko. Horixe ondorioztatu du Emakundek babestutako Beste barre batzuk posible dira. Feminismoaren seriotasun jasanezinaren mitoa desaktibatuz ikerketa lanak. Gaur aurkeztu dute azterlan hori, prentsaurreko baten bidez, eta han izan dira Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Iraide Alvarez Muguruza eta Sabela Fraga Costa ikerketaren egileak.
Egileek hauxe nabarmendu dute ikerketa lanean: feminismoa mugimendu «serioa» eta horregatik «jasanezina» den ideia estereotipo bat dela; are, egiaztatu dute mugimendu feministaren aldarrikapenetan funtzio nagusi bat izan duela umoreak. Azterlana egiteko, besteak beste, egileak hamar bat erakunde feministarekin bildu dira, eta elkarrizketak egin dizkiete esparru akademikoari, sozialari, kulturalari eta instituzionalari lotutako hamahiru emakume eta gizoni.
Hala, ikerketan ondorioztatu dute umorea tresna bat izan daitekeela «praktika feminista berritzaileak artikulatzeko eta berdintasunera eta justizia sozialera bideratutako aldaketa prozesuak sustatzeko». Horrekin lotuta, Elgarrestak gehitu du umorea «baliabide politikoa» ere badela, eta feminismoak jakin badakiela hura erabiltzen.