Hasi dituzte Gasteizko San Frantzisko eliza eraberritzeko lanak

Gogora-k jakinarazi duenez, teilatua eta inguruko landaredia konpontzeko lanetan arituko dira datozen asteetan. Martxoaren 3ko sarraskiaren inguruko oroimenezko zentroa ezarriko dute elizan.

San Frantzisko eliza, artxiboko irudi batean. BERRIA
San Frantzisko eliza, artxiboko irudi batean. BERRIA
Iosu Alberdi.
2026ko otsailaren 16a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi aste besterik ez dira geratzen Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrenerako, eta, aurreikusi moduan, San Frantzisko elizan muntatu asmo duten oroimenezko zentroa ez da prest egongo ordurako. Gogora Eusko Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak gaur jakinarazi du hasi dituztela eraikina eraberritzeko obrak. Oraingoz, teilatua konpontzeko, inguruko landaredia kentzeko eta eraikinaren jasotze topografikoa egiteko lanak dira, eta sei aste inguru beharko dituzte horiek egiteko.

Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa fundazioaren patronatuak abenduaren 15ean egindako bilkuran adostu zuen eraikina eraberritzeko lanei ekitea, «berehalako esku hartzerik ezean kalteak areagotzeko arriskua zegoelako». Hala, gaur eman dute norabide horretan egindako lehen urratsen berri. Hurrengo asteetan «premiazko jarduketak» egingo dituzte eraikinaren estalkian eta inguruan dauden landaredietan. «Teilatuko arbel zatiak mugitu izanaren ondorioz ura sartzea ekiditeko, baita askatzeko eta bide publikora erortzeko arriskua zuten elementuak egonkortzeko edo kentzeko ere», azaldu dute ohar batean.

Horrekin batera, elkarte memorialistek egindako eskaera bati ere erantzungo diote: zundaketak egingo dituzte eliza inguratzen duten lorategietan, eta eraikinaren jasotze topografiko bat ere bai. Horien xedea da 1976ko martxoko gertaeren inguruko ebidentzia oro pilatzea.

Sei asteko lana aurreikusi dute, eta, denera, 54.000 euro jarriko dituzte zeregin horietarako. Hurrengo urratsa, berriz, elizan dagoen jaiotzen bilduma handik ateratzea izan beharko litzateke. Auziaz aritu ziren abenduko bileran, baina Gogora-ko zuzendariak, Alberto Alonsok, ez zuen argitu horiek martxorako ateratzeko gai izango ote diren. Argudiatu zuen horrek 15.000 eurotik gorako kostua lukeela eta, beraz, beharrezkoa dela lizitazio prozesu bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.