Legearen aztertzea larunbatean bukatu zuten Frantziako Asanbleako diputatuek, zortzi eztabaida egunen ondotik, hogei artikulu eta kasik 2.300 zuzenketa berrikusirik. Gaur onartu dute heriotzarako laguntza legearen baimentzea Asanblea Nazionalean: 305 diputatuk alde bozkatu dute, eta 199 diputatuk kontra. Gero, Senatuaren txanda izanen da.
Ikusi gehiago
Desadostasunak izanik ere, oro har eztabaida sanoak ukan dituzte diputatuek. Frantziako Osasun ministro Catherine Vautrinek erran zuen bi helburu nagusi bete beharko zituztela: lehena, heriotzarako laguntzarako aukera ukaiteko baldintza «zorrotzak» trenkatzea, eta bigarrena, prozeduraren segurtasuna bermatzeko baliabideak ukaitea. Lege proposamenaren defendatzaileek, haien aldetik, argi zuten aitzakiarik ez zitzaiela utzi behar «dena den proposamenaren kontra eginen» zuten diputatuei.
Hain zuzen ere, RN Batasun Nazionaleko, LR Errepublikanoetako eta UDR Errepublikaren aldeko Eskuinen Batasuneko diputatuek zalantzan jarri dituzte eztabaidagai ziren 2.690 zuzenketetatik anitz. Haien ustez, lege testua «debeku gutikoa» da, eta baliteke «ahulezia abusuak» ekartzea.
Olivier Falorni PS Frantziako Alderdi Sozialistako diputatuak egin zuen lege proposamena, eta, haren ustez, ezin da alde batera utzi «herritarren gehiengo handiak espero duen legea».
Baldintzapeko eskubidea
Eri handiak hiltzen laguntzeko prozedura finkatzen du Asanblean bozkagai izan duten lege testuak. Hainbat baldintza betez gero, hiltzeko produktu bat manatzen ahalko dio medikuak hala nahi duen pazienteari; baina, lege proiektuak ezarritako irizpideen arabera, adinez heldua izan beharko du, eta eri handia eta frantziar herritartasuna izan beharko du. Eritasun larri edo sendagaitz baten fase aitzinatu edo terminalean izan beharko du, sendabiderik gabekoa edo sufrimendu jasanezina duela. Azkenik, bere nahia adierazteko gai izan beharko du.
Behin nahi hori adierazita, medikuari eskaera egin beharko dio pazienteak, eta hark psikologo, psikiatra edo zainketa aringarri batzuekin laguntzeko proposamena eginen dio. Anartean, pazientearen eskaera aztertuko dute elkargo batean. Medikuak eskaera ontzat ematen badu, gutxienez bi eguneko gogoeta tartea izanen du pazienteak. Ondoren, hiltzeko produktua manatuko diote, eta hura emateko eguna finkatu, eta hor izanen diren medikua edo erizaina izendatuko dituzte. Printzipioz, pazienteak hartuko du hiltzeko produktua, baina fisikoki horretarako desgaitasunik izanen balu, izendatutako osasun profesionalak emanen dio.
Heriotzaren ondotik prozedura behar bezala iragan dela kontrolatuko du horretarako prestatutako prozedura batek. Medikuak eri handiaren heriotza eskaera onartuko ez balu, helegitea jartzeko aukera izanen du pazienteak.
Europako herrialdeen artean, lau herrialdetan besterik ez dago onartua eutanasia aktiboa: Espainian, Portugalen, Belgikan eta Herbehereetan. Frantziak, berriz, beste zenbait herrialdek bezala, eutanasia pasiboa onartzen du: erraterako, pazienteak uko egin diezaioke bizirautea ahalbidetzen dion tratamendua edo tresna erabiltzeari. Honako honetan, eta gaur lege berriaren alde bozkatuta, eri handiei modua emanen zaie, hainbat baldintzari jarraikiz, heriotzarako laguntza eskuratzeko, hautuz.
Zainketa aringarriak ere bozkagai
Heriotzarako laguntza legea ez ezik, beste lege bat ere onartu dute gaur: zainketa aringarrietarako bidea hobetzeko legea. Funtsean, bi lege proiektuak batera aitzina eramatekoak direla kontsideratu dute. Heriotzarako laguntza prozesuan zehaztu duten bezala, behin pazientearen nahia jasota, medikuak zainketa aringarriekin laguntzeko proposamena egiten ahal dio. Horregatik, beraz, heriotzarako laguntza onartzen bada, «bizitza amaierarako modelo berria» beharko du Frantziak.
Duela hamar egun bukatu zuten lege testuaren 673 zuzenketak aztertzen. Testu berriaren erronka nagusia zaintza aringarriaren egiazki bermatzea da: Frantziako Kontuen Auzitegiaren arabera, zaintza aringarriak hartuko lituzketen gaixoen erdiek besterik ezin dute egiazki beren nahia bete. Ez baita aski zentrorik zerbitzu horren bermatzeko. Orotara, Frantzian, hemeretzi departamenduk ez dute arta aringarrietarako sailik. 2025ean, alta, 100 milioi euro gehitu zituzten sail horren aurrekontuan.