Hasi da kanpainarik beroena

Alderdi politikoak gogoz ari dira hauteskunde kanpainaren atarian. Datozen bi asteetan han-hemenka ibiliko dira hautagaiak, mezuak eta konpromisoak zabaltzen. Gaur hiriburuetan ari dira ekitaldiak egiten.

Rafaela Romero PSE-EEko hautagaia, Bilbon egindako kanpaina ekitaldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Rafaela Romero PSE-EEko hautagaia, Bilbon egindako kanpaina ekitaldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Joxerra Senar-Kristina Martin
2026ko azaroaren 12a
19:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainian, Moncloa jauregiko maizterra nor izango dago jokoan, eta, ekuazio horretan eskuin muturra sartzeko aukera izanik, aspaldiko kanpainarik zakar eta beroena izatea espero da. Hegoaldetik etorritako korronte horrek eragin zuzena izango du Hego Euskal Herrian, eta gaur, kanpaina hasteko atarian, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan zerrendak aurkeztu dituzten alderdiak makineria guztia ateratzeko prestatu dira. 

Gauerdian hasiko da kanpaina, eta bi aste iraungo du. Helmuga, azaroaren 29ko hauteskundeak: Hego Euskal Herrian 39 eserleku daude jokoan —23 diputatu eta 16 senatari—, eta lau lurralde horietako indar metaketak zeresan handia izan dezake Espainiako Gobernuak hartuko duen norabidean. Horretaz jabetuta, euskal alderdiak dena emateko prest irten dira joko zelaira.

Hiriburuak aukeratu dituzte ekitaldi nagusiak egiteko, eta denak ere eguraldi makurrari aurre egiteko prest daude: EH Bilduk, EAJk eta Vox ultraeskuindarrak Gasteizen dauzkate mitin nagusiak; PSE-EEk, PPk eta Ahal Dugu-k, Bilbon; eta Fronte Zabalak, Donostian. Iruñean ere izan dira alderdien aldarriak eta promesak: UPN-PPk —koalizio gisa aurkeztu dira—, PSNk eta Geroa Baik bertan antolatu baitituzte kanpaina abiatzeko mitinak.

PSE-EEk Bilbon egin du ekitaldia, Itsasmuseumen, Nerbioi itsasadarraren ertz batean. Alderdiaren buruzagi nagusiak mintzatu dira: Eneko Andueza idazkari nagusia, eta Patxi Lopez, Rafaela Romero eta Javier Hurtado hiru lurraldeetako zerrendaburuak. Eskuinak gobernatzeko aukerari begira, dikotomiaren diskurtsoa berretsi du Anduezak: «Lau urte aurreratzea ala 40 urte atzera egitea; eskubideak ala eskuinak». Atzerapen hori ez gertatzeko, azaroaren 29an bozkatzera joateko deia egin die herritarrei. Ohartarazi duenez, PPri boto ematea Vox ultraeskuinari ematearen parekoa da, eta horrek eskubide sozialen desagerraraztea ekarriko du.

Anduezak adierazi duenez, eskubide horiek bermatzeko gai den bakarra alderdi sozialista da: «Bi aukera daude, besterik ez. Euskal herritarrek PP-Vox eta alderdi sozialistaren artean aukeratu behar dute». Eta erantsi du «bitartekariei» boto ematea ez dela segurua: «Ez da arriskatzeko unea bitartekariei bozkatuta. Euskadin eskuinari bidea ixteko aukera bakarra PSOE da».

EH Bildu, «konfiantza osoz»

Gasteizen ekin dio kanpainari EH Bilduk. Hautagai guztien ahotan entzun da «hauteskunde historikoak» izango direla, «alternantzia soila baino demokrazia bera baitago jokoan». Ataka horretan, baina, ezker subiranista «konfiantza osoz» dagoela nabarmendu du Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, eta azpimarratu du Araban eta Hego Euskal Herri osoan «lehen indarra» izateko anbizioz aurkeztuko direla. «Bloke erreakzionarioari aurre egingo diogu, PP eta Vox garaituko ditugu». Gaineratu du eskubideetan atzera egin nahi dutenen aurka, koalizioak eskubide demokratikoetan sakontzearen alde egingo duela.

