Hego Euskal Herrian Alderdi Sozialista litzateke lehen indarra, Sigma Dos-en inkestaren arabera

EH Bilduk inoizko ordezkaritza handiena izango luke: zortzi guztira, Amaiurren zazpi eserlekuak gaindituta. EAJk kolpea hartuko luke eta talde parlamentariorik gabe geldituko litzateke, lau eserleku lortuta.

Andre bat botoa ematen gaur Portugaleten (Bizkaia). FOKU
Andre bat botoa ematen gaur Portugaleten (Bizkaia). FOKU
aitor biain
2026ko azaroaren 29a
20:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauteslekuak itxi ostean, EITBk argitaratu duen lehen inkestaren arabera Alderdi Sozialista litzateke lehen indarra Hego Euskal Herrian. Sozialistek bederatzi eserleku lortu lituzkete, duela hiru urte baino bi ordezkari gehiago. Bat edo bi ordezkari lor ditzake Araban; hiru, Bizkaian, eta bi Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, lehen indarra litzateke, bi eserleku lortuta.

Oso gertu izango luke, aldiz, EH Bildu: zortzi eserleku lor ditzake guztira, 2023an baino bi gehiago. Inoizko ordezkaritzarik handiena litzateke gainera, Amaiurren lortu zituen zazpi eserlekuak gainditu lituzkeelako. Ordezkari bat lortuko luke Araban; bi edo hiru, Bizkaian, beste hainbeste Gipuzkoan eta bakarra Nafarroan.

EAJ, aldiz, talde parlamentariorik gabe geratuko litzateke lehen aldiz: bi edo lau eserleku lor ditzake guztira Hego Euskal Herrian, Sigma Dos Etxeak egindako inkestaren arabera. Duela hiru urte bost eserleku lortu zituen alderdi jeltzaleak, baina dantzan legoke orduan Araban lortu zuen eserlekua. Bizkaian bat edo bi lor ditzake; eta bakarra Gipuzkoan.

Alderdi Popularrak, bestalde, lau eserleku lortu ditzake Hego Euskal Herrian. Bizkaian eta Araban lortuko lituzke horietako bi, eta beste bi Nafarroan, UPNrekin batera betiere. Are, Gipuzkoan ere ordezkaritza bat lortzeko aukera izango luke. 

Azkenik, lehen zundaketen arabera, Fronte Zabalak ez luke ordezkaritzarik lortuko. Bizkaian lortu zuen duela hiru urte, baina galdu egingo luke orain. 

Parte hartzeari dagokionez, nabarmen egin du gora. 18:00ak arteko datuen arabera, lurralde guztietan %15 baino gehiago egin du gora. Araban gehien (%19,35) eta Gipuzkoan gutxien (%16,10). Bizkaian eta Nafarroan ere %16aren bueltakoa izan da igoera. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA