HEGAZTI GRIPEA

Hegazti migratzaileak ehizatzea behin-behinean debekatzeko eskatu du Eguzkik, hegazti gripeagatik

Hegazti gripearen zenbait kasu atzeman dituzte, eta hegazti migratzaileak ehizatzeko luzamendua «berehala» onartzeko eskatu du Eguzkik.

Kurrilo batzuk Ciudad Realen, Espainian. BELDAD / EFE
Kurrilo batzuk Ciudad Realen, Espainian. BELDAD / EFE
inaut matauko rada
2025eko urriaren 31
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hegazti gripearen kasuen gorakada dela eta, Eguzki talde ekologistak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiei eskatu die «berehala» debekatzeko hegazti migratzaileen ehiza, behin-behinean. Europan dagoen hegazti gripearen agerraldia «larria eta jarraitua» dela uste du taldeak, horregatik eskatu du berehala debekatzeko jarduera hori, arazoa errotik konpontzeko.

Eguzkik azaldu duenez, Europako Batasunean jada hartzen hasiak dira neurriak, eta hari horri eusteko eskatu dute, iritzita egoera «mehatxu serioa» dela bai osasun publikoarentzat, bai hegazti haztegientzat, eta bai bioaniztasunarentzat ere.

Talde ekologistak iritzi dio ezinbestekoa dela gizakien eta kutsatuta egon daitezkeen hegaztien arteko kontaktua murriztea, kutsatzeak saihesteko. Gogorarazi dute ez dela ohikoa gizakiak birus horrekin kutsatzea, baina ehizak kontaktua handitzen du, eta, beraz, kutsatzeko arriskua handitu egiten da. Gogorarazi dute epidemiologoek behin eta berriro ohartarazten dutela arriskua dagoela birus horren kutsagarritasuna handitzeko.

Bestalde, taldeak eskatu du hegazti gripeari buruzko informazioa emateko sistema bat ezartzeko, herritarrek informazio gehiago izan dezaketen. Azkenik, ehiza garaiak arautzen dituen legediak berrikusteko ere eskatu dute, horiek egoera epidemiologikoetara moldatu daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.