EH Bildu kanpaina
EH Bilduko hautagai Oskar Matute kanpaina hasierako ekitaldian, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU

Aurretik Oskar Matute Bizkaiko zerrendaburuak hitz egin du, eta, ildo beretik, aipatu du ez dela atsekabean erortzeko garaia. «Euskal Herrian ere partida bat dago, eta ez dugu hutsik egingo. Bloke atzerakoiari aurre egiteko prest gaude, esperantzaren ahotsa izango gara», aipatu du. Haren esanetan, demokrazia jokoan den honetan, ez da beste aldera begiratzeko garaia, eta argi utzi du EH Bilduk bere esku dagoen guztia egingo duela eskuineko blokea gerarazteko. Larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

UPN eta PP elkarrekin aurkeztu dira Nafarroan. Euripean, Gazteluko plazako arkupeetan abiatu dute kanpaina. Hautagaien aurkezpenean egin bezala, Leticia San Martin Kongresurako zerrendaburuak adierazi du Pedro Sanchezen amaiera «gertu» ikusten duela: «Ezer ez da betiko. Ziklo politiko bat amaitzear da, eta, horrekin batera, atzean utziko dugu Nafarroarentzat eta Espainiarentzat tamalgarria izan den garai bat».

PSOEren jarduna ustelkeriarekin lotu du, eta gogora ekarri du kanpaina honetan ez dutela parte hartuko Santos Cerdan Antolamendu idazkari ohiak, Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburu ohiak edo Jose Luis Abalos Garraio ministro ohiak. San Martinen ustez, «beldurra eta gezurra» baliatu nahi ditu PSOEk. «Etsituta ikusten ditut». Sergio Sayasek, zerrendako bigarrenak, keinu egin die Voxeko boto emaileei: «Nafarroan, aldaketarako aukera baliagarri bakarra UPN-PP da».

Lehenetarikoa, Fronte Zabala

Goiztiarrenetako bat Fronte Zabala izan da. Donostiako Aquariumean, Lander Martinez Bizkaiko zerrendaburuak azpimarratu du hauteskundeak etxebizitza eskubidearen eta errentadunen interesen arteko erreferendum bat izango direla: «Gaur, euskal agendaren alde egiteko, etxebizitza eskubidea defendatu behar da». Arlo horretan PSOE eta EAJ kritikatu ditu, eta jeltzaleei leporatu die etxebizitza dekretuaren bozketan PPrekin, Voxekin eta Juntsekin lerrokatu izana.

Fronte Zabaleko ordezkariak, kanpaina hasierako ekitaldian, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Fronte Zabaleko ordezkariak, kanpaina hasierako ekitaldian, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Ahal Dugu-k Bilbon egin du ekitaldia, eta herritarrei begira hartu dituen hiru konpromiso nagusiak aipatu ditu: «Bakea, etxea eta lana». Jose Manuel de Pablosek eta Garbiñe Ruizek, Bizkaiko eta Arabako Kongresurako zerrendaburuek, hartu dute hitza. Alberto Villarreal Gipuzkoako zerrendan bigarrena ere izan da ekitaldian.

Ruizek nabarmendu duenez, Ahal Dugu «ezker ezerosoa da, konformatzen ez dena». Hartara, gogorarazi du alderdiaren helburu nagusia «gehiengoaren eskubideak defendatzea» dela, eta agindu du gizarteak kalean egindako aldarriak Kongresura eta Senatura eramango dituztela. Ruizek salatu duenez, «Euskadin jende asko dago lanean arituta ere bizimodu duina izateko aukerarik ez duena». Hori dela eta, berretsi du aurrerantzean ere soldata duinen alde eta lan baldintza bidezkoen alde borrokatuko direla, orain arte egin duten bezala.

 

Geroa Baik Iruñean egin du ekitaldia, eta Pablo Azcona eta Mayte Espinosa, hurrenez hurren, Kongresurako eta Senaturako hautagaiak izan dira protagonistak. Azconak ohartarazi du ultraeskuinak «argi eta garbi» planteatu duela Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoarekin eta eskubide historikoekin amaitzea. Horren aurrean, erantsi duenez, «Nafarroak bere burua defendatu behar du. Eta Nafarroatik egin behar du». Argudiatu duenez, «autogobernuak herritarren bizi baldintzak hobetzeko, ongizate estatuari eusteko eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko balio behar duelako».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA