Hautetsiek «konfiantza» agertu diote lehendakariari

Iriartekin elkarlanean aritzeko borondatea agertu dute sentsibilitate anitzetako hautetsiek. Etxegaraik ere bere posizioa markatu du, elkargoko biltzarrean hitza hartuta.

Alain Iriart lehendakaria, elkargoko biltzarrean. PATXI BELTZAIZ
Alain Iriart lehendakaria, elkargoko biltzarrean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko apirilaren 24a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abian da Euskal Hirigune Elkargoko agintaldi berria. Instantzia bakoitzeko ordezkaritzak definiturik, arloz arlo lanean hasi beharko dute orain hautetsiek. Lehen bilkura aukera izan da batzuen eta besteen jarrerak eta ikuspegiak neurtzeko. Oro har, «konfiantza» agertu diote Alain Iriart lehendakari berriari. 

Batek baino gehiagok galdetzen zion bere buruari ea nola jokatuko zuen Jean Rene Etxegarai lehendakari ohiak. Euskal Kosta-Aturri lurralde eremuko erreferentzia izanen da orain; hala hartu du hitza bi aldiz, eta, hautetsi batzuen ustez, tonu «paternalistan» zuzendu zaio lehendakariari. Alokairu apaleko bizitokiak kudeatzen dituen HSA egituran Lapurdi kostaldeko herriek duten ordezkaritza apala eta Landetakoen ordezkaritza zabalegia kritikatu ditu lehenik, eta iradoki du denbora gehiago hartu beharko litzatekeela izendapenak adosteko. Iriartek esplikatu dio orain arteko eskemari jarraitu besterik ez duela egin, eta araudiak finkatutako epeak errespetatzeko ezinbestekoa zela ostiral honetako biltzarrean bozka zezaten.

Bilkura bukaeran, Aldudeko ibarrean zentral hidraulikoen harira duten arrangurari buruz mintzatu da Katixa Dolhare Bankako (Nafarroa Beherea) hautetsia, eta Iriartek erran du gaia ezagutzen duela eta prefetarekin mintzatzeko asmoa duela. Orduan berriz hartu du hitza Etxegaraik, erranez ez dela aski prefetarekin mintzatzea, eta estatuari «aurre» egin behar zaiola. Batek baino gehiagok harridura agertu du jarrera hori ikusita. «Esplikatuko dizut nola egin nik egin ez dudana», komentatu zuen hautetsi abertzale batek bilkura bukatzean, ironiaz. Lehendakariari zilegitasuna kentzeko borondatea, bere posizioa markatzeko gogoa edo biak batera; ikustekoa izanen da hurrengo biltzar eta eztabaidetan zer rol hartzen duen. 

Iriarti buruz duen iritzia galdetuta «oso lasai» agertu da Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapeza. «Hautagaitza aurkeztean, Angelun harrera egin diodanean edo hemen hitza hartu duenean, ez dago hor alderdi politiko baten izenean, denak bateratzeko baizik. Ez dago inolako arrazoirik ez diezaiodan konfiantzarik eman». Lehendakariorde gisara abertzaleekin «biziki ongi» lan egin duela erran du. «Salbu gai guziak politizatu nahi badituzte, hor besterik izanen da, bistan dena. Baina ez dut uste hala izanen denik». 

Isabelle Pargade Hazparneko (Lapurdi) auzapezak «etapa berri bat» hastear dela erran du, elkargoaren «deszentralizazioa» erronka gisara jarrita. «Biziki pozik naiz gogoeta horietan eta gure lurraldeko bizian ekarpen bat egin ahal izateagatik». Lehendakaritzarako lehian Etxegarairen alde egin bazuen ere, Iriart lehendakariari «errespetua eta estimua» dizkiola erran du. 

Xole Aire Urepeleko (Nafarroa Beherea) auzapezak ere uste du «konfiantza» sortzen duela lehendakariak hautetsien artean. «Erraten duena egiten du». Kostaldearen eta barnealdearen arteko oreka atzeman behar dela erran du: «jadanik hasia da lekua egiten; hori behar-beharrezkoa da». Abertzale gisa, esperantza agertu du instituzioaren eta euskararen gaietan aitzinamenduak izan daitezen. 

PCF, haserre gorrian

PCF Frantziako Alderdi Komunistaren Pirinio Atlantikoetako adarrak agiria bidali zuen ostegunean Iriarten izendapenari buruz kexa agertzeko. Hego Euskal Herrian PPk iradoki duen gisa berean, baieztatu du EH Bairen eta EAJren arteko aliantza bat izan dela lehendakaria hautatzeko. Kezka agertu dute Ipar Euskal Herriko instituzioaren bilakaerak departamenduaren desagerpena ekar lezakeelako. 

Horrez gain, PSren kontra egin dute, azken urteetan EH Bairen hautua lehenetsi dutelako Ipar Euskal Herrian, frantses nazionalista jakobinoak bazterrean utzita. «Erabaki horrek iraunkorki zatitu du ezkerra», PCFn hitzetan. «Ezinbestekoa da ezker errepublikazalearen adierazpide bat elkargoan». Txikia izanik ere talde politiko bat sortzera deitu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA