Aire kutsadura Hego Euskal Herri osora zabalduta dago, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako mugak gainditzen ditu, Ekologistak Martxan-ek salatu duenez. Elkarteak aire kalitatearen inguruko txosten bat aurkeztu du gaur, Madrilen, Espainiako estatu mailako azterketa baten ondorioekin. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako datuak kezkagarriak direla adierazi du, nahiz eta kutsadura ez den iritsi COVID-19aren pandemia aurreko kontzentraziora. Talde ekologistaren arabera, Hego Euskal Herriko biztanle guztiek iaz arnastu zuten airea osasunerako kaltegarria izan zen, azken urteetan airearen kalitatea «nabarmen» hobetu den arren.
Aire kutsadurak osasunean duen eragina nabarmendu du elkarteak. Kutsadura atmosferikoak 1.650 heriotza eragin zituen 2022an, Europako Ingurumen Agentziaren esanetan —urteko heriotza guztien %5—. EB Europako Batasunak aire kalitatearen gaineko araudia gogortu zuen iazko urrian, eta gehienezko kutsadura mailak zorroztu zituen 2030. urterako. Muga horiek OMEk gomendatzen dituenak baino altuagoak dira. Hala ere, Ekologistak Martxan-en datuen arabera, Hego Euskal Herriko biztanleen erdiak baino gehiago bizi dira EBk ezarritako kutsadura muga hori gainditzen duten eremuetan —biztanleen %57,5—.
Txostenak neurtu dituen kutsatzaileen artean daude nitrogeno dioxidoa (NO2), partikula arnasgarriak (PM10) eta partikula finak (PM2,5). Aire kutsadura industria jarduera jakin batzuekin eta trafikoarekin lotu ditu azterketak. Horien presentzia kontzentratua dago hiri eremu batzuetan, baina elkarteak ohartarazi du kutsadura lurralde osora hedatzen dela, foku kutsatzaileenen isuriak ozono bihurtuta zabaltzen direlako.
Ozono mailari dagokionez, murrizketa nabarmena izan da. Osasuna babesteko balioa askoz ere gutxiagotan gainditu da 2012-2019 aldiko batezbestekoarekin konparatuta: %97 gutxiago Nafarroan eta %89 EAEn. Hala ere, neurketarako estazio guztiek gainditu zuten OMEk 2050erako ezarritako udako gida (metro kubikoko 60 mikrogramo). Kutsadura maila horrek apiriletik irailera bitartean iraun zuen.
Trafikoaren eragina
Datu kaskarragoak erakutsi dituzte nitrogeno dioxidoaren neurketek. Iruñean izan ziren emaitzarik txarrenak, «jasaten duen trafiko motordun gero eta handiagoaren ondorioz». NO2 mailak indarrean den kutsadura «muga zaharkitua» gainditu ez bazuen ere (40µg/m3), hiriburuko neurgailu guztiek gainditu zituzten OMEren muga (10 mikrogramo metro kubikoko). Felisa Munarriz plazakoak neurtu zuen kutsadura handiena: metro kubikoko 28 mikrogramoko kontzentrazioa urteko batezbestekoan. Hala, gainditu egin zuen OMEren gomendioa ez ezik baita EBren 2030erako helburua ere (20 mikrogramo metro kubikoko). Dena den, aurreko datuen aldean, jaitsiera bat izan da. Nafarroan, orokorrean, %23 apalagoa izan da NO2 maila 2012-2019 aldian baino. Berdin Iruñean ere.
Bilboko eta Donostiako datuak ere nabarmendu ditu txostenak. Bilbon, Mari Diaz Haroko kalean dagoen neurgailuak jaso zituen baliorik handienak: metro kubikoko 26 mikrogramo batez beste, urtean; OMEren gomendioen eta EBren 2030erako helburuen gainetik. Ekologistak Martxan-ek ohartarazi du kalea moldatu egin dela trafiko mugatuko korridore bihurtzeko, eta neurgailua dagoen tartean egin dela aldaketa horren lehen fasea. «Beraz, indarrean dagoen araudiaren eta airearen kalitateari buruzko Europako zuzentarau berriaren arabera, trafiko trinkoa duen beste bide batean kokatu beharko litzateke». Donostian, Easoko neurgailuak 22 mikrogramo jaso zuen metro kubikoko. Hark ere, OMEren gomendioa eta EBren 2030erako muga gainditu ditu.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, NO2 kontzentrazioak behera egin du, orokorrean. Batez beste, %37 murriztu da 2012-2019 aldiko datuen aldean. Proportzio horretan txikitu da, adibidez, Bilbon.
Beherakada izan da partikulen kontzentrazioan ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %15 inguruko jaitsiera izan da, orokorrean, baina neurgailu gehienek gainditu zituzten OMEren gehienezko kopuruak. Nafarroan ere muga horien gainetik egon ziren datuak, neurketak egin zituzten bi estazioetan —Iruñerrian eta Tuteran—. Horietan ere jaitsiera bat atzematen da —%15 partikula arnasgarrietan, eta %7 partikula finetan—.
Neurketak, zalantzan
Txostena eskuragarri izan dituen datuekin osatu du Ekologistak Martxan-ek, baina argi utzi du ez direla inolaz ere nahikoak. Partikulei dagokienez, premiazkotzat jo du kutsatzaile horien kontzentrazioa aztertzeko neurgailuak ezartzea Nafarroako eremu bakoitzean.
Bestalde, elkarteak uste du NO2 kontzentrazioa neurtzeko estazioak ez daudela ondo kokatuta. Talde ekologistak NO2 maila neurtzeko kanpaina egin du zenbait ikastetxeren inguruetan eta nabarmendu du estazio ofizialen ondoan jarri zituzten neurgailuek datu baxuagoak bildu zituztela Ekologistak Martxan-ek berak trafiko handiagoko guneetan jarri zituenek baino. Horrez gain, salatu du Eusko Jaurlaritzak neurgailu batzuk kendu dituela azken hamarkadan, Arrigorriagan, Portugaleten, Bilbon eta Getxon. «Horrek nabarmen ahuldu du kutsaduraren kontrola emisio foku garrantzitsuak dituen eremu horretan, Nerbioi beherean». Neurgailu horiek berriro martxan jartzeko eskatu dio Jaurlaritzari.