Medikua

Xan Berterretxe: «Hautu hori ezinen dute dretxo guztiak bermatzen dituen jendarte batean egin»

Heriotzarako laguntzaren legea bozkatu dute Frantziako Asanblea Nazionalean. Xan Berterretxe medikuaren ustez, «biziki baliagarria izan daiteke kasu jakin batzuetan»; baina, dioenez, osasun sistemaren egoera hobetzeaz arduratu behar lukete.

Xan Berterretxe, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Xan Berterretxe, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko maiatzaren 27a
17:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Baigorriko (Nafarroa Beherea) medikua da Xan Berterretxe. Frantziako Asanblea Nazionalean heriotzarako laguntzaren baimentzea bozkatu duten honetan, zenbait duda ditu: kontuan harturik Frantziako osasun sistemaren «egoera katastrofikoa» dela, iruditzen zaio heriotzarako laguntzaren hautua ezin dela «neutroa» izan. 

Mediku gisa, zer iruditzen zaizu bozkatu duten heriotzarako laguntzaren legea?

Erran nezake biziki lege baliagarria litzatekeela kasu jakin batzuetan, baldin eta elbarritasunak dituzten jendeez ontsa arduratuko balira eta arazo psikiatrikoak dituztenen eskubideak bermatuko balituzte. Orduan, onuragarria litzateke. Baina gobernuek erabakitzen dute ekonomiak egitea jende horien bizkar, eta, ondotik, heriotzarako dretxoa irekitzen da, eta gogoa da geroz eta gehiago irekitzea.

Halere, behar bati erantzuten dio?

Ez dut inkestarik egin, baina, inguruan ditudan medikuekin aipatzean, pixka bat arranguratzen gaitu ikusteak geroz eta jende gehiago badirela eritasun kronikoak edo elbarritasun handiak dituztenak. Bizia geroz eta zailagoa da haiendako, zeren eta laguntzak geroz eta ttipiagoak dira; laguntza humanoak eta laguntza ekonomikoak. Ospitalea egoera katastrofikoan da.

Ulertzen dut izan daitekeela aitzinamendu bat, kasu jakin batzuetan. Nik ez dut sekula holako egoerarik ukan, ez arras hamar urteko esperientzian; beraz, beharbada egun batez gertatuko zait. Beharbada ez dut ukan ez baitzen legala. Baliteke legeztatzean galdeak agertzea.

Orain arte, beraz, nola kudeatu dituzu biziaren amaierako kasuak?

Nik indarrean zen legearen, hau da, arta aringarrien edo Claeys-Leonetti legearen barnean ziren dispositiboekin kudeatu ahal izan ditut izan ditudan egoera guztiak. Ipar Euskal Herrian, ez dugu arazorik: badira arta aringarrietako oheak Baionako ospitalean, Donapaleukoan eta Izpurakoan [Nafarroa Beherea].

«Gobernuek erabakitzen dute ekonomiak egitea jende horien bizkar, eta, ondotik, heriotzarako dretxoa irekitzen da, eta gogoa da geroz eta gehiago irekitzea»

Baina arta aringarrietarako edo heriotzarako laguntzarako eskaera egiten duten jendeak ez dira arras egoera berean. Bigarrenean, hautuaren nozioa azkarragoa da lehenean baino.

Egiten baduzu hautu bat dispositibo guztiak badituzu sufrikarioaren ttipitzeko, elbarritasunaren ondorioen konpentsatzeko... orduan, hautua baldintza onetan egiten da. Baina, gaurko jendartean, hautua egiten dute kalitatezko artarik errezibitu ahal izan gabe.

Hautua hautua da, bistan dena; errespetatu behar da. Baina hautu hori ez da baldintza neutroetan egiten: gaurko jendarte kapitalistak baldintzaturik egiten da. Hautua egiten balitz dretxo guztiak bermatuko lituzkeen jendarte batean, ez litzateke berdin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.