Alain Iriart: «Ez nator dena azpikoz gora ezartzera»

Izendatu dituzte Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariorde eta kontseilari ordezkariak. Parekidetasunaren aldeko aldarria egin du Christelle Mange Sohütako auzapezak, eta lehendakariorde postua lortu du ezustean.

Euskal Hirigune Elkargoko biltzarra, ostiral goiz honetan, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Euskal Hirigune Elkargoko biltzarra, ostiral goiz honetan, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko apirilaren 24a
10:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Hirigune Elkargoaren osaketa berria ostiral honetan finkatu dute, Baionan eginen duten elkargoko biltzarrean. Orduan bozkatu dituzte elkargoko batzorde iraunkorra eta exekutiboa, eta baita elkargoari lotutako herriarteko sindikatuetan eta bestelako egituretan izanen diren ordezkaritzak ere.

Apirilaren 11n ustekabea izan zen elkargoko lehendakariaren hautaketan, Alain Iriart Hiriburuko auzapeza gailendu baitzitzaion Jean Rene Etxegarai Baionakoari. Ostiral honetako biltzarrean ez da hainbesteko aldaketarik espero. Eta hala adierazi du Iriartek berak biltzarra abiatzeko egin duen hitzaldian: «Ez nator dena azpikoz gora ezartzera». 

Lehendakari hautatu zuten egunean baino «emozio gutxiagorekin» mintzatu da, baina «plazer handiz». Eskerrak eman dizkie hautetsiei berarengan «konfiantza» izateagatik, eta baieztatu du erabakitasun handiz arituko dela elkargoan den «sentsibilitate oro» errespetatzeko. Azken bi asteetan egin dituzten bilkuretan, 683 izendapen egin dituzte. «Ez dut esku hartu batzorde iraunkorrerako ordezkariak eta lehendakariordeak izendatzeko elkarrizketetan, erabakia hautetsien gain uzteko. Lurralde eremuek egindako proposamenetan oinarritu naiz osoki», baieztatu du. «Erabakiak hautetsien hautuaren isla izanen dira, lurraldeen eta sentsibilitate politikoen isla».

Parekidetasuna lortu nahi dutela berretsi du Iriartek. «Gutxi aitzinatu da azken agintaldietan. Horrela segituz, anitz urte beharko dira berdintasuna lortzeko», deitoratu du. Izan ere, lurralde eremuetatik egin dituzten proposamenetan ez dute beti parekidetasun printzipioa errespetatu. Lehendakariordeak eta beste ordezkariak izendatzeko orduan aldagai hori kontuan hartu duela erran du Iriartek. Hala, hautatutako emazteak zerrendaren gainean kokatu ditu. 

LEHENDAKARIORDEAK

  • 1. lehendakariordea: Anne-Marie Bruthe (Amenduze). 
  • 2. lehendakariordea: Eneko Aldana (Ziburu)
  • 3. lehendakariordea: Sylvie Durruti (Baiona)
  • 4. lehendakariordea: Daniel Olzomendi (Izura)
  • 5. lehendakariordea: Florence Lasserre (Angelu)
  • 6. lehendakariordea: Peio Abeberri (Miarritze)
  • 7. lehendakariordea: Fabienne Hirigoien (Mugerre)
  • 8. lehendakariordea: Peio Etxeleku (Kanbo)
  • 9. lehendakariordea: Claude Olive (Angelu)
  • 10. lehendakariordea: Antton Kurutxarri (Baigorri)
  • 11. lehendakariordea: Joseba Erremundegi (Baiona)
  • 12. lehendakariordea: Jean François Irigoien (Donibane Lohizune)
  • 13. lehendakariordea: Christelle Mange (Sohüta)
  • 14. lehendakariordea. Herve Damestoi (Lekorne)
  • 15. lehendakariordea. Nicolas Narbey (Samatze)

Parekidetasuna aldarri

13. lehendakariordearen hautaketak zalaparta sortu du. Izan ere, Bernard Lougarot Gotaineko (Zuberoa) auzapeza hautatzea proposatu du Iriartek, baina haren kontra aurkeztu da Christelle Mange Sohütako auzapeza. Ezkerrekoa da Lougarot, eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aldekoa Mange; Zuberoako lurralde eremutik, bien izenak atera ziren, eta Mangek Iriarti leporatu dio gizonaren alde egin izana. «2008tik naiz hautetsi, eta 2010etik auzapez. Zilegitasun osoa dut halako kargu bat hartzeko», erran du Mangek. «Ezin naiz kukutu, eta ausardiaz jokatu behar dut. Hala egin nuen lurralde eremuan ere. Ezkerreko alderdi politikoen arteko antolamenduek lau gizon proposatu zituzten. Hori ikusi nuelarik, neure burua proposatu nuen. Eta galdera egin nuelarik, erantzun zidaten alderdi horiek ez zutela emazterik proposatzeko. Azkenerako, aho batez egin zuten nire alde», kontatu du. 

