Haurreskolak partzuergoaren sareko beste bost ikastetxe irekiko dituzte irailean

Bilboko Txurdinaga auzoan, Donostiako Gros eta Intxaurrondo auzoetan eta Loiolako Erriberan, eta Getxon irekiko dituzte bost haurreskolak. Irailean hasiko dute ikasturtea; ekainaren 29tik uztailaren 8ra artean egongo da izena emateko aukera.

Haurreskolak partzuergoaren sareko ikastetxe bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Haurreskolak partzuergoaren sareko ikastetxe bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko ekainaren 26a
09:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bost ikastetxe; handitzen ari den sare baten beste bost hari mutur. Haurreskolak partzuergoaren sareari bost ikastetxe eta 175 leku batuko zaizkio datorren ikasturtean, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Bizkaian eta Gipuzkoan irekiko dituzte: bat Bilboko Txurdinaga auzoan eta beste bat Getxon —Kresaltsu—, eta hiru Donostian: Gros eta Intxaurrondo auzoetan, eta Loiolako Erriberan.

Bost ikastetxeek irailean zabalduko dituzte ateak, eta, Haurreskolak partzuergoaren gainerako zentroetan bezalaxe, helburua izango da «0 eta 2 urte arteko haurrentzako hezkuntza arretaren eskaintza publikoa indartzea». 2025ean eta 2026an jaiotako haurren familiek ekainaren 29tik uztailaren 8ra arte izango dute izena emateko aukera. Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez, eskaerak presentzialki egin beharko dira udalerri bakoitzari dagokion udalean. 

Onartuen behin behineko zerrendak uztailaren 17an argitaratuko dituzte; erreklamazioak eta zuzenketak aurkezteko epea uztailaren 20an eta 21ean izango da; eskaeran atzera egitekoa uztailaren 24ra arte; eta behin betiko zerrendak uztailaren 27an argitaratuko dituzte. Horiek hala, irailean ekingo diote ikasturteari.

Hazkundea eta egokitzapena

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, gaur-gaurkoz 7.013 haur daude eskolatuta sare horretako zentroetan, eta, datorren irailetik aurrera, Haurreskolak partzuergoak 248 zentro izango ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; denera, 9.133 leku eskainiko dituzte. Are, Jaurlaritzak aurreratu duenez, hainbat udalerritan haurreskolak eraikitzeko, handitzeko edo egokitzeko lanetan dihardute; kasurako, zenbait egokitzapen egiten ari dira Bilboko Zamakola eta Elejabarri ikastetxeetan.

«Hezkuntzaren funtzioaz gain, haurreskolak funtsezko baliabidea dira familia eta lan bizitza uztartzeko, eta hurbileko zerbitzu irisgarria eta kalitatezkoa eskaintzen diete familiei», gaineratu du Jaurlaritzak bidalitako prentsa oharrean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA