Herriko bozen bigarren itzuliak ekarriko dituen emaitza guztiak emanen dituzte, eta momentuan analizatuko dituzte, 19:00etatik aitzinera egingo duten telebista saioan. Battitt Crouspeyrek aurkeztuko du saioa, eta Arantxa Idieder izanen du ondoan, emaitzak heldu ahala haien berri emateko.
Bi aurkezleekin batera, platoko mahaian izanen dira Ekhi Erremundegi BERRIAko kazetaria, Maite Ubiria Kazeta-ko kazetaria, Goizeder Taberna Mediabask-eko kazetaria, Ainize Butron kazetaria eta Eguzki Urteaga soziologoa, bigarren itzuliak utziko dituen emaitza guztiak aletzeko eta analizatzeko.
Bada-k, BERRIAk, Euskal Irratiek, Herria-k, Ipar Euskal Herriko Hitza-k, Kanaldudek eta Kazeta-k elkarlanean antolatu dute telebista emankizuna, eta, besteak beste, BERRIAren webgunean ikusi ahalko da, beste hedabideen webguneetan bezala.
Herriz herriko emaitzak eta grafikoak, berriz, orrialde honetan bilduko ditu BERRIAk.