Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Euskal Herria
Hasi da inoizko Higarik pluralena Gasteizen
Gaur hasita ostiralera arte, 18 eta 35 urte arteko mundu guztiko laurogei gazte baino gehiago bildu dira Gasteizen, hizkuntza gutxituen arteko sareak ehuntzeko helburuarekin.
Taldeko argazkia atera dute Higako parte hartzaileek eguna hasteko. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Abian da Higa Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen topaketaren bosgarren aldia, Gasteizen. Topaketak hizkuntza gutxituak biziberritu eta mundu osoko hizkuntza komunitateen arteko sareak sortzea du helburu. Horretarako, parte hartzaileek zenbait jarduera izango dituzte astelehenetik ostiralera arte: hitzaldiak, mahai inguruak, lankidetza proiektuak eta mintegiak, besteak beste. Inoiz baino pluralagoa da aurtengoa. Izan ere, topaketan dira mundu guztiko laurogei gazte. Orotara, 18 eta 35 urte arteko gazteak dira, eta 68 hizkuntza gutxitu ordezkatuko dituzte.
Gasteizko letren fakultatean egin den inaugurazio ekitaldiak eman dio hasiera topaketari. Bertan, Oskar Garcia de Bikuña Higako koordinatzaileak, Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Euskara zinegotziak, Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Igone Zabala EHUko errektoreordeak hartu dute hitza. Higa topaketaren nondik norakoak azaldu ditu Garcia de Bikuñak, eta, ondoren, hizkuntza gutxituak ez desagertzeko ekinaldien «garrantziaz» mintzatu dira Nanclares, Aldasoro eta Zabala.
Hizkuntza gutxituen inguruko topaketan, hainbat hizkuntzatako ordezkariek parte hartu dute, eta haien elkarlanak izan dezakeen eraginaz hitz egin du Aldasorok. «Komunikazio sistema bakoitzak atzean izaera bat dauka». Are, «hizkuntza ezberdinek, herri ezberdinek, problema berdinei konponbide ezberdinak» emateko balio dutela adierazi du Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.
Euskararen kasuan, Zabalak gazteei lanean jarraitzeko animoak eman dizkie. «Gako baitzarete hizkuntza indartzeko, transmititzeko eta iraunarazteko». Era berean, adierazi du euskararen erabilera sustatzeko elkarte eta diputazioen aldeko babes instituzionala «ezinbestekoa» dela.
Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, parte hartzaileek informazio orokorra jaso dute, eta elkar ezagutzeko ariketa batzuekin eman diote hasiera lehen egunari. Goizetik hasi eta gauera arte, zenbait jardueratan arituko dira bosgarren aldi honetan, betiere hizkuntza gutxituen arteko sareak sortzeko: besteak beste, mahai inguruak, hitzaldiak, tailerrak, lankidetza proiektuak, film emanaldiak eta kontzertuak.
2011n antolatu zuten Higa hizkuntza gutxituetako hiztunen lehen topaketa, Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Geroztik, ekinaldiak aurrera egin du, eta aurtengoan partaidetza inoiz baino handiagoa izango da. Izan ere, aurreko aldian baino hizkuntza gehiago, jende gehiago eta topaketan parte hartzeko eskaera gehiago izan dira. Adibidez, 2023an baino ehun eskaera gehiago jaso dituzte, eta hamahiru hizkuntza gehiago entzungo dira aste honetan.
Higa, Nazioarteko Linguapax sariaren irabazlea
Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, Monica Pereña International Linguapax elkarteko lehendakariak 2024ko Linguapax sariaren diploma entregatu dio Beñat Garaio Higako sortzaileari. Inaugurazio ekitaldia diplomaren entrega egiteko aprobetxatu du Pereñak.
Hizkuntza gutxituen alde egiten diren ekintzak saritzen ditu Linguapaxek. Oraingoan, 25 hautagaien artean, Higa aukeratu dute. Hizkuntza gutxituen alorrean egiten diharduen saretze lana aitortu diote.
Ezker-eskuin, Nanclares, Garaio eta Pereña Linguapax sariaren diplomarekin. BERRIA