Mangek azpimarratu du Euskal Elkargoan onartua duten gobernantza itunak balioa eman nahi diola emazteen tokiari; hitzez hitz irakurri ditu parekidetasunari dagozkion zatiak. «2020ko agintaldian bost lehendakariorde ziren emazteak, eta bi kontseilari ordezkari». Iriartekin izandako elkarrizketari aipua. «Ni hautatu behar ninduan parekidetasuna errespetatzeko», adierazi dio. «Ez dut ulertzen zergatik azken postu guziak gizonei atxikiak zaizkien». Eredu izateko deia egin die hautetsiei. Txalo zaparrada batekin erantzun diote haiek, eta hainbat emazte zutitu egin dira. Gehiengo handi batek haren alde eman du boza, eta hura hautatu dute lehendakariorde. 

Lehenago ere sortu du eztabaida parekidetasunaren gaiak. Ana Ezkurra Miarritzeko ezkerreko hautetsiak mezu bat idatzi zuen ostegunean sare sozialetan, Euskal Kosta-Aturriko lurralde eremuan egindako hautuak kritikatzeko. «Astearte goizean, Jean Rene Etxegarai lurralde eremuko erreferenteari idatzi nion, gobernantza itunak aurreikusten duen parekidetasuna ez baitzen errespetatua. Igande arratsean hitza hartu nuen berriz, baina [Etxegaraik] erantzun zidan lurralde eremuko bost auzapezak gizonezkoak direla, eta uler dezakegula hainbat arrazoirengatik emakumeek gogo gutiago dutela hautagai izateko. Gainera, erran zidan zuzenbideko lehen urteetan ikasten dela halako itun batek ez duela eragin normatiborik». Etxegarai bezala, abokatua da Ezkurra. «Zergatik onartzen dugu gobernantza itun bat gero ezin bada aplikatu? Auzapez jaunak, ez ote duzue emazte axuantik funtzio exekutiboak hartzeko gai denik?»

Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapezak, bestalde, deitoratu du gobernatzen duen hiriak lehendakariorderik eskuratu ez izana. «Ipar Euskal Herriko hiri nagusietako bat da», adierazi du. Gainerakoan, lurralde eremuetako erreferenteak eta gaikako kontseilari ordezkariak izendatu dituzte. Izendapen hauek ez dute eztabaidarik sortu. Azkenik, batzorde iraunkorreko kide izanen diren hautetsiak ere hautatu dituzte. Hauek izanen dira gaikako kontseilari ordezkariak:

  • Emmanuel Alzuri (Bidarte)
  • Serge Blanco (Miarritze)
  • Anthony Bleuze (Angelu)
  • Kotte Ezenarro (Hendaia)
  • Nicole Etxamendi (Itsasu)
  • Mathieu Horn (Bokale)
  • Sylvie Leizagoien (Ainhoa)
  • Benedicte Luberriaga (Azkaine)

lurralde eremuetako ERREFERENTEAK

  • Hego Lapurdi. Cedric KuruTXet (Getaria). 

  • Bidaxune.

    Laurence Masondo-Bessouat (Burgue-Erreiti).

  • Amikuze. Eric Narbaitz (Arboti-Zohota).

  • Iholdi-Oztibarre.

    Beñat Cachenault (Iholdi)

    .
  • Euskal Kosta Aturri. Jean Rene Etxegarai (Baiona).

  • Hazparne. Isabelle Pargade (Hazparne).

  • Garazi-Baigorri. Gilbert Ozafrain (Aintzila).

  • Errobi. 

    Helene Marty-Chaleon (Uztaritze)

    .
  • Aturri-Errobi. Raymond DarriKarrere (Urketa).

  • Zuberoa. Peio Quihillalt (Ligi-Atherei).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA