Hegemonia aztertzen

Maiatzaren 28ko bozek areagotu egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan handitzen ari den alderdi abertzaleen nagusitasuna. Gizartea aldatzen ari da, edo alderdiak, edo biak. Bozen emaitzek badute lotura aldaketa soziologikoekin, baina haiek ez dute dena azaltzen.

Juan Karlos Izagirre eta Maddalen Iriarte, EH Bilduko Donostiako alkategaia eta Gipuzkoako ahaldungai nagusia, Arnaldo Otegirekin, hauteskundeen emaitzak ezagutu berritan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
xabier martin
2023ko ekainaren 07a
00:00
Entzun
EAJren eta EH Bilduren nagusitasuna berretsi dute maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeek, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken urteotan finkatu den joera hori are argiago islatu dute bozek koalizio abertzalearen hazkunde handia dela medio, eta beste jokaleku bat «erabat egituratu da gizartean», Arkaitz Fullaondoren ustez (Bilbo, 1980). «Emaitzek aldaketa soziopolitikoak islatu dituzte», azaldu du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko kide eta Parte Hartuz taldeko ikertzaileak.

Aldaketa horiek zerrendatu ditu Fullaondok: lidergo berriak azaldu dira; agenda politikoan beste gai batzuk azaldu dira; eta gizartearen lehentasunak aldatzen hasi dira. Haren arabera, urte askoan eztabaida politikoa «erabat baldintzatu duten gaiek» garrantzia galdu dute bozkatzeko garaian. «Biktimak, presoak, ETA... Halakoek ez dituzte hainbeste baldintzatzen belaunaldi gazteak, eta 40 eta 50 urte artekoak ere ez. Askok atzean utzi nahi dute iragana. Helduenak daude iraganarekin kateatuak, 55-60 urtetik gorakoak. Gatazka bete-betean bizi izan dute, batzuek modu gordinean, eta horrek badu pisua haien imajinarioan: sozializazio politiko guztia gatazkaren zikloan egin dute».

Sigletatik harago, nortasun nazionalen blokeen arteko desorekak erakarri du soziologoen eta politologoen arreta azken urteotan, eta batzuek 1960ko hamarkadako etorkinen ondorengoei erreparatu diete erantzunak aurkitzeko; kasurako, Bizkaiko Ezkerraldeko eboluzio politikoa hizpide hartuta. PSEren gotorleku historikoa, izan ere, EAJren esku dago zatirik handienean, etaEH Bildu ere gora doa han. «Azkarra eta erraza» da botoa PSEri eman ohi diotenen seme-alaben eta iloben bestelako hautuak azpimarratzea azalpen gisa, Fullaondoren ustez, «azalpen hori ez baita azalpen osoa». Soziologoak uste du egungo jokaleku politikoaren «aldagai bat baino ez» dela.

Ainhoa Novo Arbona Gizarte Zientzietako doktore eta EHUko Politika Zientzietako irakaslea (Pasaia, Gipuzkoa, 1973) ez dago ados boto joeraren aldaketaren gakoa etorkinen ondorengoak direla dioen teoriarekin. Alderdien arteko egungo indar korrelazioa esplikatzeko, «ez da zuzena», haren ustez, multzo jakin baten ondorengoen hautu politikoen inguruko azalpena: «Ez dago benetako daturik hori sostengatzeko».

Eskaintza zabaltzen

Fullaondok, ordea, ikusten du «lotura» badagoela XX. mendearen bigarren erdialdeko etorkinen ondorengoen eta egungo abertzaleen hegemoniaren artean, baina aldagai horri baino garrantzi handiagoa ematen dio ETAren osteko zikloari: «Garai berria egonkortu eta egituratu egin da, eta beste ziklo politiko batera goaz. Hamabi urte dira ETAk su-etena eman zuela, bost desegin zela, eta, gero, pandemia etorri da. Emaitzek islatu dutena da agertoki berri bat osatu dela».

Novo irakaslearen ustez, berriz, «ez dago kristalezko bolarik» abertzaleen egungo nagusitasuna azaltzeko soziologiaren ikuspuntutik. Uste du herriei «itxura jakin bat» ematen zaiela eta han dauden emaitza politikoekin lotura egiten dela, bestelako azterketarik egin gabe: «Hori ez da egokia. Inkesta bat balego jakiteko boto emaile bakoitzaren jatorria zein den, zehatza den zerbaiti buruz hitz egingo genuke, baina inkestarik egiten ez dugunez, ez dago daturik esateko etorkinen ondorengoek aldatu dutela agertokia».

Zerekin lotzen du orduan Novok joera aldaketa? Alderdien eskaintzarekin. «Hautesleen beste lerrokatze bat baino gehiago, alderdien eskaintzaren aldaketa gertatu da». Otsailaren 23ko soziometroari erreparaturik jarri du ezbaian hautesleen bestelako lerrokatzearen ustea. «1995ean, %31k esaten zuten euskal herritarrak zirela soilik; 2023an, %21ek esaten dute. Espaniarrak baino gehiago euskal herritarrak sentitzen direnen kopurua hamar puntu igo da; eta lau puntu igo da euskal herritar bezain espainiar sentitzen direnen kopurua». Hori aintzat hartuta, Novok dio alderdien arteko lehian dagoela egiten diren «eskaintzetan» bilatu behar dela egungo egoeraren arrazoi nagusia.

