Eusferan murgiltzeko jarraibideak

Haurren gurasoentzako ekinbide bat da: euskaraz dakitenentzat, erdizka moldatzen direnentzat, eta ez dakitenentzat. Xede nagusia du haiek ulertzea nolako garrantzia duten «hizkuntza sozializazioan», eta, bide batez, euskara hautatzeko irizpideak jasotzea.

Ekinbidearen aurzkezpena, Donostian, iazko abenduan. GORKA RUBIO / FOKU
Ekinbidearen aurzkezpena, Donostian, iazko abenduan. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2026ko apirilaren 29a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Propio egituratu du Taupak Eusfera gurasoek haurren «hizkuntza ingurunean eragiteko» duten ahalmena bultzatzeko. Hainbat kontzeptu argitu ditu horretarako. Hizkuntza sozializazioa zer den gogoratu du, adibidez: «Hizkuntza bera ikasteaz gain, hizkuntzari lotutako balioak, jokaerak eta gizarte arauak barneratzeko prozesua». Eta hortxe nahi dituzte, hain justu ere, gurasoak ahaltsu. Izan ere, nabarmendu dute haurraren hizkuntza unibertsoan «euskarazko atmosfera osasuntsu bat eratzeak» eragina izan dezakeela haurren hizkuntza jokaeretan, eta horiek euskarara eraman ditzaketela. Hona egitasmoan murgiltzeko zenbait jarraibide:

Nork parte har dezake?

Baldintza bakar bat bete behar da Eusferan parte hartzeko: gurasoa izan behar da. 0-12 urte arteko haurren gurasoentzat dago prestatuta, bereziki, eta hezkuntza sistemaren bidez euskararekin harremanen bat izan behar dute ume horiek: «Hego Euskal Herrian, A, B eta D ereduan matrikulatutako haurrak dira horiek; Ipar Euskal Herrian, berriz, Seaskan edo eredu elebidunean matrikulatutakoak», azaldu dute Taupako arduradunek ekinbidearen berri emateko zabaldu duten txostenean. Gurasotasuna, bestalde, hitzaren zentzu zabalenean ulertu dute. «Guraso rola betetzen duen edozein helduri buruz ari gara: tutorea, familiako beste kideren bat...». 

Euskaraz jakin behar da?

Euskaraz dakiten gurasoek, erdizka moldatzen direnek zein hitz bakar bat ere ez dakitenek parte har dezakete. Helburu nagusia du guztiek ulertzea zer-nolako garrantzia duten haurren «hizkuntza sozializazioan», eta, bide batez, euskararen alde egiten ikasteko irizpideak jasotzea. «Izan ere, haurren euskara unibertsoan eragiteko aukerak ditugu guztiok: hizkuntzaren erabilera sustatuz, hizkuntzarekiko jarrera zein den erakutsiz, hizkuntza portaera zehatzak ohiko eginez...», gogora ekarri dute antolatzaileek.  

Nola parte hartzen da?

Gurasoek bi modu izango dituzte parte hartzeko. Batetik, Eusfera.eus webguneko Gurasoen Txokoa atalera jo dezakete, eta etxean egin ahal izateko misioak egiteko atea ireki ahal izango dute han. Horretarako, galdetegi bat bete beharko dute aurrena —euskaraz, gazteleraz edo frantsesez osatu daiteke galdetegia—, eta gurasoen hizkuntza gaitasunaren eta etxeko haurren adinera egokitutako misioen zerrenda bat jasoko dute ondoren. Zortzi «planetatan» bereizi dituzte antolatzaileek misio horiek. Planeta bakoitzak umeen unibertsoaren eremu bati egiten dio erreferentzia: besteak beste, ipuinei, pantailei edo sormenari. «Gurasoek eta haurrek elkarrekin erabakiko dute beren bidaia zein izango den: zer planetatan sartu, zein misio osatu...», esplikatu dute. Familiarekin egindako misioak biltzeko pasaporte bat ere sortu dute. Dokumentu horretan, haurrek aukera izango dute bete duten ariketaren planeta margotzeko edo euskararen inguruan sortu dituzten ohitura berriak idazteko. Pasaportea eskuragai egongo da Eusferaren webgunean. 

Ekinbidean murgiltzeko beste bide bat izango dira Eusferarekin bat egin duten udalerrietan irekiko diren espazio bereziak: euspazioak. «Euskaraz hitz egiteko aproposak diren elkarguneak» izango direla aurreratu dute, eta propio pentsatuta egongo direla familien beharretan. «Elkargune horiek ekintza jakinen bueltan antolatuko dira», azaldu dute. «Eguna hurbildu ahala, webgunean publikatuko dugu non zer egingo duten».

Ekintza horiek hiru ezaugarri izango dituzte: haurrek eta gurasoek elkarrekin parte hartu beharko dute, parte hartze aktiboa sustatuko da, eta euskara egongo da beti «erdigunean». Besteak beste, irteerak eta sukaldaritza edo margolaritza tailerrak egingo dituzte. Euskara maila apala duten gurasoen premiak gogoan izango dituzte jardunbide horietan, euskarara «modu atseginean» hurbiltzeko aukera izan dezaten. Herrietan egingo diren ekintza horietan parte hartzeko ez da aurretik izenik eman behar: aski da bertan agertzearekin. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA