Adingabeen aurkako erasoengatik 3.107 salaketa jaso zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek, eta hiru lurralde horietako haurrak babesteko foru zerbitzuetara 2.167 kasu iritsi ziren 2021. urtean. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak jakinarazi ditu datu horiek gaur, Haur eta nerabeenganako indarkeriaren aurkako Euskal Estrategia (2022-2025) aurkezteko ekitaldian.
Melgosak azaldu du Europako ikerketek islatzen dutela eraso fisikoak %10 eta %22 artekoak direla adin txikikoen taldean; sexu erasoak, berriz, %8 eta %12 artekoak; eraso emozionalak, %14-%36; eta zaintzarekiko utzikeriari dagokionak, %10 eta %16 bitartekoak. «Ume asko dira askotariko indarkeriaren biktima, gehienetan gertatzen delako haurrak indarkeria bat baino gehiagoren biktimak direla», erantsi du Melgosak; sailburuak esplikatu du, gainera, «sarritan» jazotzen dela familiaren barruan eta kanpoan sufritu behar izatea indarkeria.
Kasuak azkarrago atzeman
Haurren Kontrako Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da bihar, eta, Melgosa sailburuak parte hartu du Haurren eta nerabeen indarkeriaren aurkako zentzumen guztiak: eskubideen sustapena eta prebentzioa izeneko jardunaldian. Jaurlaritzak iaz martxan jarritako estrategiaren eraginkortasuna nabarmendu du, «indarkeria horiek prebenitzeko prestatuago» ei daudelako erakundeak. «Kasuak azkarrago atzeman eta modu goiztiarrean esku hartzeko aukera gehiago ditugu orain», esan du. Arretan eta babesean, «arta osoagoa» emateko moduan dira erakundeak, Melgosaren esanetan.
Adin txikikoen aurkako indarkerian ahalik eta azkarrena esku hartzeko, «erakundeen arteko sistema baten aldeko apustua da» Jaularitzak egin duena, «errealitatea hobeto identifikatzeko, ezagutza pilatzeko eta kalitatezko arta bat emateko haurrei».