Fullaondok 2000. urtean kokatu ditu orain argiro ikus daitekeen aldaketa politiko baten lehen zantzuak. PSE-EEren gotorleku historiko batzuetan, esaterako Ezkerraldean, EAJren aldeko hautua nagusitzen hasi zen garai hartan. «ETAren gaia ekuaziotik atera» izanak ziklo berriari ateak zabaldu dizkio, haren ustez: «Belaunaldi gazteek modu naturalean ikusten dute EH Bilduren alde bozkatzeko aukera». Fullaondok uste du estrategia aldaketa dela koalizioaren hazkundearen gakoa. «Madrilgo agenda politikoan buru-belarri sartu da. Eduki sozialetan indar eraginkor gisa plazaratu da, eta abertzale ez direnentzat ere aukera erakargarri bihurtu da».

Izan ere, «hazi diren herrialdean errotzen dira pertsona gehienak», soziologoak azaldu duenez, eta horrek alderdi abertzaleen alde jokatuko luke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, etorkinen seme-alaben eta iloben multzo zehatzari dagokionez: «Errotua egoteak ematen die pertsonei bertakoagotzat dauzkaten alderdien aldeko jarrera; kasu honetan, alderdi abertzaleen aldeko jarrera». Horrek ez du esan nahi, ordea, boto hori boto abertzale tradizionala denik beti, Fullaondok dioenez: «Kanpoko jatorria dutenen boto abertzale horrek ez du zertan izan betidanik EAJko edo ezker abertzaleko familia batean hazitakoen boto bera».

Bertan jaio, bertan errotu

Zein da aldea, ordea? «Bozkatze dualaren aukera» da aldea, EHUko soziologoaren hitzetan. «Multzo horrek bertakotzat jotzen duenaren alde egin dezake bertako hauteskundeetan, eta, Espainiako hauteskundeetan, estatu mailako alderdien alde». Alderdiekiko fideltasun itsua nola hausten den «gero eta argiago» ikusiko da aurrerantzean, haren ustez. «Argi dago: bizi zaren herrialdean bertakotzat jotzen dituzun alderdiak erreferente erakargarriagoak dira besteak baino, agenda politikoa bizi zaren herrialdean kokatua dutelako».

Euskal Herriko populazioaren parte handi batek, hemen bizi arren, Espainian izan du erreferentzia politikoa, Fullaondok dioenez, eta «logikoa da» Espainiatik iritsitakoen talde handi batek erreferentzia horiek bilatu izana. «Ezkerreko ardatzean alderdi bakoitzaren boto emaileen batez besteko adina esanguratsua da: EH Bilduk boto emaile gazteagoak ditu PSE-EEk baino».

EH Bilduren hazkunde handia azaltzeko, Zientzia Politiketako doktore Novok uste du haren eskaintzaren eboluzioari begiratu behar zaiola. «Lehen, kapsula baten barruan lehiatzen zen. Beren boto emaileen %80 inguru oso fidelak ziren: komunitate bat ziren. Hauteskundeetan, komunitate hori defendatzea zen lehia». Estrategia hori aldatu egin dela dio: «Erabaki dute erakundeetan gobernatu nahi dutela, eta bere alboetako espazioetan lehiatzeko urratsa egin dute».

Estrategia horren ondorio bat azpimarratu du Novok: «Egungo bere boto emaileen artean, %63 baizik ez dira soilik euskal herritar sentitzen direnak. Gainontzekoak espainiar baino gehiago euskal herritar sentitzen dira, baina espainiartasunari uko egin gabe». Soziologoaren ondorioa argia da: ez dira hautesleak mugitu, alderdiak baizik. «Abertzale ez direnek ere botoa ematen diote EH Bilduri orain».

Eta EAJ ere sartu du estrategia hori darabiltenen artean: «EAJ dabil eskaintza zabaltzen aspaldian». Boto emaileen artean bada talde bat «aldakorra» dena, Novoren hitzetan, erraz alda dezakeena hautua, eta hegemonia duten alderdi biek halakoak erakartzen jakin dute, haren ustez.

Bipartidismo inperfektua

Batera edo bestera, Fullaondo irakaslea sinetsita dago euskal gizartea «bipartidismo inperfektu» batera doala: EAJ eta EH Bildu lirateke alderdi nagusiak, eskuinean eta ezkerrean, eta estatu mailako alderdiak atzean leudeke, «baina gobernatzeko giltza dutela, gehiengo absolutuak oso zailak baitira gurean». EAJk Bizkaian ez du lortu, eta PSErekinaliantza egitea ez da nahikoa gehiengo absolutuak lortzeko modu orokorrean. «EH Bildu ere zentraltasunaren jokoan dabil, baina ezkerreko ardatz teorikoa blokeaturik dago, euskal gizartean baino gehiago Madrilgo erabakiguneetan».

Hautesleen joeren eboluzioa ez da PSEren aldekoa, baina «sistemaren alderdi bat da», Fullandok gogoratu duenez, eta horrek «eragin politikoa izateko gaitasuna» ematen dio. «Badaki hazteko tarte handirik ez duela, baina badaki, era berean, eragin politiko erabakigarria izaten jarraitzeko boto kopuru nahikoa duela oraindik ere».

Beraz, piramide demografikoaren goiko aldeak alderdien geroa baldintza dezake hein batean, baina, Fullaondoren ustez, piramidearen oinarriari erreparatu beharko diote aurrerantzean alderdiek, migrazio berriek «gero eta garrantzi handiagoa» izango dutelako. «Dibertsitate horretan, nork lortuko du boto emaile horien babes handiagoa? Luze gabe, Europatik kanpo iritsitakoen seme-alaba euskal herritarren hautua izango da gakoetako bat».

Novo irakasleak gogoratu du, dena den, lehen-lehenik neurtu beharko dela etorkin berriek eta haien ondorengoek «zenbateko gaitasuna duten» boto emaile guztien multzoan eragiteko, eta «zenbateko interesa duten bozkatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.