Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako Haurreskolak partzuergoko zentroak doakoak dira 2022-2023ko ikasturtetik. Eta erabakiak isla izan du matrikulazio kopuruan: 2021ean, 4.986 haur zeuden izena emanda; orain, berriz, 7.000; hots, %40,4 ugaritu da matrikula kopurua.
Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eman ditu datuok, Haurreskolak partzuergoaren batzar nagusian; partzuergoari atxikitako 180 udal gonbidatu dituzte hartara. Nabarmendu duenez, eskaria «etengabe» handitu da azken urteotan, eta horrek «lotura estua» du doakotasunarekin: «Horri esker, oztopo ekonomikoak kendu ahal izan dira, eta jaiotzatik eskola postu baterako sarbide unibertsala izateko modua erraztu». Gainera: «Hazkunde horren ondorioz, hezitzaileak ugaritu egin dira, eta enpleguaren egonkortasuna hobetu». Eta eskaria areagotzearekin batera, Jaurlaritzak ekarpena handitu du, %37,8 azken hiru urteetan.
Egindako apustua defendatu du Pedrosak. Haren irudiko, «doako hezkuntza goiztiarra» lagungarria da «haur guztiek beren potentziala baldintza beretan» garatu dezaten: «Haur eskolen zerbitzuaren bilakaeraren bidez, aurrera egiten da hezkuntza ekitatean eta familia guztiek beren seme-alabentzat kalitatezko eskolatze goiztiarra izateko duten eskubidean».